Stradivarius: benetako egiaren bila

stradivarius.jpgStradivarius biolinak dira, zalantzarik gabe, musika munduan aurki daitezkeen instrumentu baliotsuenak; izan ere, munduan geratzen diren 600 aleetako batzuk balio ekonomiko izugarria dute. Baina zein da biolin hauen benetako sekretua? Oraingo teknologiak ezin al du duela 400 urteko artisautza gainditu? Goazen, bada, galdera hauen erantzunaren bila eta zalantza guztiak argitzera.

Biolin ospetsu hauen jatorria Italiako iparraldean kokatzen da, Stradivari sendiaren lantegian, hain zuzen ere. Antonio Stradivari izan zen instrumentuak sortu eta obra gehienak perfekziora eraman zituena eta badago biolin hauen sortze-lanaren atzean sekretu bat zegoela esaten duenik. Batek daki! Prozesu edo material bereziren bat erabiliko al zuten biolin hauek egiteko? Mundu mailako zientzialariak galdera hauei erantzuten saiatu dira urteen joan-etorrian, eta italiarrak erabiltzen zuen materiala guztiz ezohikoa zela aipatzen dute.

Alde batetik, biolinak egiteko erabiltzen den egurra oso garrantzitsua da; izan ere, egur ona erabiltzeaz gain, ematen den tratamendua ere ezinbestekoa da. Bestetik, egurrari ematen zaion bernizak ere eragina du biolinen sortze-lan prozesuan. Stradivarius biolinen gakoa hemen dago: erabiltzen zuten berniza.

Zientzialari askok atal hau ikertu eta instrumentu hauek duten berniza hainbat substantzia bereziez osatuta dagoela adierazi dute. Dirudienez, garai haietan termiten eragina oso bortitza izan zen Italiako iparraldean eta, pentsatzen denez, Stradivarik bere biolinak nolabait babestearren erabiltzen zituen intsektizidek eragin zuzena zuten instrumentuen sortze prozesuan. Hainbat ikerketaren arabera, substantzia hauek Stradivariren egurra babesteaz gain, gogortu eta soinu berezi bat sorrarazten zuten.

Antonio_stradivari.jpgBestetik, tentu hartako baldintza metereologikoak egungoak ez bezalakoak ziren. Gauzak horrela, gaur egungo kutsadura dela eta, zailtasun handiak daude lehengaiak egoera naturalean tratatzeko. Bestalde, tenperaturak ere bere garrantzia izan zuen biolinak sortzerakoan. Horregatik guztiagatik, italiarrak sortu zituen biolinak gaur egun egitea oso zaila da.

Gaur egungo teknologiak zer dela eta ez du gainditzen antzinako artisautza? Egia esan, ezin da historian zehar hain balio handia izan duen zerbait desagerrarazi. Bestetik, eskuzko elaborazio tradizionalak edozein objekturi ematen dion xarma berezia ezin da ukatu, prozesu automatiko batek eskaintzen ez duen xarma berezia, alegia. Gaur egungo produkzio kate erraldoiek galbidera eraman dute artisautzak produktuei emandako nortasun eta originaltasuna. Beste hainbat alorretan bezalaxe, kantitateak kalitatea ordezkatu du musika-tresnen sortze-lanean.

Bukatzeko, hona hemen Stradivarius biolin batekin grabatutako pieza bat. Goza ezazue!

 

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->