SUITZAKO JAK-A

     Tibertarrek jak izena eman zioten Calude Marthaler bizikletazale suitzarrari, ile oso luzea zuelako, hautsez beteta zebilelako, eta jak baten gisara mugitzen zelako, kulunkan. Marthalerrek zazpi urte eman zituen munduko bideetan barna, Europatik Asiara, handik Ameriketara, gero Afrikara, eta buelta.

     Claude Marthaler 1994ko martxoaren 12an abiatu zen, Suitzatik. Bere lehen asmoa Japoniara iristea zen. Bi urte geroago Sobiet Batasuna zenekoan bakarrik bidaiatu zutenen lehen europarretako bat izan zen. Urte hartako negu gorria Kirgiztar Errepublikan barrena eman zuen. Gero, Zetazko ibilbidea hartu zuen, hegoaldetik, Taklamakandik. Tibeteko goi ordokietatik ibili zen gero, eta, zenbaitzuetan, 5.000 metro baino gehiagoko mendateak igaro zituen.

     Japoniara iritsi zen, bai, baina ez zuen bidaia bukatutzat eman, eta Alaskara joan zen 1997an. Ozeano Artikoraino ibili zen, eta handik hegoalderantz, AEBetako mendateetatik eta Andeetatik. 1999ko martxoan, Ushuaiara iritsi zen. Baina orduan ere, ez zuen etxerako biderik zuzenena hartu, eta Afrikara joan zen. Hala, Lurmutur Hiritik iparraldera jo zuen. Gerra garaian, Kongo zeharkatu zuen, zailtasun handiz egin ere, eta Saharako basamortua Mauritaniatik igaro zuen. Azkenik, 2001eko ekainean, Suitzara iritsi zen. 122.000 kilometro. 60 herri. Lau kontinente. Zazpi urte.

     Zazpi urteko bidaian, jendeak gauza asko eman zizkion Marthalerri: janaria, ostatua, laguntasuna… “Eta jasotzen duzunaren zati txiki bat bertzerik ez duzu ematen” adierazten du berak. “Horregatik, zazpi urte bizikleta gainean eman eta gero, ezin duzu bakarrik kilometroez eta martxurez hitz egin. jendeari hitza eman behar zaio, munduko bizimodu oso desberdinen berri eman behar da”. Marthalerren ustez, munduaren aurpegi gogorra eman ohi da, baina berak aurpegi “atseginagoa” ikusi du, “pertsona arrunten eguneroko bizitza”. (Asier Azpilikueta).

Jak= Asiako mendietan bizi den bufaloaren antzeko abere handia.

Ordoki= lautada, zelai; menditsua ez dena

A) ULERMENA (2 puntu)

1. Marthalerrek non eta noiz hasi zuen bere bidaia eta non eta noiz bukatu?

2. Non egon zen Afrikara joan baino lehen?

3. Bere bidaia luzeetan nola garraiatzen zen eta non hartzen zuen ostatu?

4. Zer esan nahi du “jendeari hitza eman behar zaio” esaten duenean?

B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 5 lerro). (2 puntu)

C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengo lokailuetariko bat erabiliz: halere, halaber, ordea, beraz). (2 puntu)

1. Marthalerrek bufaloaren itxura zuen. Tibetarrek jak izena eman zioten.

2. Bizikletaz mugitzen zen. Lau kontinente zeharkatu zituen.

3. Alaskara joan zen. Lurmutur Hirira ere joan zen.

4. Jendeak gauza asko eman zizkion. Berak jendeari jaso zuenaren zati txiki bat baino ez zion eman.

D) IDAZLANA (25 lerro). (4 puntu)

Gaia: Bidaiak.

  • Zer iruditzen zaizu Marthalerren bidaia.
  • Zuri zer motako bidaiak gustatzen zaizkizu.
  • Nola prestatuko zenuke zure gustuko bidaia.
  • Zer egingo zenuke beharrezko finantziazioa lortzeko.

2004ko ekaina

Comments { 0 }

HOMO ECONOMICUS

     Homo economicus-a analisi ekonomikoan pertsonaia oso ezaguna da: guztiz arrazionala, berekoia, independentea, beti osasuntsua, inoiz ez gazteegia eta ezta zaharregia ere, merkatuan oso aktiboa. Eta kontuan edukita nola mugatu duen ekonomiak bere analisi esparrua, ezinezkoa zaigu beste itxurako aktorea imajinatzea. Baina, guk, behintzat, ez dugu horrelakorik ezagutzen eta, gutxienez, erakusten duen independentzia ez da egiazkoa. Denok, bizitzan zehar, askotan, besteen laguntza beharrean izaten gara. Nor egiten da gure kargu horrelakoetan? Gaur arte, besteak zaintzea gehienetan familiako emakumeen ardura izan da, eta lan hori isilik egin ohi dute, esker handirik jaso gabe. Jakina, emakumeen artean ezberdintasun handiak daude, eta nahikoa normala da errenta maila altuko emakumeak lan horiek beste emakume pobreagoei pasatzea, sarritan emakume inmigranteei.

     Zainketa lanak ez dira linealak izaten; bizitza zikloaren arabera aldatzen dira, eta denbora asko ematen dute tartean ume txikiak daudenean, gure inguruan ezbeharren bat gertatzen denean, senideak gaixotzean eta zahartzean. Bestalde, inkesten arabera, gizonezkoen partaidetza emakumeena baino askoz txikiagoa da, eta gainera, emakumeena baino linealagoa, hau da, bizitzan izandako aldaketek, ustekabekoek zein ohikoek, apenas aldatzen dute haien ardura. alde horretatik, gizonezko asko homo economicus-aren antzera portatzen dira; baina zertan geratuko lirateke gizon ekonomikoak, emakume zaintzaileak desagertuz gero? Ezerezean, berehala urtuko lirateke.

     Eta ez bakarrik gizon ekonomikoa: sistema guztia ere kolokan geratuko litzateke. ekonomia, merkatuaz bakarrik arduratzen da, produkzioaz, eta merkatutik kanpo egindako lanak, erreprodukzio lanak, etxekoak, ahaztu egiten ditu, eta balio ekonomikorik ematen ez dutenez, askotan, ezkutuan gelditzen dira.

     Seguru asko, ez genioke homo economicus-ari hainbesteko garrantzirik eman behar. Ez genuke inoiz begi-bistatik galdu behar azken helburua pertsonak hobeto bizitzea dela, ezin dela dena dirura mugatu. On egingo liguke begirada, tartean behin merkatutik kendu eta esfera pribatuan mugatuan ipintzeak. Munduaren itxura aldatuko liguke, eta, seguru asko, beste behar batzuk agerian geratuko lirateke. (Mertxe Larrañaga).

A) ULERMENA (2 puntu)

1. Homo economicus-a benetan al da hain dotore eta independientea? Zergatik?

2. Zer egiten dute sarritan emakume etorkinek?

3. Zer esan nahi da “zainketa lanak ez dira linealak” esaten denean?

4. Zergatik jarriko litzateke kolokan sistema guztia emakume zaintzaileak desagertuz gero?

B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 5 lerro). (2 puntu)

C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengo lokailuetariko bat erabiliz: nolanahi ere, hala ere, ondorioz, beraz). (2 puntu)

1. Ekonomia merkatuaz arduratzen da. Merkatutik kanpo egindako lanak ez ditu kontuan izaten.

2. Sistema ekonomikoa autonomo bezala azaltzen zaigu. nabarmena da erreprodukzio lanik gabe ez lukeela luzaro iraungo.

3. Inkesten arabera, emakumeek etxeko lanaren %75etik gora egiten dute. Gizonen partaidetza askoz txikiagoa da.

Bizitzan, noizbait, denok dugu besteen laguntzaren beharra. merezi du hori kontuan izatea

D) IDAZLANA (25/30 lerro). (4 puntu)

Gaia: Zaintza lanak eta ekonomia.

  • Ezagutzen dituzun zaintza lanak.
  • Zaintza lanen garrantzia.
  • Ordaindu gabeko zaintza lanek merkatuan duten eragina.
  • Egunero zertan ematen dugun denbora (lanean, joan-etorrietan, kiroletan, telebista ikusten eta kiroleta, lo egiten, norbera zaintzen, besteak zaintzen…)
  • Etorkizunean emango diren aldaketak.

2004ko uztaila

Comments { 0 }

IKAROREN AMETSA BETETZEN

Hegan egiteko gai da gizakia. Beno, laguntza txikiren bat beharrezkoa dugu, egia da, baina txorien alboan alde batetik bestera ibiltzeko kapaz gara! Egia esan, hegan egiteko era ugari dauzkagu: hegazkinak, helikopteroak, hegazkin ultra arinak…Baina horiek, azken finean, ortopediko samarrak dira, askotan autobus batean zoazen ez baituzu berezi ere egiten. Batez ere bidaia lo zoazela egiten baduzu, gehienok bezala. Hegaldiaren sentsazio biziena jausgailu, delta hego eta parapentearekin lortzen da, dudarik gabe.

Aipatutako hiru modalitateen artean badira aztzekotasun nabariak, baina beste gauza batzuetan ez dute zerikusirik. Hiruretan ia bizkar hutsean zoaz; ez duzu inguratzen zaituen kabina edo estrukturarik; horregatik, handiagoa da hegan egitearen irudipena. Baina hortik aurrera, zerikusi handirik ez dute. Jausgailuarekin hegazkin batetik egiten da jausi, eta hasieran erortzen ari zarela ematen du, ez hegan egiten ari zarela. Delta hegoarekin eta parapentearekin, aldiz, lurretik aireratzen zara, txorien moduan. Behin airean egonda, ordea, guztiz desberdinak dira biak. Delta hegoan etzanda bezala zoaz, eta parapentean erdi eserita, eta modu desberdinean erabiltzen dira biak. Delta hegoarekin, gainera, abiada handiagoa lortzen da parapentearekin baino; azken hau lasaiagoa da.

Parapentea praktikatzeko pazientzia handia behar da. izan ere, gerta daiteke mendi puntara ailegatu, eta ordu pare batez haizea aldatu edo indartu zain egon behar izatea, eta, ondoren, hegan egin gabe etxera itzuli behar izatea. Eguraldiak zerikusi handia du parapentearekin.

Aldiz, teknika ez da oso zaila. ikastaro bat eginez gero, laugarren egunerako zu bakarrik hasten zara hegan egiten. hori neurri batean arriskutsu samarra izan daiteke, konfiantza hartzen baituzu, eta orduan datoz sustoak. izan ere, zailena haize-lasterrei, haizearen norabideari eta abarri antzematen, aprobetxatzen eta kontrolatzen jakitea da, eta horretarako denbora gehiago behar da. (Batiste Ezeiza. BERRIA)

A) ULERMENA (2 puntu)

      1. Jausgailuarekin lurretik aireratzen al zara?
      2. Delta hegoa ala parapentea, zein da abiada handiagoa lortzen duena?
      3. Zergatik behar da pazientzia handia parapentea praktikatzeko?
      4. Erraza al da parapentea praktikatzea?

B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 8 lerro) (2 puntu)

C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengoetatik dagokiona aukeratuz: -(e)la, normalean, dena den, bait) (2 puntu)

      1. Ekipo oso batek 2.000 euro inguru balio ditu / Ekipoa aloka daiteke.
      2. Batistek esan digu/ “Pilotu autonomoa izateko azterketa egin behar da eta baimena atera.
      3. Nahikoa ibilbide zailak dira / Ez dira denak iristen helmugara.
      4. Giro ezin hobea eta solidarioa da parapentearen ingurukoa / BEti dago norbait zurekin joateko.

D) IDAZLANA (20 lerro) (4 puntu)

    Gaia: Ez esan ez duzunik inoiz amets egin txorien artean ibiltzearekin!
    Zuk zeuk asmaturiko gidoia jarraituz konta ezazu zure ametsa.

2005eko ekaina

Comments { 0 }
-->