Non eta nola

Hamalau urte besterik ez zituen. Aurrez behin baino gehiagotan alde egin zuen etxetik eta, oraingo honetan ere, egun batzuetako ezinegonaren buruan azalduko zela uste zuen poliziak. Baina ez dira egun batzuk bakarrik izan, bi hilabete baizik. Eta ez da ezinegon hutsa izan, infernu hotz eta garratza baizik.

Urriaren 3an desagertu zen Madrilgo Prosperidad auzoko neska, bere mutil errumaniarrak elkarrekin ihes egiteko ideia eman ostean. Berak ez zekiena zen, ordea, ihesaldia baino kaiolatzea izango zela. Errumaniarrak Badajozeko etxe batean giltzapetu eta herriko bizilagunei -herriko zinegotzi-ohi bati eta bake-epaile bati, besteak beste- saldu zien gaua joan eta gaua etorri, 10-60 euroren trukean. Bi hilabeteko oinaze jasanezina izan zen gazteak jasan beharrekoa, abenduak 4ra arte ez baitzen askatua izan.

Neskatoaren mina alde batera utzita -zaila bada ere-, Berrian irakurri nuenean benetan deigarri gertatu zitzaidanari helduko diot. Herritarrei (neskaren prostituzioaz jakitun ziren ugari baitzeuden) bi hilabeteko epe horretan nolatan ezer esan ez zuten galdetzean, itxuraz “beste neska errumaniar bat” zirudiela izan zen jasotako erantzuna.

Beste neska errumaniar bat? Beste bat? Badirudi jendea gogoz kontra bahitu eta beste zenbaiten gose gaixobera asetzeko erabiltzeak gure ingurukoekin gertatzen denean bakarrik larritzen gaituela… Baina zer gertatzen da beste neska errumaniar guztiekin?

Espainian 400.000 emakume inguru esplotatzen ditu negozio honek -gehiago ez badira-, eta, lanbidea borondatez hautaturikoa izanez gero legez onarturikoa bada ere, horietako asko behartuak dira; gehiengoa inoiz beteko ez diren promesez limurturiko kanpotarrez osaturikoa izanik. Eta beste zenbait herrialderekin alderatuz, geurean arlo honek (ere) duen tabuaren itzalak ez du laguntzen arazo honen desagerpenean.

Erakunde ugari dira indarrez kontu honi aurre egin nahian dabiltzanak, baina badirudi ezer gutxi lortzen ari direla. Azken urteetako immigrazio masiboak eta helmuga herrialdeetan immigrante horiek lana aurkitzeko dituzten zailtasunek prostuzioaz gain beste irtenbiderik ez dutela uzten ditu neska asko eta asko: mundu ilun honetan sartu beharko dira, biziraungo badute. Honek -eta krisiak langabe utzi dituen pertsonen gorakadak- beraien burua saltzea beste irtenbiderik ez duten pertsonen kopuruaren gorakada ekarri du. Eta okerrena ageriko irtenbiderik ez dagoela da…

Nik, bitartean, ezingo dut burutik kentzea lortu munduan -Madrilgo neska desagertuaren senitartekoek azken bi hilabeteetan egin zuten antzera- Gabonak beraien alabak non eta nola dauden galdetuz igaro beharko dituzten milaka familia daudela.

, , , ,

6 Responses to Non eta nola

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.