Nahikoa da!

Marta Del CastilloAtzo bete ziren bi hilabete Marta del Castillo neska gazte sevillarra “desagertu” zenetik. Aldez aurretik, “desagertu” hitzarekin akabatu egin zutela esan nahi dudala adierazi nahi dut. Hala ere, “desagertu” hitza erabiltzera behartuta sentitzen naiz, aurkakoa frogatu arte gizaki oro errugabea omen da eta. Nire aburuz, aspaldi frogatu zen errugabetasun eza, baina gorpurik gabe ez ei dago hilketarik.

17 urteko neska gaztea. Agian, faktore horrek eragin du gehien bere adina dugunongan, nolabait esateko identifikatuta senti gaitezkeelako, gure gurasoak bere gurasoengandik gertu senti daitezkeen modu berean. Horregatik, samina albisteekin batera zabaltzen da eta, denbora aurrera joan ahala, etengabe areagotzen da ezinegona. Tamalez, denbora honetan guztian isuritako malkoek ez dute deus handirako balioko, ez baitute Marta berpiztuko, ezta “desagerrarazleei” ezer ordainaraziko ere.

Gazte sevillarraBadirudi, gainera, guztioi adarra jotzen dabiltzala errukirik, bururik, bihotzik eta dagoen ezer onik ez duten gizatxar horiek. Harrigarria da nola izan daitekeen zilegi halako ankerkeria bat baino gehiagoren artean burutu izana. Era berean mingarria, baina ulergarriagoa litzateke, apika, gizagaizto bakarra izatea horrelako zerbait egiteko gai. Hori gutxi balitz, guztiokin jolasean ari dira, eurak bezatzaileak eta gainontzekoak tximu inozoak bagina lez. Behin eta berriz aldatzen dituzte euren bertsioak egia ezkutatu eta haren arrasto denak korapilatuz. Jolasean dabiltza egiarekin; min har dezakete, ordea, eta horren zain nago. Ziur naiz sekula ez dutela pairatuko eragin duten dolu guztia. Nolanahi ere, ez dute gutxiagorik merezi.

Legearen babes ezak ere, zati txundigarria betetzen du gertakizun lazgarri honetan. Batetik, asteartean bertan lortu zuen hirugarren abokatua Martaren “ustezko hiltzaileak”. Nola da posible egiaren defendatzaile gisa ditugun abokatuetakoren bat “desagerrarazle” bati aurpegia ateratzen ausartzea? Ezin garbiago dago egia izan ezik, beste edozer esaten dutela euren “defendatuek”. Bestetik, gero eta sendoago hedatzen ari den sentimendua da “desagerrarazle” horiek kalera aterako direla helarazten duena.

Ezin da hori onartu. Ondorio horretara iritsi naiz kontu honen inguruan buruari bueltaka loak hartu ezinik igaro ditudan ordu guztietan. Nahikoa da!

, , ,

2 Responses to Nahikoa da!

  1. kabeledo 2009(e)ko martxoak 28 at 10:17 pm #

    “Desagerrarazleei”, Eztiznek deritzonak, ez dute kontzientziarik. Nola esan dezakete horrelako gauzak eta ondoren lo egin gauetan. Espero dut behintzat Martaren gorpua aurkitzea eta familiak pasatzen ari duena laster bukatzea, animo :-O

  2. amujika 2009(e)ko martxoak 31 at 8:01 am #

    Hau da daukagun “justizia”! ziur nago beste behin ere errugabeek soilik ordainduko dutela!

Utzi erantzuna

-->