Opari bat zuretzat!

Abenduan sartzeaz batera, telebista piztu orduko biak, bai begiak eta baita belarriak ere, nekatzeko moduko iragarki piloen presentzia areagotuz doala konturatzen naiz. Hau gutxi balitz, kaleetan honezkero hasi dira gauak nola egunak apaintzen dituzten argi koloretsuz hornituriko dekorazioak. Laster izango dugu, duda izpirik gabe, EITBko urteroko Gabonetako iragarkia gure etxeetako pantailetan, urteroko tradizioari helduz! Nire aurreikuspen ukaezina: Gabonak bertan ditugu, ate joka.

Argiz apainduriko kaleak, kolorez jantziriko pinuak, eta opari mordoa hauen azpian gordeta haurren batek irekiko zain (ez da espero luzea izango hauxe, inondik ere). Nolanahi ere, ilargiak berak bezalaxe, Gabonek badute guztiok ikusten dugun baina ukatzen dugun aurpegia, hots, kontsumismoa.

Orain arte idatziriko lerroetan esandakoa nahikoa eta, apika, gehiegi da zabaldu nahi izan dudan mezuaz jabetu zaitezten, askotan hitz gutxi batzuk nahikoa baitira benetan adierazi nahi dena islatzeko. Ulertze onari, hitz gutxi, ez al da egia? Izan ere, oraingo honetan ene artikuluaren helburua ez da gai honen inguruko eztabaida sortzea besterik. Zertarako dagoeneko jakin badakizuena kontatu? Zuen iritzia baino ez dut nahi gaurkoan!

Azken batean, ziur nago guztiok ondo baino hobeto dakizuela kontsumismoa zer den, baduzuela Gabonetan ematen den kontsumo edo erosketa konpultsiboaren berri, alegia. Hau, jakina, hazi egin da azken urteotan Internet bidezko erosketaren ondorioz, esan beharrik ere ez dago.

Halere, kontua ez da ea benetan ongi iruditzen zaizuen urteko sasoi honetan ematen den bloke kontsumistaren ekintza, ea honen aurrean zuek nola jokatzen duzuen eta nola jokatu beharko zenuketen aitortzeko gai ote zareten baizik. Anima zaitez eta utzi zure iruzkina, konpartitu zure esperientzia euskaljakintzarekin. Prest egongo al zinateke kontsumismoari, zehazki Gabonetako kontsumismoari bizkarra emateko? Gabonetan erosteko behar kontrolaezinak hartzen al zaitu? Zer duzu esateko honen inguruan? Krisiak eraginik ba al du, benetan, gai honi dagokionez? Tik-tak, tik-tak…

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->