Mikel Elizegi, ganberroa telebistan eta bertatik at

Larunbat gau hartan, telebista piztu eta horrenbeste gustatzen zaidan saioa jarri nuen EITBn: Ordu Txikitan. Mikel Elizegi haurren paperean nola jartzen zen ikusi, eta haur haiek nagusi nola sentiarazten zituen konturatzeak zirrara eragin zidan. Programa hartan egotea gustuko izango nuen, baina gauza batzuetarako haur izateari utzi nionez aspaldi, nahi nituen beste batzuetarako ezin haur sentitu… Gauzak horrela, ahal izanez gero, Mikel Elizegiri elkarrizketa egingo niola otu zitzaidan. Handik eta hemendik berarekin harremanetan nola jarri saiatu nintzen aste oso batez, eta, azkenerako, elkarrizketa Ordu Txikitan programa grabatzen den platoan egiteko aukera eman zidaten.

Ezin sinetsi ibili nintzen ostiral hura iritsi zen arte. Miramonera autoan gerturatu ninduten, bidaia osoan zehar segundo erdi batean ere isilik egon gabe: kazetari bainintzan galderak behin eta berriz errepikatu nituen. EITBko grabazioak egiten diren tokira iritsi orduko, bertako langile batek elkarrizketa egin aurretik Goenkaleren grabazioak non egiten diren, beste saioetako platoak nolakoak diren… ezagutu ote nahi nituen galdetu zidan. Bitartean, Mikel nire elkarrizketarako makilatzen ari zen. 20 minutuz telebistako izar sentitu ostean, Ordu Txikitan grabatzen den platora eraman ninduen hango langile hark, haurrak esertzen diren tokian jesarri eta hantxe itxaron nion Mikeli. Maite? galdetu eta galderekin azkar hasteko eskatu zidan, bilera baitzuen segituan. Ikusle bezala geratzeko aukera ere eman zidan. Oso jator eta bere ganberro puntu horrekin erantzun zizkidan galdera guztiak.

Hainbat programatako aurkezlea izan zara eta telebista mundu honi euskaljakintzak tripak hustu nahi dizkio; horretarako, hautagai zara eta lehen galderari ekingo diogu. Sorginen Laratzean ezagutu zintugun eta orain Ordu Txikitan saioan zaitugu, nolatan telebista mundurako grina hori? Nik ez nekien telebistan, kamera aurrean, lan egin ala ez, kameren atzean lan egiten ikasi bainuen. Dena den, frogatxo bat egin zidaten, asko gustatzen baitzitzaidan farandula hau, eta hementxe nago. Garrantzitsuena zuk egiten duzunarekin disfrutatzea da, eta nik disfrutatu egiten dut.

Goizuetakoa zaitugu eta bertan ikasiko zenuen, euskaraz ala gaztelaniaz? Esaguzu gaztetan maisuekin izandako anekdotaren bat, Mikel. Bai, Goizuetakoa naiz dudarik gabe, peto-petoa, Maite. Han ikasi nuenean, Franco garaia zen (oso gaztea naiz, 38 urte) eta eskolan beti gaztelaniaz egiten genuen, batez ere, irakasleak euskaraz ez zekielako, baina gure artean beti euskaraz aritzen ginen. Maisuekin anekdotaren bat… Tira, esan dizudan bezala, irakasleek gaztelaniaz irakasten ziguten. Bazen Iruñeko irakasle bat, berarekin astean hiru egunetan izaten genuen klase. Bertara sartzen zen momentuan, parean genuen Juan Carlos erregearen argazkiari begirarazi eta¡Viva España! Alzad los brazos, hijos del pueblo español, que vuelve a resurgir” abesarazten zigun. Bai, Espainiako ereserkia abesten genuen, horrela zen.

mikel_elizegiHonetan guztian, hau da, zure karreran zehar jaso al duzu familiaren laguntzarik edota kritikak jaso dituzu gehiago? Familiari ezin diot eskatu kritikarik, kritika ona eman didate oraino. Gainera, egiten duzun guztia ondo dago beraientzat, gutxitan hitz egin didate telebistaren munduaz eta horrela behar du izan. Ohituta daudela iruditzen zait eta hori da garrantzitsuena.

Bueno konta iezadazu hitz gutxitan zer-nolakoa zen zure papera Sorginen Laratzean. Sorginen Laratzean nire papera edo helburua etxean, pantailaz bestalde, zegoen ikusle orok ”gaur Mikelek zer egingo ote du?” galdetzea zen; hots, telebista piztu eta aurkezle ganberro hark astero egiten zuena imajinatzea esango nuke, saioa ikusteko halako gogo bat piztearren, betiere.

Sorginen Laratza amaitu zenean, Oscar Terolek TVErako saio batean lan egiteko eskatu zizun. Zertan oinarritzen zen programa hura? Saio hura egungo politika, gizarte eta ekonomia munduko hainbat pertsonaia garrantzitsu elkarrizketatzean zetzan, noski, beti umore puntu horrekin. Ordu Txikitan programak dituen ezaugarriak antzekoak dira Made In China saio harekin alderatuta; halere, TVE zenez, beste nibel bat zegoen, altuagoa, noski.

Gaur egun, berriz, Ordu Txikitan saioan ikusi ahal zaitugu larunbat gauetan, baina okindegian ere lan egiten duzu. Grabazioren bat egitea tokatuz gero, okindegia itxi egiten al duzu? Ez, ez, ez. Nik goizeko seietatik eguerdiko ordu bietara egiten dut lan okindegian eta badakite ezin dudala goizez grabaziorik egin. Hori dela eta, ordu bietan atera eta segituan naiz hemen, Miramonen. Hori zeharo errespetatzen dute nire kideek. Lana, lana baita…

Gaur, ostirala, Miramonen gaude eta, nire elkarrizketaren ostean, Ordu Txikitan grabatzekoa zara. Azal iezaguzu zein den programaren xedea. Programaren xedea, nik esaten dudan bezala, programara etortzen zaizkigun zazpi gazte alubita hauek nagusi sentiaraztea da. Zenbaitetan, pertsonaia ospetsu bat izaten dugunean, galderak botatzen dizkiote edota alderantziz. Eurei galderak egiten zaizkienean zein-nolako erantzunak diren entzutea merezi du, askotan barruan duten beste pertsona hori ateratzen baitute.

Haurrekin aritzen zara, beraz. Gustuko al dituzu haurrak, Mikel? Seme-alabarik ba al duzu? Betidanik atsegin izan ditut haurrak, asko irakasten didatela iruditzen zait. Gehiago da, programa honetako kastinga egiteko aukera eman zidaten unean bertan eman nuen baiezkoa. Pazientzia handia behar da eta nik badut, bai etxean Enekorekin -nire semea-, eta baita saio honetan ere.

Programa behin edo beste ikusi dut. Utzi al duzu noizbait norbait hunkituta edo alde egin al du norbaitek haserre galdera konprometitu bat egin diozulako? Ez, haserre ez du inork alde egin; halere, konturatu izan naiz noizbait gonbidaturen bat, bere aurpegiarengatik, galdera baten aurrean ez dela eroso sentitu eta ”zer-nolako marroian sartu nauzun” bezalako zerbait pentsatu duela. Nire iritziz, gonbidatu ditugunetatik asko itzuliko ziren, seguru-seguru, berriro ere programara. Gu gonbidatuaren gaztetako momentuetara bidaiatzen saiatzen gara eta haurrek egiten dizkieten galderek asko laguntzen dute horretan, ia gehiengoa hunkiaraziz. Gaurkoan, Carlos Sastre izango dugu eta seguru-seguru esaten dizut emozionatu egingo dela, benetan esaten dizut.

Zein izan da programatik pasa diren pertsonetatik gustukoen izan duzuna? Asko izan dira, baina behin Abel Barriola etorri zen eta familia giroko elkarrizketa izan zen. Gidoitik atera nintzen eta dena beste kutsu batekoa geratu zen. Lasaitasun handiagoz solastu ginen. Hala eta guztiz ere, gonbidatu guztiak izan dira onak eta eurei esker ni ere oso ongi moldatu naiz nire lanean.

ordu_txikitanOrokorrean, jendeak programara joateko arazorik izaten al du, bestela esanda, ezezkorik jaso al duzu? Bai, ezezkoak jaso ditugu. Kontuan hartu behar da programan, gonbidatuei bere gaztaroaz galdetzen zaienean, galderak pertsonalak izaten direla eta zenbaitek ez du nahi izaten hori jendeari jakinaraztea. Baiezkoak ere asko jaso ditugu. Adibide bezala, nik zuri baiezkoa polita zarelako eman dizut (barreak). Dena den, ez dakit: batzuek gustuko izaten dute; beste batzuek, aldiz, ez. Nik, hala ere, ez dut gaizki hartzen gonbidatuek saiora etorri edo ez erabakitzen dutenean.

Amaitzen ari gara eta azken galdera hauek zintzotasun osoz erantzun behar dizkiguzu. Zure ustez, beste programaren batzuk kopiatu al dituzue? Baiezko bada erantzuna, zeinekin alderatuko zenituzke aurkezle izan zaren saioak? Ordu Txikitan kopia bat ez, baina programa honek Kataluniako eta Galiziako beste programa batzuen proiektuen oinarriak hartzen ditu.

Zein da zure telebistako saiorik gustukoena? Aurrera begira, gustukoen duzun programaren antzeko batean parte hartuko al zenuke? Gran Wyoming da dudarik gabe gehien gustatzen zaidan aurkezlea; ganberroa, bata eta bestearekin sartzen da, dibertigarria… Berak egun egiten duen El Intermedio kutsuko programaren bat egitea gustatuko litzaidake, inprobisazioa erabiliz irteten den horrelako bat…

Hemendik hamar urtera non ikusten duzu zure burua, Mikel? Hemendik hamar urtera nire burua jubilatuta ikusten dut. Baina ez dakit. Nik firmatuko nuke hementxe zurekin berriro egotearren, hori seinale ona izango da: zu kazetari eta ni aurkezle.

Azkenik, famatua zarenez, jendeak kalean gelditzea gustuko al duzu? Lehendabiziko gauza, ni ez naiz famatua, ezaguna baino ez naiz telebistan agertzen naizelako. Famatuak beste batzuk dira. Gauzak horrela, asko gustatzen zait jendeak kaletik geratzea, ez dizut gezurrik esango. Ganberro papera egiten nuenean, oihuka etortzen zitzaizkidan eta orain, berriz, haurrekin aritzen naizen momentutik, beste era bateko tratua dago eta polita da.

Elkarrizketarekin amaitu baino lehen, euskaljakintzari agur bat eskaintzeko eskatu nion eta, ondoren, argazki pare bat atera nituen berarekin. Bertan geratu nintzen, berak eskatu bezala, haurrak iritsi aurretiko grabazioak nola egiten dituzten ikusten eta gero, etxera beultatu behar nuela ohartuta, agur esan eta beste batean egongo ginela zin egin zidan. Etxera iritsi eta grabazioa ikusteari ekin nion. Horrenbeste desiratzen nuen hura lortzeaz gain, Mikel Elizegi kameraz bestalde zein gizon alaia eta ganberroa zen ikusi ahal izan nuen. Esperientzia guztiz desberdina!

,

5 Responses to Mikel Elizegi, ganberroa telebistan eta bertatik at

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.