Pirateria, lapurreta ala negozioa?

pirateriaUrterik urtera gizakiak aurrerapauso itzelak ematen ditu arlo askotan. Gure aiton-amonen garaian, esaterako, nork imajina zezakeen telefono mugikor bat edukitzea, messenger bidez beste norbaitekin txateatu ahal izatea edota mp3 txiki batean musika guztia alde batetik bestera eramatea posible izango zenik? Inork ez, egia esan. Eta guk, ordea, ezin dugu irudikatu ere egin teknologiarik gabeko gizarte batean bizitzea. Arlo honek gaur egun horrenbeste egin du aurrera, non berari lotuta bizi baikara. Hain da handia dugun menpekotasuna, ezen dagoeneko musika, liburuak, jokoak… ordenagailu baten bitartez lor ditzakegun. Honi lotuta pirateria deritzoguna dator, noski.

Egun, pirateria arazo izatera iritsi da; izan ere, gero eta film, musika, liburu… gutxiago erosten dira, hauek guztiak erraz internetetik jaisteko aukera baitugu. Honek artistei, autoreei eta diskoetxeei ekonomikoki bete-betean erasotzen die. Baina gu ez gara tuntunak. Zergatik erosi asko balio duen zerbait, gutxigatik lortzeko aukera edukita? Adibidez, merkatuan dagoen edozein disko askoz ere gutxiago ordainduta  eskuratzea dugu Top Manta delakoan. Hori gutxi balitz, eMule, Ares edo bestelako programak erabilita, dohainik lor dezakegu nahi dugun musika guztia saguarekin klik pare bat eginez.

Hariarekin jarraituz, pirateriak diskografiei izugarrizko kaltea suposatzen diela esan dugu. Baina, egia esan, baliteke hau pixka bat bidezkoa izatea, kontuan izan behar baita kaltetuenak ur handiko arrainak direla, hots, guri dirua ateratzen saiatzen diren diskoetxe interesatu horiek. Beste alde batetik, artistak edo idazleak ere kalteturik ateratzen direla esan beharra dago eta ideia hori gutxiago gustatzen zait.

DVD pirateriaEdonola ere, nire ustez, pirateria arrazoi sinple bategatik ematen da: gizarte kontsumista batean bizi gara eta horrexek gauzak erostera bultzatzen gaitu. Ez gara konformatzen disko bat edo bi edukitzearekin. Ez horixe! Gustatzen zaizkigun disko guztiak nahi ditugu, baina ezin dugunez hori guztia ordaindu, bide errazagoa bilatzen ahalegintzen gara eta, teknologia berriez baliatuz, pirateriara jotzen dugu. Horrela, nahi duguna lortzen dugu, berekoiak bihurtzen gara eta ez dugu kontuan hartzen artistei egiten diegun kaltea. Gauzak horrela, hauei hainbeste kostatu zaizkien lanak dohainik eskuratzen ditugu, lapurretaren itzala beste edozein aitzakiaren pean estaliz.

Egia esan, ez dakit arazo honen konponbidea zein izango litzatekeen, ezta zer izango litzatekeen onena ere. Baina diskoetxeek prezioak jaitsiko balituzte, agian, arazo honi konponbidea emateko bidean jarriko ginateke. Zer diozue zuek?

,

One Response to Pirateria, lapurreta ala negozioa?

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.