Saretik askatu ezinik

internet-dangerGero eta denbora gehiago xahutzen omen du gizakiak telebista nahiz bideojokoetan, eta bereziki guztiok presente dugun komunikabiderik berrienean: interneten. Egun bizi garen mundu teknologiko honetan, ezinbesteko bilakatu dela esatera ere ausartuko nintzateke, ekintza guztiak interneten bidez egitera mugatzen ari baikara.

Informazioaren aroan gaude eta, Firely Erresuma Batuko aholkularitza erakundeak Reuters albiste agentziari esan zionez, “informazioa 90eko hamarkadako droga bihur daiteke.” Eta arrazoi zuela frogatzen ari da pixkanaka-pixkanaka, interneten erabilera okerrak dituen ondorioez ohartzen ez garela baitirudi. Horien artean da internetarekiko menpekotasuna.

internetera adikzioaAdituek frogatu dutenez, astean 30 ordu baino gehiago internetera konektatuta igarotzen dituen pertsonak internet-adikzioa dauka; hala ere, teoria hau hipotesi bat besterik ez da. Izan ere, oraindik ez da lortu zehatz-mehatz adieraztea zer den gaixotasun hau (hala deitu badaiteke; izan ere, batzuk baiezkoan baitaude eta beste batzuk, ordea, ezezkoan).

Echeburua eta Griffiths psikologoek adierazi dutenez, adibidez, beste zenbait adikzio asetzeko baliabidea izan daiteke. Greenfieldek, aldiz, ABCNEWS.com webgunean 1.800 pertsonei buruturiko inkestaren arabera, ondorengo ezaugarrien ondorioa dela dio:

  • Internetekin erlazionatutako arazo larriak izatea.
  • Konektatuta igaro diren ordu kopurua ezkutuan mantentzea.
  • Adina (zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta arrisku handiagoa dago adikzio hau izateko).
  • Ordenagailuaren aurrean esertzeko eta konektatzeko gogo bizia sentitzea uneoro.

Ildo horretatik, gaixoetan ematen diren kasu desberdinak aipatu behar dira. Kimberly Young psikologoak aztertu zuen bezala, honela antola daitezke:

IZENA EZARPENAK EDUKIAK ONDORIOAK
Adikzio ziber-sexuala Helduentzako webguneak Pornografikoak eta sexualak Sare pornografikoen zabalkuntza
Ziber-erlazioetarako adikzioa Eztabaida-guneak, e-postak, txatak Komunikazio interaktiboa beste erabiltzaileekin Erreala eta birtuala dena nahastea
Sarearen konpultsioak Webgune komertzialak Zori-jokoak, komertzio elektronikoa, enkanteak Ludopatia
Informazio bilatzaileak eta “arlote elektronikoak” FTP eta TELNET Sarean nabigatzea helbururik gabe eta intereseko gaiei buruzko informazioa bilatzea Informazio-iturri desberdinak ez erabiltzea

Dena den, arazoa, nire ustez, ez da menpekotasun hau izatea, adikzio honi aurrea ez hartzea baizik. Oso garrantzitsua da lehenbailehen detektatzea, denboraren eta intentsitatearen arteko erlazioa dela eta: zenbat eta denbora gehiago utzi adikzioari aurrera egiten, orduan eta sakonagoa da mina, eta zailagoa da sendatzen. Beraz, bi konponbide hauek kontuan hartu beharko lirateke. Alde batetik, heziketa, zein funtsezkoa iruditzen zaidan gazteek internetaren erabilera arduratsua ikasteko. Hau gurasoen, irakasleen eta gizartearen ardura da. Horretarako, gomendagarria izango litzateke haurrek sarrera mugatua izatea internetera, ordutegiari eta edukiei dagokionez; baita familiaren esku-hartzea laguntza profesionalarekin ere: pediatra adin txikikoen kasuan, eta, psikologoa, helduenean. Bestetik, gaixoari arazoa seriotasunez planteatzea eta irtenbide desberdinak eskaintzea. Esate baterako, gorputz-jarduera eta familiarekin komunikatzea.

Gainera, aipatzekoa da pertsona askok inkontzienteki pairatzen dutela internetarekiko menpekotasuna. Horregatik, multzo zabal honetan parte hartzen duzuen ala ez frogatzeko aukera ematen zaizue hemen.

Ondorioz, kontuz ibili eta deskonektatu internetetik lehenbailehen, gaitzak harrapa ez zaitzan!

, , ,

5 Responses to Saretik askatu ezinik

  1. ian 2009(e)ko otsailak 6 at 10:56 pm #

    Aupa nireLeonamaite! xD

    Nik beti pentsatu izan dut arazo bat dudala internetekin, denbora gehiegi igarotzen baitut bertan! Musika, Msn, Facebook eta antzekoekin orduak eta orduak ordenagailuaren aurrean pasatzea oso erraza baita…

    Bestetik, adierazi duzunez, gurasoek ordutegiak ezarri beharko lizkieke beraien umeei. Irtenbide bat izan daiteke baina, ez dut uste oso zehatza denik, azkenean gurasoek “zeditu” egiten dute eta haurrak edo gazteak berriro ere denbora asko igarotzen du interneten, esperientziagatik diot batik bat.

    Lan ona, Lois! Segi horrelaaa! :-*

    PD: Bai, nik ere Alex gorroto dut, zuk bezala! xDDD

  2. eagirresarobe 2009(e)ko otsailak 7 at 10:38 pm #

    Beste behin ere, garbi ikus ditzakegu gehiegikeriek dituzten ondorio gaitzesgarriak.
    Egia da badirudiela gero eta denbora gehiago igarotzen dugula ordenagailu aurrean. Hala ere, hortik menpekotasunera tarte handia dagoela iruditzen zait.
    Bestalde, pantaila aurrean igarotako denborak baino edukiak menpekotasunaren berri gehiago ematen digula iruditzen zait; izan ere, ez da gauza bera ordenagailuan lanak egiten aritzea edota pop abeslarien argazkiak ikustea, esaterako.
    Amaitzeko, gaineratu nahi nuke maiz ahalegintzen garela interneten bidez bizitza errealen ditugun gauzak bilatzen. Zertarako, baina? Hain erraza da bizitza, non guztia korapilatu behar dugun?

    P.D.: Gora papera eta arkatza!

  3. arotegi 2009(e)ko otsailak 10 at 9:15 am #

    Arrazoi osoa daukazu; izan ere, askotan erabiltzen dugu interneta eta batzutan gehiegi ere. Egia da internet daukagunetik oso erraza dela nahi den informazioa bilatzea denbora gutxian eta urrutiko pertsonekin komunikatzeko era egokia da, baina gehiegi erabiltzea ez da oso ona gauza guztiak bezalaxe.
    Oso artikulu interesgarria. Segi horrela!

  4. aotegi 2009(e)ko otsailak 10 at 9:20 am #

    Aste honetan kontatuko ditut ordenagailu aurrean pasatako orduak!!!jejeje

  5. ainhoa 2009(e)ko otsailak 10 at 9:25 am #

    Hasteko zorionak Itsaso Berriakoarengatik!!! ze luxua!

    Ni beti izan naiz antiordenagailua, baina nik ere erabiltzen ditut msn, tuenti, eta harrapatzen ditugun edo harrapatzen gaitzten kakakeria denak. Orain artekoak internetik gabe ere bizi badira guk zergatik erabili? eta zergatik erabili gehiegi? Arazo gehienen dedukzioa bera da: ez dugu neurria jartzen asmatzen!
    Zorionak!

Utzi erantzuna

-->