Noiz bukatuko da futbol zelaietako biolentzia?

boixosnoisTxikia nintzela, telebistan ikusten nituen futbol partidak. Batzuetan, izugarrizko borrokak izaten ziren futbol estadioetan; beste hainbatetan, ordea, partidua gelditu eta jokalari guztiak aldageletara joaten ziren. Nik zergatik joaten ziren galdetzen nion neure buruari. Orduan esaten zidan aitak jarraitzaile batzuek bengalak piztu eta beste jarraitzaileei bota zizkietela. Ni oraindik ez nintzen ohartzen zer ari zen gertatzen eta ez nion jaramon handiegirik egiten.

Baina urteak pasa ahala, Barça-Madrid bezalako derbietan, korner bakoitza atera behar zutenean, gauza pila botatzen zizkietela jokalariei ikusten nuen: mugikorretatik hasi eta kristalezko botiletaraino, txerri buru bat ere azaldu zen egun batean. Eta ez hori bakarrik, futbola pixka bat jarraitzen duen edonork daki nolakoak izaten diren Sevillako derbiak. Penagarria izaten da jarraitzaileak poliziak eskolta emanda sartzen ikustea. Eta zer esanik ez, zelai barruan gertatzen dena ikustatzea. Azkeneko gertakaria 2007ko martxoan gertatu zen, Sevillako entrenatzaileari botila bat bota zioten eta buruan jo. Partidua bertan behera gelditu eta entrenatzailea ospitalera eraman behar izan zuten estadio osoan pertsona batek egin zuen erokeriarengatik.

Eta ez dut hitz egiten hasi nahi Hego Amerikan gertatzen diren borrokez; izan ere, izugarrizko irudiak ikusi ohi baititugu horrelako partidu beroetan. Sekulakoa iruditzen zait futbola bezalako joko baten inguruan horrelako gorrotoak eta ezinikusiak sortzea. Eta zer esanik ez, futbol partida baten ondorioz hildakoak egotea. Noizbehinka entzuten dira hildakoak izan direla talde ezberdinetako jarraitzaileen liskarren ondorioz eta niri hori onartezina iruditzen zait, noski.

bengalakJadanik ahaztuta nuen horrelako gauzak gertatzen direla futbol zelaietan, azkenaldi honetan horrelako ezer gertatu den berririk ez baikenuen. Baina joan den irailaren 28an, oraindik futbolean ez dela biolentziarekin bukatu gogoraraziko zigun gertaera jazo zen. Espanyol eta Barçaren arteko derbia zen eta Montjuicen jokatzen zen. Esan beharra dago elkarte guztiek dutela jarraitzaile erradikalen taldeak eta hauek ez dira gutxiago. Gauzak horrela, halako batean, Barçako Boixos nois taldeko partaide batzuek dozena erdi bat bengala jaurti zituzten Espanyoleko jarraitzaileak zeuden lekura, bertan zeudenak arrisku bizian jarriz. Espanyoleko jarraitzaileak hori ikusirik, piztu egin ziren. Orduan, epaileak partidua eten zuen eta 10 minutu ondoren, berriro ekin zioten partidari. Bitartean, poliziak Boixos nois taldea inguratu zuen eta partida amaierara arte ez zen beste ezer pasatu.

Hurrengo egunetan, 5 pertsona atxilotu zituzten mossos d’esquadrakoek eta bengalak jaurtitzen ibili zirenak beraiek izan zirela baieztatu zuten. Oraindik ez da finkatu zein zigor jarriko zaien baina, isuna ordaintzeaz gain, futbol zelaietara ezin sartu geratuko dira denboraldi batean. Badirudi zigorrik gabe ez dugula batere jaramonik egiten.

Baina nahikoa al dira horrelako gaztiguak gertakizun itsusi hauek berriro gerta ez daitezen? Noiz amaituko da biolentzia futbolean edota amaituko ote da noizbait? Zer egin daiteke edota dezakegu horrelako gauzak berriro gerta ez daitezen? Zigor gogorragoak ipini?

,

6 Responses to Noiz bukatuko da futbol zelaietako biolentzia?

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.