Pedro Miguel Echenique: “Datozen garaiak zirraragarriak bezain zailak izango dira” (II)

Zientziara bueltatuz, zer pentsatzen duzu, Pedro Miguel, Espainiako Gobernuak zientzia eta ikerketarako azaldutako aurrekontu berriari buruz, zeinetan laguntzak %15 murrizten dituen? Hori, egia esan, ez dut oso ondo ulertzen, Zapaterok esandakoarekin ez baitator bat. Edozein modutan ere, kontuan hartzekoa da hasieran aurreikusten zen plangintzan, laguntzak oraindik are txikiagoak zirela; beraz, ikusten da Cristina Garmendia bezalako pertsonak lan handia egiten ari direla, eta eskertzekoa da. Ulertzen dut krisi garaian eskuzabalak izan behar dugula, eta zientzia, teknologia… bezain garrantzitsua gastu soziala dela. Ondo ezagutzen ez dudan aurrekontuaren zehaztasunetan sartu gabe, ez dut ulertzen zergatik ez den inbertitzen epe luzera onura ekarriko duten teknologia, zientzia, eta, batez ere, hezkuntzan. Hauetan zutabe sendoak eraikitzearen beharra ikusten dut.

Gaur egun, nanoteknologiarekin ari zara lanean. Urrunekoa edo ezezaguna izan daiteke kontzeptua. Eguneroko bizitzan zertan izan daiteke mesedegarri? 1900. urtean, Planckek “quantum”-ei buruzko -fisika kuantikoa- galderak egiten zizkionean bere buruari, ikastolan landuko zenutela imaginatzen dut, oso kontzeptu urruna zirudien; oraintxe zu horri esker ari zara grabazio hau egiten. Blogak ere egin ziren oinarrizko galdera horien ondorio dira. Teknologiaren zati handiena fisika kuantikoan oinarritzen da. Galdera hauen erantzunek baliatzen dituzte, adibidez, medikuen diagnosiak, eta horiei esker egin daitezke, besteak beste, erresonantzia magnetikoak. Ikerlarien grinak bultzaturiko galdera horietan oinarritzen dira medikuntza aldatu duten aurkikuntza garrantzitsuenetako asko; izan ere, hauek zientziaren alde praktikoa bilatzen baitute. Esaterako, elektroia Victoria erregina Ingalaterrako tronuan zen garaikoa da, autoak zaldiek gidatzen zituzten garaikoa, duela 110 urte ingurukoa. Gaur egun, elektronika, elektroia…bezalako kontzeptuek mundua aldatu dute. Beraz, ez dago teoria on bat baino ezer erabilgarriagorik.

Jakiunde erakundeari erreparatuz, oso eredu erakargarria dela ikus dezakegu: zientzia edo alor ezberdinetako profesionalak elkarturik elkarlanean aritzen dira. elkarlanean aritze hori utopia baino gehiago al da? Ez, Jakiunden ez dute denek elkarrekin lan egiten. Nor bere bere arloan oso trebea izanik, bildu eta jakintza bultzatzu eta esperientziak elkarbanatzen dituzte, baina nor bere departamentuan dagoela. Jakiunden iparraldekoak, iparamerikarrak, nafarrak, EAEkoak…daude. Jende harrigarria aukeratzen da arlo ezberdinetan, beraien konpetentzia profesionala eta teknikoa kontuan izanda, honek ez baitu politikarekin zerikusirik. Akademia bat da, beste herrialde batzuek duten bezalakoxea. Horrela, akademia hau ezagutzaren baloreak bultzatzeaz arduratzen da, bai arteetan, zientzietan, eta baita letretan ere. Gainera, horrelako taldeaz baliatuz, beharrezko masa kritikoa lortzera iristen denean, erreferentzia eta kontsulta organo bilakatu ahal izango da, bai erakunde publiko zein pribatuentzat, gizarteari interesatzen zaizkion arazoei buruz eztabaidatzeko. Jakintza-alor aniztasuna oso garrantzitsua da. Har dezagun nanoteknologiaren adibide bat, hots, burmuin inplante bat. Inplante batek fisika, kimika, biologia eta medikuntza alorrak jorratzen dituenez guztiz teknikoa iruditu arren, arazo etikoak ere sor ditzake. Horregatik behar ditugu jakintza-alor ezberdinetako pertsonak, horrelakoek ekar ditzaketen arazo etikoei buruzko hausnarketa sakona egin dezaten.

Asturiasko Printze Saria jaso ondoren (1998-10-23)
Irudia: Pedro Miguel Echenique

Ni oso pozik nago, baina kontuan izan behar dugu “Royal Society Academy” ezberdinetako historia milaka urteetan neurtzen dela, eta gu hasiberriak garela. Hemendik 30-40 urte barru ikusiko da honen garrantzia. Ni ez naiz jada egongo, baina zu bezalako ikasle azkar batek Akademiaren zuzendariari proiektu guztiaren ideiaren sorrerarei buruz galdetuko dio. Eta nahiz eta orain gauza gutxi egiten ari garela iruditu, gauza asko egiteko era eraikitzen ari gara: egitura juridikoa, aurrekontu egitura… Horrek denbora behar du. Beraz, motel joango gara, ez baititugu epe motzeko helbururik.

Etikari buruz hitz egitean, telebistan eta hainbat komunikabidetan enbrioien aukeraketari buruz entzun dugu behin eta berriz. Laster gure umeen begi kolorea… erabakitzeko gai izango gara. Zientzia modu kaltegarrian, beldurra ematera iritsi arte, erabil dezakegula uste duzu? Hori zientziaren dualtasunaren betiko gatazka da. Laimbnitzek esaten zuen zientziaren ezagutzaren arloko aurrerabide guztiek zekartzatela mehatxu bat: aitzurra edo ezpata. Nork esango zion Einsteni bera hainbeste arduratu zuen denbora eta espazioaren arteko aldiberekotasunak, denborak aurrera egin ahala, Hiroshiman buka zezakeenik? Edo teoria hori, puntu zehatz batera eramanda, GPSetan topatuko genuenik? Esan bezala, zientzia alorreko aurrerapen guztiek bi alderdiak dituzte. Zientziaren erabilpen horren erabakia gizarteari dagokio, ez bakarrik zientzialariei. Argi dago hainbat kalte ezin direla aurreikusi, baina beste batzuk bai. Debekaturik egon beharko litzateke hilkorrak suerta daitezkeen birusei buruz aztertzea; halere, beste lanketa batean ari zarela, horrekin topo egin eta aurkikuntza hori gerra biologikorako erabiltzea, adibidez, saihestezina gerta daiteke… Kalkulu infinitesimalak, esate baterako, ideia abstraktua dirudi; hori gabe, baina, ezingo litzateke bonbardaketarik egin. Gauza bat izan behar dugu kontuan, dena den. Lehenengo aldiz historian, zientziak eta teknologiak gizakion eskuetan erabateko suntsiketa jarri du. Halaber, kode genetikoan eragindako aldaketa guztiak ondorengo belaunaldietara iristea ahalbidetzen du… Datozen garaiak zirraragarriak izango dira, baina baita zailak ere!

Bai, gure amonak esaten duen bezala, beldurra ematen du… Bukatu da erabateko ziurtasuna etikari dagokionez. Zalantzazko egoera batean bizitzera behartuta gaude. Zer esaten du zure amonak, bada?

“Guk denetik ikusi behar izan dugu: gizonezko bat haurdun…” Gizonezko bat haurdun?

Bai, telebistan behin baino gehiagotan azaldu zen garai batean… A, bueno…

Amonak esaten du: “Denetarik ikustea tokatuko zaizue… Ni, zorionez alde batetik, ez naiz hemen egongo…” Bada, horrelaxe da. Izan daiteke zure amonaren gurasoek eta zure amonak ikusitako gauzak oso antzekoak izatea; halere, zuk ikusitakoak -eta ikusiko dituzunak- amonak ikusitakoekin alderatuz, jauzi handia egongo da. Halere, zu ez zara konturatuko. Galdetu iezaiozu amonari berrikuntza guztietatik zein izan den gehien harritu duena. Nik maiz galdetzen diot neure buruari: zer izango litzatekeen nire aitatxiak gehien harritzeko moduko aurkikuntza. Biak Nafarroako herri txikietakoak dira, eta uste dut, menditik paseatzean, Kaliforniako lagun edo senide batekin hitz egin ahal izatea sekulakoa izango litzateke beraientzat, ilargiratzea baino gehiago. Galdetu iezaiozu orduan, mobila agian? Erabiltzen al du?

Bai, badauka bat! Interneta, mobila…dena du gustuko. Bueno, orduan oso modernoa duzu amona. Interneta? Hori bai dela izugarria! Nik esponentziala deritzodan garai batean bizi gara. 2006. urtean, hilero Googlen 2.700 milioi kontsulta inguru zeudela uste dut. Iaz, 32.000 milioi inguru. A ze aldea azken bi urte hauetan! Garai esponentzialak dira. Azken batean hau da mezu garrantzitsuena, jende askok esaten duena baina gutxik aplikatzen dutena: garrantzitsuena ez da dugun ezagutza kantitatea, pertsonak baizik. Horregatik hezkuntza sistema, pertsonen heziketa, sormena…da benetan balio duena. Serioski hartu beharreko kontua da, hori izango baita herrialdeen arteko ezberdintasun lehiakorra.

Sir John Pendry, Prof. Txema Pitarke y P.M. Echenique. 2005
Irudia: Pedro Miguel Echenique

Orduan, zure ustez, hainbatetan aipatzen diren zero kontaminazioa edo organu artifizialen transplanteak, esaterako, etorkizunean posible izango dira? Nik hala uste dut. Halere, ez da uste kontua. Aurreko batean, nire aitak -medikua zen- tratatu zuen gizon batekin hitz egin nuen. Diagnostikoa garaiz egin zion aitak eta bihotzeko ebakuntza egitea posible izan zuen. Garai hartan hasiko ziren horrelako ebakuntzak, aurretik ez baitzegoen beharrezkoa zen tresneria. Berak nire aitak esandako hitz batzuk errepikatu zizkidan: “Hau orain dela 10 urte gertatu izan balitzaizu, gurpil-aulki batean egotera behartuta egongo zinatekeen”. Teknologia erabat aldatu da. Gaur egun, bihotzeko arterian duzun eragozpen bat garaiz harrapaztuz gero, onik atra zaitezke. Etorkizunean, seguraski, gizakion bizitza luzatzea posible izango da. Aukera ugari zabaldu behar zaizkigu, baita hauekin batera arazoak ere. XX. mendeak ondorengo hiru hitzak ditu ezaugarri: atomo (materia), gen (bizitza) eta vito (konplexutasuna). XXI. mendean, horiei beste bi hauek gehitu behar zaizkie: ekologia eta neurologia. Azken hau mende honen erronka nagusienetako bat da.

Asturiasko Printze saria (1998), Max Planck eta horrelako errekonozimenduak lagungarriak izaten dira aurrera jarraitu ahal izateko? Asturiasko Printze saria jaso nuenean, esan nuen ez nuela kontsideratzen nire bizitza profesionalaren gailurra, gauza berriak egiteko modua baizik. Eta hementxe dago Donostia International Physics Center, nik ere sortzen lagundu dudana, edo Nanogune, Txema Pitarke eta jende izugarriaren laguntzarekin sortua. Sariak garrantzitsuak dira, alde batetik, egin duzuna defendatzen laguntzen dizutelako eta, bestetik, haien eraginari esker, beste proiektu batzuk aurkezteko aukera duzulako.

Bada, hauxe izan da dena. Mila esker eskainitako tarteagatik.

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->