Pedro Miguel Echenique: “Datozen garaiak zirraragarriak bezain zailak izango dira” (I)

Hasteko, mila esker tartetxo bat eskaintzeagatik; izan ere, jakin badakit eta oso lanpeturik zaudela eta izugarrizko zortea izan dudala aukera hau izatean. Nire aitak, zu elkarrizketatzeko asmoa nuela entzun zuenean, garbi utzi zidan hasieratik ez zinela ahuntzaren gauerdiko eztula. Etxera iritsi eta segituan azaldu nien ikastolan, Euskara ikasgaian, euskaljakintzarako elkarrizketa bat egin behar genuela, eta nik posta bat bidalia niola Pedro Miguel Echeniqueri. Hau entzutean, aitak barre egin zidan: “Baina nor uste duzu dela? Zientzialari oso ezaguna da, eta sari ugari irabazi ditu. Erantzungo dizula uste duzu?” Hurrengo egunean, korreoa ireki eta zure baiezkoa jaso nuenean, bizkor deitu nion berria emateko. Geroztik egunkarian azaldu zaren guztietan artikulua gorde du, Atom by Atom jardunaldietakoak esaterako…

Ez zinen egon? Oso interesgarria egon zen.

Ez , interneten ikusi nuen. Bada, esaiozu aitari ez naizela horren harroa (Pedro Miguelek irribarre egiten du).

Ea zer esaten duen aitak gero grabazioa erakusten diodanean… Ondo iruditzen bazaizu, elkarrizketari ekingo diogu. Aurten, selektibitatea dela eta etorkizunerako zer egin nahi dugun erabaki beharrean gaudela, ni oraindik nahiko nahastuta nabil. Zuk beti jakin izan duzu zer egin nahi zenuen? Ez, ez, niri bakoitzak gogoko duena egin behar duela iruditzen zait. Halere, beti ez dago argi eta probatu egin behar da; eta gustukoa duguna ondo eginez gero, gero eta gehiago gustatuko zaigu. Izan ere, errezeta onena nork bere interesei eta zaletasunei jarraitzea dela iruditzen zait. Batek hanka sartzen duela? Bada, ez dio axola. Garrantzitsuena batek garatzen duen heldutasuna eta zentzutasuna da. Zientziak beti izan ditut gustuko, erantzun zehatzak eskaintzen baitituzte: matematiketan eta abar ea ondo aritzen zaren jakin dezakezu. Dena den, literatura saioak, historia… ere gogoko nituen. Batxilergoan zenbait arlotan eroso nenbilen; beste batzuetan, berriz, ez hainbeste. Marrazketa edo musika, esate baterako, argi nuen ez nituela aukeratuko. Edonola ere, nire aburuz, gaizki egindakoa ere merezi du egitea. Gaur egun, gauzak nola dauden ikusita, lanbide etorkizun zabaleko bideak errazagoak izan daitezke. Pentsa dezagun, adibidez, zuri ingeniaritza edo hieroglifiko etruskoen lanketa, ez dakit zein urtetan, gustatzen zaizkizula. Bada, nik ingeniaritza gomendatuko nizuke, errazagoa izan daitekeelako lanpostua aurkitzea. Aldiz, zure pasioa hieroglifikoak badira, aurrera. Argi dagoena da, gaitasun eta zaletasun ugari edukiz gero, idealismoak ez diola zertan zentzutasunari kontra egin. Hala ere, zure gurasoek zentzutasun horiez bustiko zaituzte.

Aipatu berri duzun arazoarengatik, sarritan, ikasleak ez dira bultzatzen físika, kimika edo horrelako ikasketak burutzera. Zuk bide hauek jorratzera animatuko zenituzke? Bai. Nire iritziz, zientzietako ikasketek gero eta irtenbide eta garrantzi handiagoa izan behar dute. Bizi garen gizarte honetan, zati handi batean, zientzia eta teknologian oinarritzen gara. Hor dago zure kamera, adibidez, nik erabiltzen ez dakidana, onartu beharra daukat. Izan ere, zientzia aita batek bere alabari, nik zuri demagun, erakuts diezaiokeena da; teknologia, berriz, alaba batek aitari erakutsiko dio. Zientzia ikasgaiak aukeraketa egokia dira etorkizunerako, gizarteak zientzia kultura mailan hutsune bat sumatu behar duelako. Noski, letrazkoekin berdin gertatu behar da; beraz, nik beti animatuko nituzke, edo, behinik behin, ez nituzke atzera bultzatuko lana aurkitzearen beldurragatik. Esan beharra dago nire esperientziak lana aurkitzen dela frogatzen duela.

Hainbat kongresutan eta forutan ibilia zara zientzia zabaltzen. Gaurko gizartearen oinarria dela esango zenuke? Oinarrietako bat. Gure gizartea zientzia eta teknologian oinarritzen da. Gaur goizetik erabili duzun guztia -oso dotore etorri zarela ikusten baitut- lehorgailua, dutxa, mikrouhina, irakurri dituzun emailak…denak orain dela 100 urte imagina ere ezin genituen tresnak dira. Horrela, zientziak gure bizitza gizakizkoago bihurtu du. Bizi itxaropena bikoiztu egin da. Euskal emakume baten batez bestekoa XX. mende hasieran 40 urte ingurukoa izango zen; gaur egun, ordea, 80tik hurbil ibiliko da. Naturarekiko dependentzia izugarri murriztu da, hau da, lurrikara edo tifoi baten ondorioak oso desberdinak dira gaur egunean, nahiz eta oraindik ere ikaragarriak izan. Horrek ez du esan nahi denei iristen zaienik. Zientziak bizitza erosoagoa eskaintzen du, baina biztanleriaren erdiari soilik. 3000 milioi pertsona errealitate honetatik urrun daude, zertaz hitz egiten ari garen ere ez dakite, beraien errealitatea ur edangarria lortzea baita.

Asko entzuten dugu, irratian zein telebistan, Zinemaldiari buruz, adibidez. Zientzia proiektuak, ordea, ez dira hain entzunak. Zientzia behar bezala balioetsita dagoela uste duzu? Herritarrak zientzia errespetatu eta baloratzen duela iruditzen zait. Gizarte garatuetan egindako inkestetan, zientzilariak balorazioaren gailurrean daude… Halere, balorazio positibo hori ez zaio lotzen zientzaren ezagutza orokor bati. Jende arruntak ez daki. Zer da handiagoa atomoa ala elektroia? Bakteriak ala birusak? Kontinenteak mugimenduan daude? Zein mugitzen da zeinen inguruan, Lurra Eguzkiaren inguruan edo…? Jende askok ez dakizki erantzunak. Amerikarren %40k ez du Darwinen eboluzioaren teorian sinesten; beraz, errespetatu bai, baina ulertu gutxik. Gainera, zenbait kontzeptu ez dago argi zientzia diren ala ez. Ez da gauza bera meteorologia iragarpena edo tenporak, medikuntza zientifikoa edo omniopatia… Jendeak ez daki gauza bakoitzak daraman zientzia maila, ezta zientziaren ondorio sozialak edo ekonomikoak zeintzuk diren ere. Horregatik da zailagoa gizartera iristea zientzia Zinemaldia baino, hizkuntza kontua da azkenean. Film bat hasieratik izan dezakezu gustuko, nahiz eta teknikari edo profesional baten begiekin ez ikusi. Hau ez da gertatzen zientziak dituen hainbat teoriarekin; izan ere, hizkuntza maila berezi bat behar da ulertu ahal izateko, eta entrenamentu hori maiz aspergarri bilaka daiteke. Ingelesa hizkuntza ederra da, eta Shakespeare ziurrenik harrigarria da; halere, 6 urtez ingelesa ikasten “aspertzen” ez bazara, hori ezingo duzu mirestu. Zientzia arloan, hizkuntza ezagutza gradu hori sarritan matematikak dira, eta hauxe izan daiteke tranmisioa zailtzen duen faktore nagusia. Horregatik da berezki garrantzitsua arlo honen atzean dagoena ezagutzera ematera, arestian aipatutako “Atom by Atom” konferentzian bezala, edo laster, hurrengo urteko irailean zehazki, ospatuko dena, oraindik garrantzitsuagoa izango dena. Horregatik, lehen esan bezala, errazagoa da film bat ikustea, txikitatik ohituta baitzaude filmak ikustera. Ez da gauza bera gertatzen zientziarekin; jendea ez dago zientziara ohituta. Nire ustez, zientzian gauzak ondo eginez gero, erantzun masiboa dago, eta horren adierazgarri da esandako konferentzia hau. Bertan, inagurazio egunean, 700 pertsona inguru bildu ziren Kursaalean, eta 400 inguru alboko aretoetan bideoz ikusi ahal izateko, ez baitzegoen denentzako tokirik. Hori da egin behar dena.

Eta oraindik International Physic Center proiektua guztiz ezagutzen ez duten gazte horiei nola azalduko zenieke labur ideia eta bertan duzuen helburua? Bada, oso erraz. Zientziarentzat, sormenezko edozein ariketarentzat bezalaxe, ez dago errezeta edo metodo bakarra. Zientzia behar bezala erakusteko modu bakarra dago: ondo egiten duten horien ondoan egotea. Gauza bera gertatzen da igeriketarekin. Nola ikasten da igeri egiten? Bada, igeri eginez, eta ez ekintza honi buruzko liburuak irakurriz. Zientzia ez da irakurriz bakarriz ikasten, nahiz eta garrantzitsua izan, eginez eta hanka sartuz ikasten da, eta Donostia International Physic Center honek aukera hori ematen du. Nazioartera zabaltzeko aukera eskaintzen die EHUko goi-mailako taldeei. Kanpotik oso jende jantzia ekartzen du, eta atzerrira beste zenbait bidaltzen ditu hemendik. Horrela, nazioartekotasun bat sortzen da, zientzia azken batean.

Zer izan zen zailena proiektu hau aurrera ateratzeko bidean? Proiektu hau egoera eta abagune ezberdinen batura da. Hasteko, espainiar ikerketa sistemaren burokrazia handia da. Egitura malgua behar dugu, bide arruntak alde batera uzten dituena, baina, era berean, UPV-EHUk duen kalitatezko erdigune horrekin lotura duena. Gu, instituzio mailan, unibertsitateari zor diogu fideltasuna; baina, aldi berean, egitura administratibo ezberdina dugu, ia era pribatuan aritzea ahalbidetzen diguna. Garbiago ikusteko, hau ekimen instituzionala da, instituzio mailan sortutako ekimen estrategikoa. Horretaz gain, hainbat erakunde pribatuk diru-laguntza eman ziguten, ezeren truke eta askatasun osoa emanez. Zergatik hau guztia? Mementu bereziki egokia izan zen. Urte hartan Asturiasko Printzea Saria jaso nuen, eta baita Max Planck saria ere. Azken honetan, 250.000 marko alemaniar eskuratu nituen, proiekturen baterako edo bidaietarako…. Nik proiektu honetarako erabili nuen diru hura, eta horrek hainbat instituzioren erantzun positiboa ekarri zuen. Oso lagungarri suertatu zen hainbat laguntza gogoan dut: Nation Iberic, Josu Jon Imaz eta Ana Agirre industria-sailburuak, Odon Elorza, Donostiako alkatea, eta, zer esanik ez, Roman Sudupe. Azken honen laguntza ez zen mugatu proiektuaren finantziaziora, programa berezi bat ere sortu zuen, sekulako arrakasta izan zuena, Ceros Gipuzkoa. Proiektu honek hemendik kanpo urteak zeramatzaten hemengo punta-puntako ikertzaileak berriz ere bueltan ekartzea ahalbidetu du. Doktoretza egin ondoren, atzerrian, mundu osoko toki onenetan zeuden aditu ugari hona etortzeko aukera ematen du. Honela aditu hauei, bost urtez, eurek hautatutako sorkuntza eta ikerketa lanetan aritzeko aukera ematen zaie.

Egoera hauei guztiei etekina ateratzen jakin genuen, eta horrela sortu zen, orain dela 10 urte, proiektu hau. Zehatz-mehatz datorren urtean ospatuko dugu 10. urteurrena, eta, lehen esan dizudan bezala, ekitaldi handi batekin ospatuko dugu. Dena den, ezin dut gehiago aurreratu. Argi dago arrakasta aurreikusita genuena baino handiagoa izan dela.

Zientzia arloan, zentru baten eragina kalitatezko argitalpen eta jasotako erreferentzia edo aipamen kopuruan neurtzen da. IPCk, 10 urte hauetan, kalitate handiko 1.000 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, eta artikulu hauek, jada, punta-puntako 16.000 lanen aipamena jaso dute. Horrela, orokorrean, Euskal Herriko, eta bereziki Donostiako, enbaxadore bihurtzen gara mundu mailan.

Zientzia mundu mailako zerbait bezala hartzen duzu, eta argi dago gaur egun ingelesa dela hizkuntza unibertsala. Zure ustez, euskara eragozpen izan daiteke horrelako proiektuak aurrera eramateko garaian? Horixe ezetz! Niri asko gustatzen zait hemengo ikertzaile garrantzitsuenetakoak euskaraz eztabaidatzen, ideiak azaltzen… eta, ondoren, mundu osoko aldizkari ingelesetan idazten ikustea. Txema Pitarke, Nanoguneko zuzendari orokorra, ikustea besterik ez dago! Hortxe aritu zen “Atom by Atom” konferentziaren hasierako hitzaldian euskara bikainean, eta, ondoren, ingeles zoragarri batera pasatu zen. Bietan eroso asko jarduten da: bizitza euskaraz eramaten du; argitaratutako lanak, berriz, ingelesez. Hori ohikoa da gure taldean; lehen, aldiz, ez. Nik mirespen eta harrotasun handiz begiratzen ditut, eta baita bekaizkeria apur batekin ere; izan ere, nik ez dut nahiko nukeen euskara maila.

Euskararen ildotik jarraituz, 1982an, hezkuntza-sailburu izan zinenean, Euskararen Erabilpenaren Normalkuntzarako Legea bultzatu zenuen. Gure blogean, euskaljakintzan, artikuluak idatziz, elkarrizketa eginez eta abar, euskara ikasten eta zabaltzen saiatzen gara. Zer deritzozu ikasteko era berritzaile honi? Euskararentzat onuragarria izan daiteke? Euskara bizitza arrunta dagoen tokian egon behar da. Niri fisika nuklearrari buruz euskaraz idaztea ez zait lagungarria iruditzen. Zertarako? Aizkora bat ona da, esaten zuen Mitxelenak, zorroztuta badago, eta mozteko behar bada. Batek lehenengo mailako ikerketa bat egin eta euskaraz argitaratuz gero, nori egiten dio mesede? Inorri ez. Gure hizkuntza sail guztietarako balio duela frogatzea ez da beharrezkoa, denok dakigun zerbait da eta. Niri hartu-emanetan, atsedenetan, Kursaalean emandako hitzaldian… egotea gustatzen zait, horretarako baitaute itzulpenak. Itzultzaileen munduan bizi gara, Europa itzultzaileen jaioterria da. Garrantzitsuena euskara ohiko bizitzan egotea da, eta, gaur egun, alde horretatik blogak guztiz arruntak dira. Nik alaba gaztea eta gazteak orokorrean ikusten ditut. Nahiz eta nik hain ohiko ez izan, gaur egungo bizitzan txertatuta daude. Beraz, nire ustez, euskara bizitza dagoen tokian egon behar da, horrela biziko baita.

Hezkuntza, esate baterako, asko aldatu da zu hasi zinenetik, bai eduki aldetik eta baita metodologia aldetik ere. Zure ustez, hobera goaz? Zerbait aldatuko zenuke? Nik hori ez dut behar adina jarraitzen. Ni ez naiz negar batean iragana hobea zela errepikatzen duen horietakoa. Gure proiektuetan lanean aritzen diren ikertzaile gazteak ikusten ditudanean, adurra darit; bereziki jantzitako gazteak direla iruditzen zait. Beste batzuetan, ordea, “hauek ez dakite ezer” esateko gogoa izaten dudanean, gure aitak esaten zuen berbera dela errepikatzen diot nire buruari eta gogoari eusten diot, hori baita belaunaldi guztiek esaten dutena aurrekoarengandik. Hainbat gaitan gu baino hobeto prestaturik daudela iruditzen zait; halere, huts bat, edo zuzenago esanda, ezberdintasun bat duzue: komunikatzeko era. Nire ikasleek, adibidez, era ederragoan eta zehatzagoan idazteko zailtasunak dituzte; izan ere, askoz ere ohituagoak zaudete berehalako erantzunak ematera (posta, sms-ak…), eta ulergarriagoak diren moduak badaude (PowerPoint-ak…). Dena den, orokorrean esanda, hobeto prestaturik zaudetela iruditzen zait.

Pedro Miguel Echenique euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Euskaljakintza 5eko Laura Zabalak Pedro Miguel Echenique fisikariari egindako elkarrizketa.

, , ,

Trackbacks/Pingbacks

  1. Tweets that mention euskaljakintza» Blog Archive » Pedro Miguel Echenique: “Datozen garaiak zirraragarriak bezain zailak izango dira” (I) -- Topsy.com - 2010(e)ko abuztuak 6

    […] This post was mentioned on Twitter by Mikel Iturria and Maite Goñi, Donostia Kultura. Donostia Kultura said: Ordiziako @euskaljakintza-ko ikasleek Pedro Miguel Echeniqueri eginiko elkarrizketaren lehen zatia. http://bit.ly/cVAzqb […]

Utzi erantzuna

-->