PERPAUS ELKARTUAK

Informazio hau guztia Hiru.com-etik aterata dago.

PERPAUS ELKARTUAK

Perpaus bakunak konbinatu egin daitezke, perpaus elkartuak osatuz.
Perpausak elkartzeko hiru bide ditugu: alborakuntza, juntadura eta
menderakuntza
.

Perpaus bakunak eta elkartuak testu osoak eratzeko konbinatzen diren
heinean, elkarketa desberdinak aurki daitezke ere, bai izaera
semantikodunak eta baita jite testualekoak ere (lokailuen edo marka
testualen sartzea). Niri ez zait gustatu. Joni, ordea,
izugarri gustatu zaio
.

  • Alborakuntza perpausak
    inolako loturarik gabe kateaturik egotea da: Koldo bulegora joan
    da; ni etxean geratu naiz
    .
  • Juntadura maila
    gramatikala bereko perpausak elkartzean datza baina; perpaus bakoitzak
    bere autonomia mantentzen du. Perpausa mota hauek loturazko juntagailu
    edo lokuzioen bidez elkartzen dira: Koldo bulegora joan da eta
    ni etxean geratu naiz
    .
  • Menderakuntza perpaus bat
    beste batean txertatzean datza; beraz, perpaus nagusia eta mendekoa
    izango ditugu. Menderakuntzan menderagailuak ditugu perpausak lotzeko,
    hau da, atzizkiak: Anak umea gaixorik dagoela
    esan du
    .

Alborakuntza

Alborakuntza, elkartzen diren osagaiak elkarren ondoan jartzean
datza, inolako loturarik gabe baina beren arteko lotura semantikoa
izanik. Bi alborakuntza mota bereizten dira:

  • Alborakuntza hutsa: Ni ohera noa; oso
    nekatuta nago
    .
  • Errepikapen bidezko alborakuntza: osagai bietan
    egitura bera edo nolabaiteko lotura daukaten osagaiak errepikatuz
    gauzatzen dena. Emendiozko alborakuntza: Ez du
    lanik egiten, ez besteei uzten
    .

Juntadura

Juntadura maila bereko perpausak elkartzean datza. Juntadura normala
juntagailuen bitartez bideratzen da. Juntagailuak hitz solteak dira (eta,
baina, baizik
…), eta juntatzen dituzten osagaien artean kokatu
ohi dira. Bestalde, juntagailuak, lokailuak ez bezala, ezin dira
metatu: nekez ikusiko ditugu juntagailu bi elkarren segidan.

Emendiozko juntagailuak

Emendiozko juntagailuek, maila bereko osagaiak lotzen dituzte, baina
osagaiak gehituz edo batuz. Emendiozko juntadura normalean eta juntagailuaren bidez gauzatzen
da.

Formari dagokionez, euskara batuan eta juntagailua osorik
idatzi behar da, ta eta da laburdurak ahozko
hizkuntzarako utziz. Kokaguneari dagokionez, eta azken
juntagaiaren aurrean jartzen da, salbuespenak salbuespen.

Eta juntagailua erabiliz gero, emaitza, aditzari
dagokionez, plurala da. Ezagunak diren osagaiak ezaba daitezke; hala
ere, batzuetan anbiguotasuna sortzeko arriskua dago.

Juntagailu hautakariak

Juntagailu hautakariak bi juntagai edo gehiagoren arteko
aukera edo hautaketa adierazteko erabiltzen ditugu. Juntagailu
hautakari erabilienak honako hauek dira: edo, edota, ala, nahi(z)
eta zein.

  • Edo: maila guztietako osagaiak elkar
    ditzake; oro har, adierazpen perpausetan agertzen da. Edo juntagailuarekin aditza beti
    singularrean jarri behar da, salbuespenak salbuespen.
  • Edota: (edo+eta): Edo juntagailuaren parekoa da.
    Edonon erabil daiteke, sinonimo eta zenbatzaileen artean izan ezik.
  • Ala: maila guztietako osagaiak batzen
    ditu. Galde perpausetan eta zehar galderetan agertzen da, maizenik. Oro
    har, kontrako aukerak adierazten ditu, eta normalean, aditza
    singularrean jarri behar da, nahiz eta batzuetan pluralean azaldu.
  • Nahiz / zein: Perpausak baino atal
    txikiagoak batzen ditu. Gehienetan orobatasuna adierazten du, hau da,
    hiztunari berdin zaio bata ala bestea.

Juntagailu aurkariak

Juntagailu aurkariak bi osagairen arteko aurkaritza adierazteko
erabiltzen dira. Bi aurkaritza mota ditugu, aski desberdinak:

  • Baina motakoak: Juntagailua hau ez da
    erabateko aurkaritza. Era guztietako perpausak batzen ditu, eta osagai
    komunak ezaba daitezke bigarren juntagaian: Ez da merkea, baina polita da.
  • Baizik eta motakoak: Lehenengo
    juntagaia ezezkoa da, eta bigarrenak ezeztapen hori baieztatzen du: Ez da merkea, garestia baizik.

Hainbat juntagailu daude, euskalkien arabera: baizik, baino, ezpada,
baina…. Iparraldean, normalean, baina erabiltzen dute zentzu honetan.

Perpausak elkartzeko bidea. Menderakuntza

Batzuetan, perpaus bat beste baten barruan txertatzen dugu
menderagailuez baliatuz. Horrelakoetan menderakuntza erabiltzen ari
gara.

Juntagailuen aldean hainbat ezaugarri berezi dituzte menderagailuek:

  • Juntagailuak hitz solteak dira, eta menderagailuak, berriz,
    atzizkiak.
  • Juntaduran, maila bereko perpausak elkartzen dira;
    menderakuntzan, berriz, perpaus nagusia eta menpekoa ditugu.
  • Juntaduran ez dago ia mugikortasunik, baina menderakuntzan,
    mugikortasuna dago hurrenkeraren aldetik.
  • Menderakuntza errekurtsiboa da, hau da, menpeko perpaus baten
    barruan beste bat txerta daiteke, nahi adina aldiz.

Menderakuntzaren barruan honako multzoak bereiz ditzakegu:

  • Perpaus Osagarriak: Amak esan du ez dela
    etorriko
    .
  • Zehar Galderak: Jakin nahi dut ea lana egin
    duzun
    .
  • Helburuzkoak: Krema ekarri dut zuri emateko.
  • Kausazkoak: Ez da etorri gaixo dagoelako.
  • Baldintzazkoak: Euria egiten badu
    ez noa
    .
  • Erlatibozkoak: Ikusi duzun
    gizona nire aita da
    .
  • Denborazkoak: Zu etorri zinenean
    ohean sartu nintzen
    .
  • Kontzesiboak: Lana gaizki egin arren
    ordaindu egin didate
    .
  • Moduzkoak: Zuk esan bezala
    egin dugu
    .
  • Konparaziozkoak: Hau espero nuen baino
    hobeto
    atera zaigu
    .
  • Ondoriozkoak: Hain zen altua, non sabairaino heltzen baitzen.

Perpausak elkartzeko bidea. Lokailuak (praktika)

Testu mailako loturak adierazteko erabiltzen ditugun hitzei lokailuak
esaten zaie. Lokailuak hitz solteak dira, hau da, ez dira atzizkiak.
Juntagailuak ez bezala, metatu egin daitezke; hau da, perpaus berean
lokailu bat baino gehiago ager daiteke.

Lokailuak bost multzotan sailka ditzakegu:

  • Emendiozkoak: aurretik esandakoari zerbait
    gehitu edo gaineratzeko, adibidez: bestalde, halaber, orobat,
    berebat, behintzat, segurik, behinik behin, bederen, bederik
    .
  • Hautakariak: testuan adierazitako gauza edo
    ideien artean hautatzeko, adibidez: bestela, osterantzean,
    gainerakoan, gainontzean, ezpabere
    .
  • Aurkaritzakoak: aurretik esandakoari aurkaritza
    adierazteko, adibidez: ordea, berriz, ostera, aldiz, aitzitik,
    bitartean, artean, alta, alabaina, dena dela, hala ere
    .
  • Ondoriozkoak: testuan zehar esandakoaren ondorio
    gisako zerbait adierazteko, adibidez: beraz, bada, hortaz, orduan,
    honenbestez, horrenbestez, halatan
    .
  • Kausazkoak: testu mailako kausazko loturak
    adierazteko, adibidez: izan ere, zeren, ze.

Emendiozko lokailuak

Emendiozko lokailuak emendatzeko edo gehitzeko erabiltzen dira.
Horien artean hauek daude:

  • Ere: osagai bati
    egiten dio erreferentzia; honenbestez, ez da autonomoa eta ezin da bera
    bakarrik joan. Betiere aipatutako perpausaren elementu horren atzean
    eta ondo-ondoan kokatzen da.
  • Gainera: aurretik
    esandako zerbait azpimarratzeko. Normalean, mendeko perpausaren
    hasieran doa.
  • Bestalde: esandakoa indartzeko,
    perpausaren edozein lekutan koka daiteke.
  • Halaber, orobat, berebat: aurretik
    esandakoari zerbait gehitzeko, perpausaren edozein lekutan doalarik.
  • Behintzat, bederen, behinik behin:
    aurretik esandakoari zalantza kutsua eransteko. Ez dira neutroak;
    hiztunaren ustea adierazten dute.

Lokailu hautakariak

Lokailu hautakariak, izenak berak adierazten duenez, gauza edo
ideien arteko hautaketa adierazteko erabiltzen dira. Beraz, edo
eta ala juntagailuen baliokideak dira, adibidez:

Ez edan gehiago edo mozkortuko zara.
Ez edan gehiago; bestela mozkortuko zara.

  • Bestela, osterantzean: bi erabilera
    nagusi ditu, baldintza eta murriztapena, “hori alde batera utzita
    esapidearen antzeko esanahia duela. Esaiozu egia; bestela,
    haserratuko da
    .
  • Gainerakoan: balio murriztailea edo
    baldintzakoa. Jan agudo, gainerakoan ohera
    eramango zaitut
    .
  • Ezpabere, ezperen: baldintza balioa du,
    eta beti perpausaren hasieran agertuko da. Zehaztapen bat egingo
    dugu, ezpabere, askok pentsa dezakete salbuespen bat
    dela
    .

Aurkaritzako lokailuak

Aurkaritzako lokailuak (ordea, ostera, aldiz, berriz, aitzitik,
hala ere, alabaina, alta, dena dela…
) aldez aurretik esandako
zerbaitekiko aurkaritza adierazteko erabiltzen dira. Beraz, baina juntagailuaren antzekoak
dira, adibidez:


Ez dut inoiz ikusi,
baina berehala ezagutuko nuke.

Ez dut inoiz ikusi; hala ere, berehala ezagutuko nuke.
  • Ordea, ostera, aldiz, berriz: antzekoak
    dira, eta oro har, perpausa hasieran, tartean, zein bukaeran ager
    daitezke. Ordeak, berriz,
    lekua murriztuagoa dauka.
  • Aitzitik: lehenengo perpausa ezezkoa
    denean; bigarren perpausaren hasieran agertuko da.
  • Hala ere: bigarren perpausaren hasieran
    kokatuko dugu. Eta eta baina juntagailuekin batera
    maiz agertzen da.
  • Alabaina: bi adiera har ditzake:
    aurkaritza eta azalpena.
  • Dena dela: nolanahi ere esapidearen
    baliokidea da eta normalean bi perpausen artean jartzen da.
  • Haatik, horratik: bi erabilera ditu,
    alegia, aurkaritzako lokailu gisa ager daiteke edo harridura
    perpausetan.

Ondoriozko lokailuak

Ondoriozko lokailuak (beraz, ba(da), hortaz, orduan, halatan,
honenbestez, horrenbestez…
) beste lokailu guztiak bezala, ideia
eta perpausen arteko lotura adierazteko erabiltzen dira, baina ondorio
kutsua gaineratuz. Alegia, jarraian esango dena aurretik esandakoaren
ondorioa dela adierazteko erabiltzen dira. Hau dela eta, ilatiboak edo
kontsekutiboak esan ohi zaie.

  • Beraz: dedukzioa egiteko erabiltzen da
    eta, oro har, bi perpausen artean agertzen da.
  • Bada: hiru balio dauzka: ondorioa (=
    beraz
    ), kausa (= zeren) eta hitz indargarri gida.
  • Hortaz: berazen baliokidea da.
  • Orduan: baldintza kutsua du.
  • Honenbestez, horrenbestez, hainbestez:
    erakusleetatik eratorriak dira, eta berazen balio bera dute.
  • Halatan, hala: beraz lokailuaren
    baliokidea.

Kausazko lokailuak

Kausazko lokailuak (izan ere, zeren, ze, zergatik, alabaina,
ba(da)
…), gainerako lokailu guztiak bezalaxe, ideia eta
perpausen arteko lotura adierazteko erabiltzen dira, baina kausa kutsua
gaineratzen dute. Nolabait, jarraian esaten dena aurretik esandakoaren
zergatia edo azalpena dela adierazten dute.

  • Izan ere: perpausaren hasieran ipintzen
    da, eta beste partikula batzuekin ere ager daiteke.
  • Zeren: perpausaren hasieran agertzen
    da, eta eta izaten du,
    indargarri gisa.
  • Alabaina: posizio guztietan ager
    daiteke.
  • Bada: zeren
    lokailuaren parekoa da.

Hiru.com-etik aterata

One Response to PERPAUS ELKARTUAK

  1. Ander 2011(e)ko Ekainak 1 at 6:16 pm #

    Una página muy buena para repasar antes de los exámenes, alfin la encontre me estba extresando con los últimos exámenes #:-S

Utzi erantzuna

-->