Odolean neraman – JOAN MARI IRIGOIEN

irigoienEgia esan behar badut ez dut batere atsegin irakurtzea, eta Maitek liburu bat irakurri eta gero lantxo bat aurkeztu behar genuela esan zigunean ez zidan batere graziarik egin. Nik, gainera, ez nekien zer liburu aukeratu, eta atsedenaldi batean beste hainbat ikaslerekin liburutegira joan ginen ea zorterik bagenuen. Azkenean, Maitek gomendatu zidan liburu hau; nik futbolean jokatzen dudanez, atsegin izango nuela pentsatuz. Liburua erostera joan nintzen. Kostata, baina irakurri nuen azkenean liburua; berehala hasi nintzen lana prestatzen. Ez dut oraino aipatu, baina hautatutako liburua Irigoienen Odolean neraman da.

Joan Mari Irigoien Altzan (Gipuzkoa) jaio zen 1948. urtean. Gaztea zenean futbolean aritzen bazen ere, ingeniaritza ikasketak egin zituen; horrez gain, irakaskuntza eta itzulpengintza arloak jorratu ditu. Joan Mari Irigoienek olerkigintza eta nobelagintza generoak landu ditu; edonola ere, bi generoetatik nobelagintza izan da ospea ekarri diona idazleari. Bestalde, bere bizitzan zehar lan handia egin du, eta baita sari batzuk irabazi ere. Hauek dira, besteak beste, berak idatzi dituen obrak: Oilarraren promesa, 1973. urtean publikatua. Bi urte geroago, Hutsetik esperantza olerki bilduma kaleratzen du, Irun Hiria saria lortuz. 80. hamarkadan, hiru lan argitara ematen ditu: 1983. urtean, Poliedroaren Hostoak; 1987an, Udazkenaren balkoitik eta, hamarkada honi amaiera emateko, Euskadi saria lortzen du Babilonia nobelarekin, 1989. urtean. 1991. urtean, Denborak ez zuen nora olerki bilduma plazaratzen du eta urtebete geroago, Lur bat haratago nobela. Idazle benetan oparoa, azken urteetan argitaratzen jarraitu du, Ipuin batean bezala (2002, Elkar), Odolean neraman (2004, Elkar) eta Bestea da mundua (2008, Elkar) izan dira bere azken lanetako batzuk (egin klik hemen denak ikusteko).

Odolean neraman liburuaren generoa narratiboa da. Autoreak lehenengo pertsona erabiltzen du Eneko Ortega protagonistaren bizitzaren gorabeherak kontatzeko, eta nahiz eta ez dituen elkarrizketa gehiegi erabiltzen, badaude gutxi batzuk, aholkuak emateko garaian gehienbat. Nobela honek Eneko Ortegaren bizitza kontatzen digu. Honek ez du etxean giro ederra eta gerora futboleko izar handi bilakatuko da. Hala ere, denak ez dira gauza onak izango, eta hainbat biziotan eroriko da: drogak, neskak … Eneko Ortegari -gerora garrintxa euskalduna deituko diote- txikitatik datorkio futbolerako grina. Kaletik doala, lataren bat, harriren bat … edozer dela ere beti hasten da ostikoka. Gainera aita, ama eta amona futbolzale amorratuak ditu eta txiki-txikitatik futbolaren inguruan bizi izan da. Gurasoek taberna bat dute eta familia osoa ibiltzen da tabernan lanean, denentzako baitago. Aitak semea futbolean ikusten duenean, izar handi bat izatera iritsiko dela dio eta auzoko taldean, Herrerako Sportingen, jokatzen hasten denetik tabernako goiko egongelan deskantsatzen uzten dio. Liluratuta du aita, eta bera hasten da garrintxa euskaldun ezizenez deitzen semea.

Odolean neramanGauzak horrela, egun horietako batean, Gipuzkoako finalera iristen dira Sportingeko gazteak, eta Errealaren aurka jokatzea egokitzen zaie. Errealak izugarrizko taldea du eta ia ezinezkoa da irabaztea. Baina, orduan, Enekok izugarrizko partida egin, eta Sporting txapeldun geratzen da. Harrezkero, Enekok errealarekin fitxatu, eta denbora gutxian eskuin hegaleko jaun da jabe egiten da. Segituan ditu Espainiako talde mordo bat atzetik eta Bartzelonara joaten da. Bertan, zertxobait kostatzen zaio jokatzen hastea, baina azkenean Barçan ere ez du parekorik topatzen, eta bertan dela Espainiako selekzioak ere deitzen dio. Dena ez da polita, ordea, Enekorentzat. Emakume batekin ezkondu eta banandu ondoren, zulo batean erortzen da. Bere maila jaitsi egiten du, eta burua neskengan eta parrandan baino ez du. Azkenean, drogetan ere erortzen da. Nahiz eta pare bat aldiz drogak uztea lortu, berriro erortzen da, eta, azkenean, futbola utzi beharrean ikusten du bere burua. Hori gutxi balitz, Madrilgo prentsak ere ez dio batere laguntzen une gatazkatsu horietan. Azkenean, desintoksikatzeko zentro batean ingresatu, eta, bertan, gerora bere mutila izango dena ezagutzen du, Iker. Berarekin bizitzen jarriko da eta emazte ohiarekin izandako semea ere beraiekin izango dute.

Garbi geratu da, beraz, pertsonaia nagusiak, Eneko Ortegaz gain, bere familiartekoak direla: aita, ama eta amona Sinforosa. Ama eta aitaren artean ez dago harreman ona, eta horrek ez dio Enekori haurtzaroan gehiegi lagundu. Gainera, esan dezaket haurtzaro gogorra izan duela Enekok; izan ere, aita alkoholiko izatera iristen baita. Etsenpluarekin predikatu behar zela zioen eta, tabernaria zenez, noiznahi ardoa edan eta edan aritzen zen. Amona Sinforosak bakarrik egiten zion aurre.

Istorioa Eneko Ortegak narratzen du eta orojakilea da; izan ere bere pentsamenduez gain, aita eta beste hainbatenak ere badakizkielako. Gainera, esan dezaket Joan Marik idazkera sinple edo erraza erabili duela, eta alde horretatik ez dudala inongo arazorik izan idatzitakoa ulertzeko. Irakurtzeko grina oraindik eskuratu duen honek eskertu dio hori, behintzat.

Luze pentsatu ondoren, esan beharra daukat oso liburu atsegina egin zaidala. Gainera, niri irakurtzea kostatzen zaidanarekin, oso gustura irakurri dut eta uste dut garrantzitsuena hori dela, gustura irakurtzea. Hori gutxi balitz, aitortu beharrean nago gaia oso interesgarria egin zaidala, ez baitu futbola bakarrik ukitzen, futbolak inguruan dituen bizio eta abantailak ere presente baitaude liburuan. Futbola atsegin baduzue, gomendatu egingo nizueke liburu hau, seguruenik atsegin izango duzuelako, besteak beste, oso erraz eta gustura irakurtzen delako.

Gehiago jakiteko:

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->