Nisa Goiburu: gizatasuna koloreetan

Ordizia egungo artista honen hezieraren lekuko izan zen. Nisak txikitatik aurkitu zuen pintura adierazpen bide bezala, gizatasun eta naturaren arteko elkartasuna adierazteko bidea. Niri artearen benetako esanahia erakutsi dit elkarrizketa honen bitartez, begiak ireki dizkit eta pinturaren sakontasun konplexua ulertzen eta irakurtzen irakatsi dit. Tolosan kokaturiko bere estudioan izateko aukera izan nuen, eta nola ez, berarekin solasean aritzeko. Besterik gabe, hementxe duzue Nisa Goiburu solasean.

Nisaren obra batZerk bultzatu zintuen artea sortzera? Noiz?
Txiki-txikitatik gustuko izan ditut eskulanak, eta guk ezer jakin gabe gauza asko sortzen genituen. Niretzat eskolako ikasgai politena marrazketa zen, eta nire lagun baten ama artista izatearen zortea nuen. Lagun honekin lasterketak egiten nituen ea nork egingo marrazki bat bizkorrago. Gainera, mojek nire amari esan zioten ez nuela ikasketetarako balio, marrazteko baizik, eta nire ama garai hartarako oso irekia zenez, emakumeek sukaldean jarduteko baino gehiagorako balio zutela pentsatzen zuen eta, horren ondorioz, hamazortzi urte nituela Donostiara joaten hasi nintzen klaseetara.

Nondik lortzen duzu inspirazioa?
Niri beti gustatu zait natura, asko gainera, baina baita asko gustatzen zait gizatasun natura, pertsonen izakera eta jarrera. Nire lehenengo lanetan bi hauek lotu nituen koadroan islatuz. Nire helburua gizakiaren barnea eta kanpoa lotzea zen, baina biak oso ondo bereizten nituen, zer garen barrutik eta zer garen kanpotik. Beranduago, kanpokoa barrukoarekin nahasten hasi nintzen.

Nola definituko zenuke zure lana? Zein da zure lanaren alderdirik txarrena?
Tira, hori oso zaila da erantzuten, guk ez dugu gure lana definitzen. Alderdirik txarrena, duda barik, ekonomikoa; hau dena (bere obrak seinalatuz) ez da horren erraz saltzen. Gainera, erakustaldiak egiteko lokal egokiak aurkitu behar dira eta horretarako nahiko bizia izan behar da.

Nisarekin solasean

Pintura edo eskultura, zein duzu gustukoago? Zein da gehien praktikatzen duzuna?
Pintura askoz ere gehiago gustatzen zait eta, horren ondorioz, gehien praktikatzen dudana da. Eskultura pinturatik jaio zen. Nik gogo handia nuen eskultura praktikatzeko, eta zuk buruan daukazu sortu nahi duzula, baina askotan ez dakizu nola, ikusten ez baduzu ezin duzu egin. Nik esan dezaket “eskultura bat egin behar det”, baina ezin duzu edozer gauza egin, ideia burura etorri behar zaizu jarraian ideia hori gauzatzeko. Tolosan erakusketa bat antolatu nuen, erakusketa horretan azaldutako koadroak altxatu egin nituen hirugarren dimentsio bat emanez, horrela jaio ziren nire eskulturak.

Hemendik kanpo ere jarri dituzu zure lanak ikusgai, New Yorken, adibidez. Zure karrera profesionalean aurrerapauso bat kontsideratzen al duzu?
Estudioan ikusitako obra batPertsonalki aurrerapauso handia iruditzen zait. Momentu bat iritsi zen non ezin nituen Espainia mailan inon erakutsi nire artelanak eta lagun batek esan zidan ea nahi nuen berarekin bidaia bat egin, eta nik New York-era joan nahi nuenez, bertara joatea proposatu nion. Ados jarri eta abiatu ginen. Nik dossier bat besterik ez nuen eraman, eta lehenengo galeria itxuroso bat ikusi bezain pronto, sartu ginen dossierra erakustera. Ordu luze batez igaro zuten txostena begiztatzen eta, azkenik, zera esan ziguten: “Egia esango dizuet, koadroak oso onak dira, baina zona honetan arte hau ez dute gustuko eta ez da saltzen. Pintura honekin arrakasta izateko, Chelsea-ra joan beharko zinatekete”. Honen esperientziari amen eginez, Chelseara joan ginen eta, galeria topatzean, atean “cerrado por vacaciones” zioen oharra aurkitu genuen. Baina, azkenean, tirabira eta buruhauste ugari ondoren, lortu nuen nire artelanak ikusgai jartzea New Yorken.

Pinturan, zein estilo da gehien erabiltzen duzuna? Hauetatik zein da gehien gustatzen zaizuna?
Gehienbat oleoa lantzen dut nahiz eta paperean ere marrazki asko egin. Azken hau azkarragoa da eta ez da bestea bezain sakona. Koadroak mentalagoak dira; paperekoak, aldiz, zuzenean bihotzetik ateratakoak dira. Ezingo nuke hauetako batekin gelditu, artelan batean murgildurik zaudenean dena ematen baituzu buruan duzun ideia aurrera ateratzeko eta gorputza emateko. Denekin disfrutatzen da neurri berean.

Estresatuta sentitzen zarenean, arteak lasaitzen laguntzen al dizu?
Estudioko atetik sartu bezain laster, estresak alde batera uzten ditut. Estresatuta ez nagoenean, errazago pentsatzen dut nire artelanetan. Estresatuta banago, aldiz, ez daukat denborarik artean pentsatzeko. Baina, esan dudan bezala, atetik sartzean kanpoko dena ahazten dut. Azken finean, nik uste dut estresa baino gehiago nire barne sentimenduak espresatzen ditudala koadroetan, estresa azaleko zerbait besterik ez da.

Aurrera begira, ba al duzu inongo helbururik?
Lanean jarraitzea da nire helburu bakarra, esperimentatu eta arteaz gozatzen jarraitu.

Elkarrizketari amaiera emateko, eskerrak eman nahi nizkioke Nisari Jakintza ikastolako ikasle xume bati solasaldi paregabe bat eskaintzeagatik eta euskaljakintzarako artikulu bikain bat emateagatik.

3 Responses to Nisa Goiburu: gizatasuna koloreetan

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.