Nor basatiago?

Nor basatiago?500 kilogramoko zezena, milaka pertsonez inguratua. Eskuan burdinazko lantza luze bat, erdiek hilketa helburu duen bidaia korrika egingo dute; besteek, aldiz, ongi prestatu eta apaindutako zaldietan. Guztiak suziriaren soinu zirraragarriaren esperoan. Batzuentzat festaren hasiera; zezenarentzat, ordea, bere azken bidaiarena. Hauxe da Valladolideko hego mendebaldean kokatua dagoen Tordesillaseko herrian, irailaren bigarren astean, urteak joan urteak etorri, Nuestra Señora Virgen de La Peña birjinaren omenean egiten den ikuskizuna: Toro de La Vega.

Goizeko hamaikak jo bezain laster ematen zaio hasiera festa lazgarri honi. Herritarrak herriko kale nagusian zehar jartzen dira, euren eskuetan burdinazko lantza bat dutela. Zezenak kale nagusia igarotzen du jendearen astrapala eta garrasien artean, non dagoen ezin jakinik. Ondoren, Duero ibaia zeharkatzen duen zubia pasatzen du, eta, azkenik, pinuz inguratutako basora ailegatzen da, horiek bere bizitzako azken minutuak izango direla jakin gabe. Suziriak zeruko bidea hartzen duen unetik aurrera, herritar guztiek beraien lantzaz zezena osorik zulatzea dute helburu bakarra, errekaz bestaldera iritsi artean. Une horretan, jomuga aldatu eta oraindik higuingarriagoa bilakatuko da: zezena ahal den azkarren akabatu. Animaliak bere bizia salbatzeko abagune bakarra izango du, udaletxearen eta errekaren arteko bidea zauririk gabe igarotzea…

Nola da posible gu denok bizi garen XXI. mende honetan, duela milaka urte ziren baino basatiago izatea? Eta hilketa bortitz hau “tradizio” hitzaren babesean aurrera ateratzea? Egoera petral eta penagarri baten aurrean aurkitzen garela diot. Nola liteke lau burugabeen apetarako animalia bat modu horretan torturatzea? Ez dut konprenitzen, benetan. Antza denez, erailearentzako sekulako ohorea da horrelako basakerian parte hartzea. Nire buruari egin dizkiodan galdera guztien artean, ondorengo hau gelditu zait biraka: nor basatiago?

Aipatu beharrean nago ekitaldi honen aurkako mugimenduek bizirik dirautela eta gero eta jende gehiagoren oniritzia dutela, zorionez. Hainbat manifestaldi antolatu izan da Valladolideko herri ezberdinetan, baita hiltzaileen kabi den Tordesillas herrian ere. Errealitatearen oihua munduko txoko guztietara ailegatzeko ordua iritsi delakoan nago, gizartearen aurrean ehunka urteetan ospatu den festa honen mamia zabaltzeko garaia. Hau hedatu ondoren, norberaren eskuetan egongo da gure bizitzako minutu gutxi batzuk gogoetarako erabili eta ondorioak ateratzea. Testuan igartzen den lez, nik nirea egin dut eta zuengan eragina izango duen esperantza dut: eman diezaiogun behin betiko hilobia “tradizio” higuingarri honi.

, , ,

17 Responses to Nor basatiago?

  1. Magic 2008(e)ko urriak 30 at 9:32 pm #

    Ummm…

    Tordesillasera joan beharrik ez dago gisa honetako astakeriak ikusteko. Oso urrutira joan gabe, Ordizian bertan, herriko festetan egiten diren zezenketak eta gainontzekoak zer dira bestela?

    Tolosa, Azpeitia, Donostia, Iruñea… asko dira Euskal Herritik irten gabe ikus daitezkeen espektakulo “kultural” horiek.

  2. arotegi 2008(e)ko urriak 31 at 2:46 pm #

    Ados nago. Horrelako astakeriei amaiera eman beharra dago. Hala ere, Mikelekin ados nago, ez baitago urruti joan beharrik. Dena den, oso gai interesgarria eta polemikoa da.

    Zorionak Ana!

  3. ... 2008(e)ko urriak 31 at 6:11 pm #

    Ordiziako festetetan ez dago zezenketarik… futbol-vaca eta vakillak egoteari zezenketa deitzen badiozu oker zaude.

    Eta hauek ez baleude, herriko festak ez ziren berdinak izango. Izan ere, zeinek ez du festetako arratsalde ona pasa futbol-vaca ikusten? Edota matutina goizeko vakillekin?

  4. irodriguez 2008(e)ko urriak 31 at 6:34 pm #

    Oso gai interesgarria benetan, azken asteotan entzun ditugun horietakoa.
    Ni zezenak horrela tratatzearen aurkakoa naiz. Baina, dena den, beti izan ditugu ekintza hauek gure artean. Eta pertsona bat hil denean bakarrik ageri dira honi buruzko berriak.
    Horrelakoak gertatzen direnean bakarrik erreakzionatu behar al dugu? Ez dut hala uste.
    Zorionak Ana, segi horrela!

  5. "amaestrantza" 2008(e)ko urriak 31 at 6:48 pm #

    jose tomas onena, hori bai artea.

  6. eagirresarobe 2008(e)ko urriak 31 at 9:33 pm #

    Espainolek beste behin ere euren zentzugabetasuna agerian uzten dute.Euren sinbolo da zezena eta ez zaie animalia horiek akabatzea baino ezer hoberik bururatzen.Espainolak diot, Euskal Herrian ere gertatu arren, espainiarrek inportaturiko beste gaitz iraingarri horietakoa delako. Hala ere, harritu egiten nau gai honek sortzen duen polemikak.Legearen babespean gauzaturiko torturak gertatzen diren lurralde batean, basakeriak eguneroko ogia baitirudi.

  7. Ana 2008(e)ko urriak 31 at 11:58 pm #

    Egia da bai, Euskal Herrian bertan gertaera honen antzeko ikuskizunak izaten direla, nik Tordesillasekoa aukeratu nuen, benetan deigarria iruditu zitzaidalako.

    Bestalde,… dioen bezela, gaur egun Ordiziako festetan ez da zenzenketarik izaten, baina urte batzuk atzera egiten badugu,nik behintzat gogoan dut “anexoan” benetako zezenketak egin zirela. Egun zorionez, aurreko garai hartako gertakizunak alde batera utziak daude.

    Besterik gabe, eskerrik asko iruzkinengatik!

  8. lmerino 2008(e)ko azaroak 1 at 1:10 pm #

    Basakeria hutsa da zezen gaixoei egiten zaizkien tortura horiek. Eta nire ustez horrelako festak debetu egin beharko ziren, horrelako tratu txarra guri ez zitzaigunez gustatzen, zezenek ere ez dute atsegintzat hartuko.

  9. Iñaki 2008(e)ko azaroak 1 at 4:45 pm #

    Lan bikaina, Anaaaaaaa!
    Zorionak! :-*

  10. aotegi 2008(e)ko azaroak 1 at 8:19 pm #

    Ba nik egia esan beste ikuspuntu batetik ikusten ditut zezenketak. Egia da zezenak izugarri sufritzen duela zezenketetan eta tordesillasko tradizio honetan ere. Baina nire ustez zezenketa eta horrelako tradizioengatik ez balitz, zezena galduta edo galtzeko zorian egongo zen, Euskal Herrian astoarekin gertatzen den bezala. Eta tamalgarria da zezena jaiotzen denetik horrelako hilketa batera kondenatuta egotea baina azken finean, hilketa horrengatik bizi da.

  11. magic 2008(e)ko azaroak 2 at 2:21 pm #

    eagirresarobe-rentzat:

    Aski da! Gure “akats” guztien errudunak ez dira espainiarrak. Nondik ateratzen duzu zezenketak Espainiatik inportatu ditugula?

    Gure kulturan, beste askotan gertatzen den bezala, oso errotuta dagoen tradizio bat da. Egia da Espainian dagoen tradizioa handiagoa dela eta horrek eragiten duela, baina hortik zuk atera duzun ondorio hori ateratzea…

    Gai honen inguruan, eta zezenketen jatorria ezagutu nahi baduzu, Wikipediako artikulu hau bisitatu http://es.wikipedia.org/wiki/Tauromaquia eta ikusiko duzu zein oker zauden.

    Euskaldunok ditugun akatsak onartzen ez baditugu (eta hori dugun akats handienetako bat da), nekez lortuko dugu aurrera egitea. Izan ere, hobetzeko lehen urratsa, okerrak identifikatzea baita. Oker horiek guztien erruduna Espainian bilatzen dugun bitartean, okerrak egiten segituko dugu.

  12. eagirresarobe 2008(e)ko azaroak 2 at 9:11 pm #

    “Magic”-entzat:
    Oso errespetagarria iruditzen zait zuri logikoa iruditzea herri baten sinboloa herritarrek eurek akabatzea, baita zezenketak zure “akats”-tzat hartzea ere.Nondik atera dudan zezenketak Espainiatik inportatu dituztela? Ba, begira zer erraza, zuk aipaturiko wikipediako artikuluan sartu eta hona zer ipintzen duen: “Su expresión más moderna y elaborada es la corrida de toros, un espectáculo que nació en España en el siglo XII”.Goitik behera irakurri dut artikulua eta agertzen diren toreatzaileen link guztietan egin dut klik euren jatorriaren bila.Ezetz asmatu zenbat euskaldun ageri diren?Eta ezetz asmatu zenbat espainiar?
    Amaitzeko, ziurtatu nahi dizut ez naizela nire akatsak besteenak direla esanez nire ipurdia agerian uzteko bezain ergela.Espero dut (zeure hobebeharrez), zerorri ere, besteen akatsak zeure gain hartzeko bezain ergela ez izatea.Bakoitzari berea!

  13. magic 2008(e)ko azaroak 3 at 12:52 am #

    Kaixo eagirresarobe:

    Zure amaierarekin hasiko naiz. Nik oso garbi daukat, euskaldunok, gainontzeko herriekin gertatzen den lez, akatsez eta bertutez beteta gaudela, baina “balones fuera” botatzearena ez nuen gure ezaugarrien artean ikusten. Horixe da, hain zuzen ere, zure idatzian ikusten dudana. Euskaldunok era guztietako animaliekin astakeriak egiteko ohitura izan dugu: ahariak, oilarrak, idiak, bigantxak… Kanpotik ezer inportatu beharrik ez dugu. Nahi dugunean, munduko astakirtenenak izaten oso ongi dakigu. Eta horrekin, errealitate bat aitortu besterik ez dut egiten. Niretzat, ergelkeria hori ez aitortzea litzateke.

    Nork aipatu du “Corrida de toros”?

    Zezenketa hitzaren esanahia ez da “corrida” horietara mugatzen eta nik Tauromakiarekin lotu nahi nuen. Izan ere, tauromakia “corridas de toros” baino askoz ere gehiago da eta gure Euskal Herrian oso errotuta dagoela bistan da eta sentitzen dut horrek zure euskalduntasunaren kontzeptua ukitzen badu. Baina horrela da.

    Noiztik da zezena Espainiako sinboloa? Espainiako sinbolo ofizialetan inon ez da agertzen (arrano beltza, ordea, bai).Harrigarria, ezta?

    Zezen hori Osborne etxeak bere “Veterano” izeneko brandy baten iragarki batetik (60. hamarkadaren hasierakoa) ateratakoa da eta, gauza askorekin gertatzen den bezala, asmo komertzialekin edo beste asmo zitalagoekin (batek daki) batzuek egundoko publizitatea eman diote. Batez ere, errepideetatik kentzeko agindua atera zenean (1994ean). Ikusten duzun bezala, sinbolo hori atzo gauekoa da eta esan dezakegu “El Corte INglés” edo “Tele5” bezalako etxeek bultzaturiko sinboloa dela. Besterik ez.

    Baina garrantzitsuena, artikulu honetan kritikatzen dena Tordesillasen egiten dutena da,eta ados nago horrekin. Gerrtatzen dena da Azpeitiako euskaldun peto-petoek San Inazioko jaietan egiten dutena berdin berdin kritikatzen dudala, baina ez dut uste espainiarrek azpeitiar horien burua janda daukatenik eta ez diet gure bizilagunen “akats” hori besteen bizkar jartzen. Hori, “balones fuera” botatzea litzateke eta ergelkeriarik handiena.

  14. amujika 2008(e)ko azaroak 3 at 10:23 pm #

    Asti gehiegirik ez dudanez, berandu samar, baina irakurri dut artikulua. Ni ere bat nator zurekin Ana. Basakeria galanta iruditzen zait. Horrez gain, oso ongi idatzia eta irakurtzeko oso artikulu atsegina egin zaidala aitortu beharrean naukazu. Zorionak!

  15. eagirresarobe 2008(e)ko azaroak 3 at 10:42 pm #

    Ezer baino lehen, eskerrik asko berorren denbora preziatutik parrafo horiek guztiak idazteko denbora hartu izanagatik. Berorikan mintzatuko natzaio; izan ere, Jainkoa ote den beldurrez igaro dut egun osoa eta ez nuke infernuan amaitu nahi.
    Behin hori argi utzita, egia da euskaldun batzuek apustuak eta astakeriak egin dituztela animaliekin, baina baita azienda seme-alabak baino hobeto zaindu ere.Hainbeste gauza ikusi eta ikasi dituen horrek ez al du behin ere halakorik ikusi?
    Berriz ere esango diot (lehenengoan irakurri ez zuela baitirudi), Euskal Herrian basakeria handiagoak pairatzera ohituago gaudela eta “sentitzen dut horrek zure bizilaguntasunaren kontzeptua ukitzen badu, baina horrela da”.
    Badaki zenbat inporta zaizkidan “ofizialkeriak”?Bost.Interesen baitan norbaiti sudurraren puntan ipinitakoa baino ez dute adierazten.Axola zait, ordea, herriak nola erabiltzen dituen ofizialkeri horiek eta ezin uka dezake (publizitatearen ondorio izan edo ez) espainiarrek harrotasun osoz ipintzen dituztela euren autoetan zezenen pegatinak eta horrelakoak.
    Azpeitiarrak kritikatzen ditu berorrek lotsa gutxirekin, baina burua erabiltzen badu, jabetuko da apeitiarrak ez direla zezen horiek akabatzera joaten direnak, espainiarrak baizik.
    Amaitzeko, berorren lekuan medikuarenerako txanda hartuko nuke “baloien” obsesio hori kutsakorra ote den jakiteko, barregarria bailitzateke bata besteari (besteen arudioak onartu nahi ez izanagatik) “balones fuera” botatzen dituela leporatzea.
    Uste dut, ezin diodala nire iritzia garbiago adierazi eta benetan uste badu euskaldunok sekulako basakeriak egiten ditugula animaliekin, horren aurka borrokatu, oso erraza baita hitz egitea.
    Dagoeneko, nik lortu dut toreatzaile izan zen nire aitonak (jatorriz espainiarra, a zer kasualitatea!) zezenketen aurkako jarrerak onartzea.Ea zer lortzen duen jaun txit agurgarri horrek!Zorterik onena opa diot!Agur!

  16. xzabala 2008(e)ko azaroak 6 at 10:50 pm #

    Izugarria da zezen gaixoekin egiten dutena artaburu talde bat entretenitzeko. Debekatua egon beharko luke.

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Berak ez luke egingo, zuk zergatik bai? - 2008(e)ko azaroak 27

    […] animalia sufritzen ari dela. Kasurik argiena zezenarena da, aurrekoan Anak garbi utzi zuen bezala (Nor basatiago?). Ondoren zaldiak dauzkagu, lasterketetan ibiltzen direnak. Horietako askok ere tratu txarrak […]

Utzi erantzuna

-->