Seme-alabari belarrondokoa ematea ilegala?

Ume bat negarrezAurreko batean, albistegia entzuten ari nintzela, berri hauxe entzun nuen: “Hemendik aurrera, seme edo alaba ipurdiko edota zaplazteko batez zigortzea ilegala izango da”. Belarrietan min egin zidan albiste hark eta informazio gehiago bilatzen saiatu nintzen interneten, ezin bainuen notizia hura sinetsi. Tamalez, egia zen eta hauxe galdetu nion neure buruari: “Baina noraino iritsi gara?”

Zigortzeko era hori ilegalizatzeko, Kode Zibileko bi artikulu ezerezean utzi ditu gobernuak. Artikulu horietan, gurasoek euren seme-alabak modu moderatu eta arrazionalean hezitzeko eskubidea zuten, baina iazko urte bukaeran ezarritako lege berriaren ondorioz, eskubide hori ukatu egingo zaie. Hemendik aurrera, gurasoek euren umearen egoera fisiko eta psikologikoaren arabera hezi beharko dituztela aipatzen du Kode Zibil berriak. Ondorioz, bai ipurdiko edota bai zaplaztekoak guztiz debekatuak geratzen dira. Honekin haurrak errespetu gehiagoz tratatzea bultzatu nahi da. Aipatzekoa da gai honek polemika bizia sortu duela Espainia osoan.

Umea jipoitzenDuela urte batzuk, baina, hau gertatzen al zen? Gure gurasoen garaian, eta baita gure garaian ere, ez zen burutik pasatzen masailako bat ematea ilegala izan zitekeenik. Bi aldiz pentsatu gabe, eta beldurrik gabe, ematen zuten (ziguten) belarrondokoa gure portaera zuzentzeko asmotan. Irakaskuntzan ere asko nabaritu da hori. Duela urte batzuk irakasleek egur gehiago ematen zieten ikasleei. Nire ustez, bere garaian belarrondoko bat ematea umea zuzentzeko ez da txarra. Beste garai bateko umeakGainera, ez dut uste horrekin haurra traumatizatuko denik, edota bizitza osoan gogoratuko denik jasotako belarrondoko hartaz. Honekin, ez dut esan nahi umea jipoitzea ona denik; ezta gutxiago ere. Aitzitik, haurra fisikoki edota psikologikoki gaizki tratatzea gogor zigortu beharko litzatekeela iruditzen zait.

Garbi dago, garaiak aldatzen doazela. Agian, urte gutxi barru 10 urteko mutiko bat bere gurasoak salatzen ikusi ahal izango dugu komisaria batean ipurdiko bat jaso duela esanez. Gai honen inguruan bakoitzak bere iritzia izango du, baina gurasoek badakite -edo jakin beharko lukete- haur bat hezitzeko modurik onena zein den eta ez zait guztiz normala iruditzen belarrondoko bat ematea ilegala izan daitekeenik. Zuei zer iruditzen zaizue?

2 Responses to Seme-alabari belarrondokoa ematea ilegala?

  1. Ihintza 2008(e)ko otsailak 21 at 1:35 pm #

    Kaixo Aitzol!!
    Aldian behingo belarrondokoa lege urraketa bihurtzea ere…
    Honelako txikikeriei behar baino garrantzi handiagoa ematen zaielakoan nago eta nire ustez hobe lukete benetako arazoei aurre egiteko beta hartzea.
    Besterik gabe, zorionak egin duzun lanagatik!!

  2. Janire 2008(e)ko martxoak 12 at 1:09 pm #

    Egun on Aitzol, zure iruzkinerako aukeratu duzun gaia oso mamitsua iruditu zait, eta iritzia eskatzen duzunez, horra hor nirea:

    Kode zibileko puntu polemikoak ez du %100ean zuk aipatzen duzuna esaten “gurasoek euren seme-alabak modu moderatu eta arrazionalean hezitzeko eskubidea dute” baizik eta “gurasoek euren seme-alabak modu moderatu eta arrazionalean zuzentzeko (corregir) eskubidea dute”. Esan dezagun, beraz, umeak hezitzeko biolentzia erabiltzea justifikatzen zuen puntu bat agertzen zela orain arte Espainiako Kode Zibilean. Onartu dezagun, bestetik, legeetan horrelako esaldi bat agertzea nahiko arriskutsua dela; nork erabakiko du, orduan, nor amaitzen den zentzutasuna eta noiz hasten den biolentzia? Gurasoek? Epaileek? Gizarteak? Baten batentzako zentzukoa izan daiteke bere semeari zartagin batekin burua apurtzea eta Kode Zibileko esaldi horretan babestuta zigorra ekidin (eta, beste egoera batzuetan, horrelako puntutxoren baten erruz gaizkileren batek kartzela saihesten duen lehenengo aldia ez litzateke izango). Interpretazio subjektiboaren esku uzten zuen, beraz, Kode Zibilak “zuzentze” hori.

    Espainiar Estatuak NBEarekin eta umeen babeserako bestelako erakundeekin umeak babesteko tratatu bat sinatu zuen bere garaian, eta horrek umeek kontrako edozein biolentzia babesten duten legeak aldatzera derrigortzen du sinatzailea. Hori da, besterik gabe, egin dena, umeekiko biolentzia legalki eta espresuki babesten zuen puntu hori kendu; baina, horrek ez dakar belarrondoko bat ematea ilegala denik, hori ez baita inon agertzen, beraz, ez ditzagun kontuak bere onetik atera.

    Azkenik, Aitzol, neure iritzi pertsonala emango dizut, ama naizen aldetik, zuri albisteak belarrian min egin zizun bezala, niri bihotzean egiten dit min parkeetan ikusten dudan biolentziak: belarrondokoak, erantzun txarrak, mehatxuak, txaloak (eta ez moderatuak, arratsalde osoan aurpegia gorri uzteko modukoak), etab. Eta ez dut uste guraso horiek zigorrik merezi dutenik, baizik eta gizartean zuk diozun pentsaera hori errotik aldatzea. Biolentzia erabiltzea ez da inoiz da zentzuzkoa, Aitzol, gurasoek umeen kasketaldiak modu arrazionalean konpontzeko ahaleginaren frakasoaren erakusle dira, gurasoon frustrazioaren ondorioa, ez dakigulako hobeto egiten. Baina benetan uste dut denborarekin ikasiko dugula, eta egunen batean horrelako eztabaidak pentsaezinak izango dira, Europako herrialde batzuetan zure seme-alabari belarrondokoa ematea pentsaezina den bezala (eta ez da ilegala).

    Seme-alabak dauzkazunerako ondo gogoratu hau, Aitzol, ez dugu ikasten gurasoek irakasten dieguna, gurasoei ikusten dieguna baizik. Etorkizunean eztabaidak eta frustrazioa hitzen bidez adierazteko gai diren semea-alabak nahi baditugu, orduan etsenpluan hezi ditzagun. Umeak biolentziaz hezitzen ditugunean biolentzia erabiltzea zilegi dela irakasten diegu, maitasunez eta errespetuz tratatzen saiatzen garenean, ordea, (eta inork baino hobeto dakit ez dela beti erraza) hori ikasiko dute, helduaroan besteak maitasunez eta errespetuz tratatzen.

Utzi erantzuna

-->