Nor basatiago?

Nor basatiago?500 kilogramoko zezena, milaka pertsonez inguratua. Eskuan burdinazko lantza luze bat, erdiek hilketa helburu duen bidaia korrika egingo dute; besteek, aldiz, ongi prestatu eta apaindutako zaldietan. Guztiak suziriaren soinu zirraragarriaren esperoan. Batzuentzat festaren hasiera; zezenarentzat, ordea, bere azken bidaiarena. Hauxe da Valladolideko hego mendebaldean kokatua dagoen Tordesillaseko herrian, irailaren bigarren astean, urteak joan urteak etorri, Nuestra Señora Virgen de La Peña birjinaren omenean egiten den ikuskizuna: Toro de La Vega.

Goizeko hamaikak jo bezain laster ematen zaio hasiera festa lazgarri honi. Herritarrak herriko kale nagusian zehar jartzen dira, euren eskuetan burdinazko lantza bat dutela. Zezenak kale nagusia igarotzen du jendearen astrapala eta garrasien artean, non dagoen ezin jakinik. Ondoren, Duero ibaia zeharkatzen duen zubia pasatzen du, eta, azkenik, pinuz inguratutako basora ailegatzen da, horiek bere bizitzako azken minutuak izango direla jakin gabe. Suziriak zeruko bidea hartzen duen unetik aurrera, herritar guztiek beraien lantzaz zezena osorik zulatzea dute helburu bakarra, errekaz bestaldera iritsi artean. Une horretan, jomuga aldatu eta oraindik higuingarriagoa bilakatuko da: zezena ahal den azkarren akabatu. Animaliak bere bizia salbatzeko abagune bakarra izango du, udaletxearen eta errekaren arteko bidea zauririk gabe igarotzea…

Nola da posible gu denok bizi garen XXI. mende honetan, duela milaka urte ziren baino basatiago izatea? Eta hilketa bortitz hau “tradizio” hitzaren babesean aurrera ateratzea? Egoera petral eta penagarri baten aurrean aurkitzen garela diot. Nola liteke lau burugabeen apetarako animalia bat modu horretan torturatzea? Ez dut konprenitzen, benetan. Antza denez, erailearentzako sekulako ohorea da horrelako basakerian parte hartzea. Nire buruari egin dizkiodan galdera guztien artean, ondorengo hau gelditu zait biraka: nor basatiago?

Aipatu beharrean nago ekitaldi honen aurkako mugimenduek bizirik dirautela eta gero eta jende gehiagoren oniritzia dutela, zorionez. Hainbat manifestaldi antolatu izan da Valladolideko herri ezberdinetan, baita hiltzaileen kabi den Tordesillas herrian ere. Errealitatearen oihua munduko txoko guztietara ailegatzeko ordua iritsi delakoan nago, gizartearen aurrean ehunka urteetan ospatu den festa honen mamia zabaltzeko garaia. Hau hedatu ondoren, norberaren eskuetan egongo da gure bizitzako minutu gutxi batzuk gogoetarako erabili eta ondorioak ateratzea. Testuan igartzen den lez, nik nirea egin dut eta zuengan eragina izango duen esperantza dut: eman diezaiogun behin betiko hilobia “tradizio” higuingarri honi.

, , ,

17 Responses to Nor basatiago?

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.