Ongi etorri Erdi Aroko espainiar kulturara!

http://cronicadesociales.files.wordpress.com orrialdetik hartuaHona hemen, nire ustez, Espainian dagoen beste arazo larri bat: tauromakia. Bai, zezen jaialdiak kulturaren adierazgarri nagusi bihurtzen joan dira urteetan zehar, eta, gaur egun, sekulako garrantzia hartu dute hainbat probintziatan. Eta, egia esan, niri barregarria iruditzen zait oso leku batzuetan zezen hilketa hauen jaialdiei tradizio eta arte izena ematea. Animalia errugabe bat hiltzea kulturaren zati garrantzitsu bat izatea da herrialdearen zibilizazio mailaren erakusle. Eskerrak, ni bezala, gero eta jende gehiago dagoela sufrimendu eta laido higuingarri honen aurka borrokan, animalia gizajo hauen alde bakoitzak ahal duena ematen eta animalien tratu txarrekin amaitzeko esfortzu txiki bat egiten. Izan ere, badirudi jendea ez dela konturatzen oraindik, XXI. mende “zibilizatu” honetan, animalia baten tortura ez dela denborapasa bat, erailketa bat baizik. Ondorioz, eta animaliak maite ditugun pertsona guztion izenean, idazten dut artikulu hau.

Lehenik eta behin, animaliak izaki bizidunak direla azpimarratu nahi nuke. Ez dira ez objektuak, ez jostailuak, ez horrelako ezer. Baina badirudi hainbat lekutan jostailuak bailiran tratatzen dituztela, adibidez, zezen plazetan. Norbaitek imaginatzen al du zer-nolako beheramendu izan beharra daukan milaka pertsonen aurrean hainbat burugabek zurekin nahi dutena egitea? Izan ere, zezena plazara atera den orduko, hortxe dauka toreatzailea bera behin eta berriz mareatzeko prest. Behin, eta berriro, eta berriro, eta berriro… zezena poliki-poliki nekatu arte. Eta hori, gogoratu, milaka ikusleen aurrean, lehen esan bezala, jostailu bat izango balitz bezala. Eta nik zera galdetzen diot neure buruari: zergatik ez ditugu zezenaren eta toreatzailearen rolak elkarrekin aldatzen? Jar dezagun gizabanako guztiz ausart hori, atera ezin daitekeen zezen plaza batean, ezpata barik eta aske dagoen zezen batekin. Nor egongo litzateke sufritzen orduan? Bada, gezurra badirudi ere, sentsazio hori jasaten dute zezenek euren azken eguna iristen denean, umiliazio eta sufirmenduzko sentsazio latza, guk, gizakiok, kulturatzat hartzen duguna. Ulertezina benetan.

http://www.hoy.com.ec orrialdetik hartuaAurrekoarekin jarraituz, beste gauzatxo bat argudiatu nahi nuke. Izan ere, nire uste apalean, zezen bat ezpata batekin hiltzea ez da kultura jaialdi bat, erailketa bat baizik. Seguru nago “entretenimendu interesgarri” honen jarraitzaleak direnak orain esan berri dudan adierazpen honen aurka egongo direla eta, noski, ulergarria da; bai, guztiz normala baita animalia bat trapu zahar bat bezala erabiltzea eta gero, gainera, bizitza kentzea. Gainera, okerrena zera da: animaliak ikaragarri sufritzen duela hiltzen duten momentura arte. Batetik, pikatzaileak zaldi gainean lasai-lasai doazela animalia torturatzen hasten dira, euren lantzekin animalia zaurituz; bestetik, toreatzaileak zezen-ziri horietako sei bat sartzen dizkio bizkarrean eta festari bukaera emateko, ezpata bihotzeraino sartzen dio gupidarik gabe. Laburbilduz, zezena ordubete baino gehiago egon daiteke sufritzen eta zer egin ez dakielarik. Gero, gainera, toreatzaileak belarria mozten dio hilda dagoen ugaztunari, bere ausardiaren eta kuraiaren sinbolo gisa. Eta honen bitartean, jendea pozez zoratzen eta hiltzaileari txaloka. Hori bai, seguru nago beste edonork milaka pertsonen aurrean beste edozein animalia hilko balu, toreatzaileak zezena hil duen modu berean, kartzelara joango litzatekeela animalia bati tratu txarrak emateagatik. Hala ere, tauromakia kultura denez, animalia bat hiltzea ez da delitua, artea baizik. Nik ez dut, bada, ulertzen bi kasuen arteko desberdintasuna.

Azkenik, tauromakiako aurrerapen zibilizatu batzuk zoriondu nahi nituzke. Honen adibide dira, esaterako, Las Vegasen dauden zezen jaialdiak, odolik gabeko ekitaldiak antolatu baitituzte. Hau da, zezena toreatu eta gero, ez dute hilko, Espainian eta beste hainbat herrialdetan egiten den modura. Niri gaizki iruditzen zait animalia alde batetik bestera korrika ikustea jendearen entretenimendurako, lehen esan dudan bezala, umiliazioa besterik ez baitute jasaten, baina onartu beharra dago aurrerapauso garrantzitsua dela tauromakiaren munduan horrelako jarduerak prestatzea eta egitea. Jendeak ikus dezala bere kultura saio entretenigarria, bai, baina animaliarik hil gabe. Ez litzateke gaizki egongo Espainiako gobernuak Las Vegaseko tolerantziaren aldeko adibide garbi hori aztertzea eta, behintzat, praktikan jartzea, emaitza berdina izango ote den argitzeko. Tamalez, ez dirudi horrelako ezer gertatuko denik herrialde honetan, kulturaren zati garrantzitsu hau guztiz errotuta baitago.

http://4.bp.blogspot.com orrialdetik hartuaHau guztia laburbilduz, zera azpimarratu nahi nuke: animaliek guk bezainbeste eskubide dituzte bizitzeko, eta ez da posible XXI. mendean zezenak diren bezalako animalia errugabeak kultura adierazle diren argudioaz hiltzea, ez baitago eskubiderik animalia bati horrelako tratu txar eta bortitzak emateko. Saia gaitezen, beraz, denon artean zezen erailketa axolagabe horien aurka zerbait egiten, Katalunian egin berri duten bezala, gure semeen semeek ikus dezaten kultura hitzak ez duela bere baitan ez sufrimenduaren eta ezta umiliazioaren esanahirik ere.

Hona hemen tauromakiaren aurkako bideo interesgarri bat, zezenen sufrimendua betiko desager dadin:

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->