Nola konpondu musikarien egoera?

AresLehengo batean, bateriako irakasleak disko berri bateko abesti bat aipatu zidan. Klasea amaitu bezain laster, etxera joan eta egin nuen lehenengo gauza logelako ordenagailua piztea izan zen. Ares klikatu eta bertan ipini nuen abestiaren izenburua, segundo gutxi barru irakaslearen aholkua entzuteko irrikaz. Zuek ez al dituzue maiz diskoak grabatzen edo abestiak jaisten? Nire ustez, galdera hau guztiz inozoa da, egun, denok egiten baitugu. Hainbatek pentsatuko du musika arriskuan jartzen dela horrelakoekin, baina benetan uste al duzue gaur egungo musikaren eta musikarien egoera kaxkarrak hemen duela jatorria? Azter dezagun auzia.

Alde batetik, disko originalak erostearen ohitura murriztuz doa. Izan ere, jendeak nahiago izaten du lagunak erositako diskoaren kopia bat egin edo Internet bidez jaitsi, dendara joan eta bertan erosi baino. Honen arrazoietako bat diskoen prezioen igoera dela esaten du jendeak. Bai, egia da prezioek gora egin dutela, baina hauek jaistea al da konponbidea? Nire ustez, musu-truk lor daitekeen gauza baten aurrean, edo ordaindu behar den beste baten aurrean, lehenengora joko dugu, dudarik gabe, gehienok.

Ildo beretik jarraituz, demagun diskoak erosten ditugula. Horrek musikarien egoera hobetzera eramango luke? jazzAdituek diotenez, erosten ditugun diskoetatik %0,5 baino ez dagokie musikariei, beste guztia diskoetxeetara doa. Beraz, dirudienez, disko originalak erostea ez da arazoaren konponbidea.

Honez gain, ez dut uste internet bidez jaitsitako musika kaltegarria denik musikariarentzat. Gaur egun, leku eta mota guztietako musikaz gozatzeko aukera ematen digu baliabide honek; bai gehien entzundako kantuez, eta baita oraindik ezezagunak zaizkigun abesti bitxiez ere. Gauzak horrela, oraindik ezezagunak diren taldeentzako lagungarria da internet bidez zabaltzea, euren musika ezagutzera emateko aukera baitute.

Arestian aipatu dudana errepikatuz, egungo musikaren eta musikarien egoerak hobera egiteko, ez dut uste disko originalak erostearen aukera dela egokiena, hauetatik ez baitute etekin nahikoa ateratzen euren sabelak betetzeko. Musikariak, hitzak dioen bezala, musika jotzetik bizi beharko luke; beraz, egoera honen konponbideetako bat kontzertuen mugimendua sustatzea da, musikariei zuzeneko kontzertuak ematetik bizi ahal izateko aukera emanez.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->