Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Piano gainean gosaltzen, Harkaitz Cano

http://www.euskonews.com/0328zbk/argazkiak/elkar02.jpgEzin dut zehazki esan zein den liburu hau hautatu izanaren arrazoia; izan ere, herriko liburutegira joan eta bertan aurkitu nuen lehenengoetariko bat da, konbentzitzen ninduenik aurkitu ezinda, zertxobait itsuan hautaturikoa. Piano gainean gosaltzen irakurri nuen liburuaren azalean. Etxeorratz (edo ortzenbor) multzo bat plater baten barruan, Askatasunaren Estatua kikara baten barnean eta beste hainbat elementu. Zubirik ez. Hori da piano baten gainean, izenburuaren gaineko marrazkian agertzen dena Harkaitz Canoren liburu honetan. Atzeko aldean datorren liburuko testu zatia irakurri nuen, eta neure buruan liburuarekin zerikusirik ez duen ideia bat egin nuela aitortu beharra daukat. Irakurtzera nindoala, ordea, Harkaitz Canok berak New Yorken igarotako aldian idatzitako kroniketan oinarritutako istorio bat zela ohartu nintzen; eta New Yorkek beti deitu izan didanez arreta, gustura hasi nintzen irakurketarekin. Nire aukeraz damutuko ez nintzela jakin nuen une hartan.

Harkaitz Cano Lasarte-Orian jaio zen, Gipuzkoan, 1975ean. Zuzenbide ikasketak gauzatu zituen Donostiako EHU n. Idaztea du, baina, ofizio lasartearrak. Beste zenbait idazle gazterekin Lubaki Banda sortzearekin batera hasi zen bere ibilbide literarioa 1993an. 1994an bere lehen poesia liburua argitaratu zuen: Kea behelainopean bezala. Narrazioa eta nobelaren arteko liburu bat idatzi zuen urte berean: Paulov-en txakurrak. Hurrengo urteetan Radiobiografiak (1995), Beluna jazz (1996), Telefono kaiolatua(1997), Bizkarrean tatuaturiko mapak (1998), Pasaia blues (1999), Piano gainean gosaltzen (2000), Itsasoa etxe barruan (2001),Norbait dabil sute-eskaileran (2001), Dardaren interpretazioa (2003), Belarraren ahoa (2004), Neguko zirkua (2005), Omar dendaria(2005) eta Lasterren logika (2005) iritsi ziren. Sari ugari jaso ditu dagoeneko liburu hauei esker. Gaur egun, Harkaitz euskal literatura berriko balore finkoetako bat kontsideratzen da, eta bere obra guztiek onespen handia lortu dute irakurleen artean. Euskal Herriko zenbait egunkaritan kolaboratzen du eta telebista eta irratian gidoilari lanetan aritzen da. Hala ere, nahiz eta egunkarietarako, irratirako, telebistarako eta zinerako gidoi eta artikuluak idatzi izan dituen; onenak ipuin, poesia eta nobelei eskaini dizkie. Aipatzekoa da New Yorken igaro zuen boladak idazle honengan izan zuen eragina; hiri hau bere liburuetan sarritan agertu izana da froga nabaria.

Harkaitz Cano New Yorkera joan zen bizitzera hilabete batzuetarako eta Martxelo Otamendik enkargu bat egin zion joan aurretik: Egunkariarako kronikak idaztea astero. Hortaz, liburua kronika horietan oinarrituta dago. Liburuko zenbait atal 1999an Egunkarian agertu ziren argitaratuta. Kronika hauek errealitatean dute oinarri, baina fikzioarekin ere nahasten dira, askotan bien artean ezberdindu ezin dela.

Istorioa 1998ko urriaren 20an hasten da, protagonistak, Harkaitz Kanok berak, New Yorkerako hegazkin bat hartzen duenean. Euskal Herria denboraldi batez uzteko gogoa du, baina era berean, printzipio deklarazioan dioen bezala, inorentzat ez dela garrantzitsua sentitzearen beldur da, atzerrian dagoen bitartean existituko ez ote den beldur. Horrela, beldurrez josita baina askatasun eta liberazio pixka bat izateko gogoz, abiatzen da denok ezagutzen dugun hirira, bai telebistan eta bai filmetan ikusitako topikoz betetako hirira. Liburuan bera da pertsonaia nagusia eta narratzailea, 1. pertsonan idatziz kontakizunari zinezkotasuna emanez. 1. pertsonaren erabilera hau bisitari harrituaren ikuspegia emateko ere erabiltzen du. Anekdota bitxiak kontatzeaz gain, kritikak eta deskribapenak tartekatzen ditu, eta hemen, idazlearekin areago egiten du topo irakurleak, uneren batean narratzailea irakurleari zuzentzen zaiolarik, testu zati honetan bezala:

Mimi artista da. Bere senarra, berriz, idazlea enpresa farmazeutiko batean. Ez jarri aurpegi hori, irakurle, hau New York da eta hemen idazle batek idazle bezala lan egin dezake enpresa farmazeutiko batean.

38 kapituluk edo kronikak osatzen dute Canoren liburua: liburu atsegina, erakargarria, deskriptiboa, kritikoa, ironikoa, eta argumentu zehatzik ez duena. Atal laburretan kontatzen ditu gertatutako zenbait gertakari bitxi, detailez betetako definizioz beteak, irakurlearen interesa pizten dutenak. Idazkera gardenean idazten du. Hiri hartan denboraldi bat pasatzeak eman zion idazleari bertako gizartearen deskripzioa egiteko aukera. Gauza arruntak kontatzen ditu, eguneroko bizimoduan gertatutakoak, baina hausnarketa sakonak ere ageri dira. Tirabira anitzak bizi ditu taxistekin, etxebizitza lortzeko arazoak ere baditu, hango gizartea astintzen duten kontuak azaltzen dizkigu, bizitza soziala ere agerian uzten du (etengabeko parranda dela ematen duena… Honelako gauzez beterik dago liburua eta, horregatik, badu bere xarma, bitxikeriak ezagutzearen morboagatik edo. Dibertigarrienak edo barregarrienak gogoratzen saiatu da Harkaitz Cano kronika hauek idazteko orduan. Horrekin batera, New York hiriaren deskribapen zehatz samarra ere egiten digu. Esango nuke hiri handi hartan bizirauteko gida bezala erabil daitekeela liburua. Bada atal bat non idazlea hirian dauden komunitate hispanoez mintzatzen den. Esaten duenez, ingeles eta gaztelania arteko nahasketa bat egina dute, Spanglisha, eta liburuko umore puntuetako bat ikus dezakegu bertan, idazten dituen hizkuntza berri honen esaldietako batzuen bidez:

El rufo está liqueando, The roof is leaking (Teilatuak itoginak ditu)

Istorioan zehar pertsonaia ugari ageri dira, joan-etorrikoak. Atmosfera ezberdinetan kokatuta pertsonaia bitxi ezberdin guztiekin bizitako pasarteak kontatzen ditu idazleak. Surrealismo ukitu bat ere agertzen da liburuan, egoera komikoak sortzen direla. Bere bizitzako epe labur honetan ezagutzen dituen pertsonaiek arnasa ematen diote Harkaitzi eta Euskal Herrira bueltatu beharrean aurkitzen denean, haietaz agurtu beharrak pena handia ematen dio. Prusiarra, berekin bizi den laguna, New Yorkeko egonaldi osoan zehar dago protagonistaren ondoan, Eguberrietan Euskal Herrira familia bisitatzera joaten den tartea kenduta. Bertan zenbait lagunekin atera ohi dira parrandara, Francis eta Hector bikote gay-a, esaterako. Lagunez gain, badituzte aingeru guardako antzeko batzuk, Jota Jauna eta Charley Papa, azken hau emakume lasaia benetan, Ainhoa Artetaren txakurrarekin gertatutako intzidentearen aurrean ere patxadaz jokatzen duena. Txuspo Poyo artista ere aipatzekoa da. Bi lagunei fabrika abandonatuan (“La cueva del Poyo”) loft-a alokatzen dien pertsonaia bitxia da, azkenerako haien lagun kontsidera dezakeguna.

Musika eta literatura erreferentziak dira aipagarriak lanean zehar. Bakardadeari buruzko ohar ederrak ditu. Aipatu bezala, gertakizunez beterik dago liburua, eguneroko gertakizunez, baina burutazioak eta beste hainbat egileren testuak ere aurki daitezke; baita Harkaitzek berak egindako poema batzuk ere. Idazlearen obsesioak agerira ateratzen dira liburuan, X-ena edo zubiena bezalakoak. Idazleak egiten dituen hausnarketak interesgarriak iruditu zaizkit, adibidez, jendeak antisoziala dela esaten dionean pentsatzen duena:

Isilik egotea, harbera izatea, ez dago ondo ikusia. Izan ere, txorakeriak esateko hobe da isilik egon.

Baina honezkero ez al duzue pentsatu zer dela eta deitzen den liburua Piano gainean gosaltzen? Pianoa ezinbesteko elementua da liburu honetan; izan ere, Canok bere eleberria eta kronikak idatziko dituen lekua da, fabrika zaharreko loftean aurkitu eta mahai moduan erabiltzen duena. Txoko atsegina. Harkaitz beraren hitzetan irakur dezakegu liburuan pianoaren garrantzia:

Isats-pianoa gure gelako zentro neuralgiko garrantzitsuena da. Batetik leiho ondoan dagoelako eta argitasunaz gain, eguzkiak ere bertan jotzen duelako, leku epel eta atsegina da. Tabureteetan eserita pianoak nahikoa altuera du mahai funtzioa betetzeko eta hantxe gosaltzen dugu goizero.

Azkenik, irakurterraza dela esan beharra daukat, anekdotak eta bitxikeriak irakurtzea gustuko duen edonorentzat. New Yorkenganako interes berezi bat nuen liburua irakurri aurretik, baina orain inoiz baino gogo baiziagoa daukat hiri harrigarri hori ezagutzeko, hari buruz zertxobait gehiago dakidan sentsazioarekin geratu naiz. Idazle honek gaitasun ikaragarria du eguneroko gauza arruntak deskribatuz, irakurlearen arreta bereganatzeko. Beraz, merezi du liburua irakurtzea. Ni ez naiz literaturan aditua; beraz, ez dakit Harkaitzek liburuan aipatzen duen idazkera perfektua lortu ote duen, hitzik soberan edo faltan ez duena, baina ni, behintzat, bere idazteko erak (itxuraz erraza) eta liburuak liluratu egin naute.

Lexikoa lantzeko ariketa

lexikoa lantzeko ariketa

Harkaitz Canoren denbora-lerroa

Bibliografia

http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00025.htm
http://www.ikeder.es/agencia_literaria/bio-hc-es.html
http://www.seix-barral.es/fichaautor.asp?autor=389

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->