Surfaren hastapenak

ans-du-surf.jpgcaballototora1.jpgJakina da gero eta euskaldun zaletu gehiago dagoela surf kontuetan eta, horregatik, euskaljakintzan kirol eder honen jatorria eta gaur egungo egoerari buruz idaztea otu zait. Esan dezakegu hasierak ez duela data zehatzik, hau da, ezin dugu jakin noiz izan zen lehenengo aldiz gizaki batek bere ohol gainean olatu bat hartu eta, irrist eginez, itsasoan barrena ibili zena, ez omen dago aztarnarik antzinako testuetan nahiz datuetan. Hala ere, surfaren hasierari buruzko bi teoria nagusi ditugu:

Lehenengoa, Mikronesia eta Ozeano Bareako Irlen hegoaldean (Maoríes, Fiji, Tonga, Tahiti…) kokatuko genuke; izan ere, bertako biztanleen kulturak itsasoarekin lotura estua baitzuen. Hango elezahar eta kontaketetatik hainbat aitorpen jaso dira esanez ohikoa zela biztanleria olatuen gainetik garraiatzea, kanoatan eta arrantza egiteko erabiltzen zituzten txalupetan zehazki.

Beste aldetik, Peruko iparraldea dugu. Bertan bizi ziren gizakumeek aztarna grafikoa utzi zuten non gizon bat irudikatzen zen olatu baten gainean irrist eginez, egurrez egindako taula batean. Arrasto hau historiarekin lotzean, surfaren lehen pausoak Hego Amerikan kokatzera garamatza. Dena den, mende batzuk beranduago, polinesiarrak izango dira uhartez uharte ohitura hau zabalduko dutenak, azkenik, Hawaiira eramanez.

tablakGarai haietan, Hawaii aldean, surf klasikoa egiten zen. Bertako gizartea maila ezberdinetan banatzen zen. Lehenik eta behin, erregeak eta agintariak eta ondoren beste guztiak. Mende haietan, gizarte kategoria guztiak aritzen ziren surfean, goi-mailakoak nahiz behe-mailakoak, baina ibiltzeko baldintza batzuk ezarrita zeuden. Maila ezberdinen artean taula ezberdinak erabili behar ziren. Gauzak horrela, ohol ezberdinek bakoitzaren gizarte maila irudikatzen zuen; esaterako, erregearena besteengandik ezberdina zen. Denbora haietan, gainera, surfak betekizun bat zuen: jende bakoitzaren adorea adieraztea. Izan ere, herriaren arteko gatazkak eta ezberdintasunak, borroka alde batera utziz, ohol gainean konpontzen zituzten trebetasun handiz eta mugimendu arriskutsuak eginez.

 

Gaur egungo surfak, surf modernoak, ez du esangura berezirik; beste hainbat kiroletako bat besterik ez da eta,  antzinako surfarekin alderatuz, aldaketa ugari jasan duela ohartuko gara. Esaterako, beste garaitan erabiltzen ziren taulak egurrezkoak izaten ziren, pisu handikoak gaur egungoen aldean; izan ere, teknikak izugarri egin du aurrera eta orain erabiltzen direnak askoz ere arinagoak dira. Gaur egun, surfaren bitartez, kirolarien gaitasuna neurtzen da, antzinako maila bereizketatik urrun, eta txapelketetan sari garrantzitsuak jasotzen dira.

Artikulu hau irakurri ondoren bakarren bati barnean surflari sua pizten bazaio, hementxe doaz hasiberrientzat kirol honetan jarduteko hainbat urrats:

  • surfLehenengo egunetan, gomendagarria da ohol handiak eta lodiak erabiltzea, punta biribila dutenak, bertan oreka mantentzea errazagoa baita.
  • Uretara sartu baino lehen, luzapen batzuk egitea aholkatzen dizuet, minik hartu nahi ez baduzue, behintzat.
  • Olatu batzuk hartzera sartu baino lehen, hondartza ertzean ariketa sinple batzuk egin taula gainean oreka mantentzen saiatuz. Adibidez: ohol gainean etzanda zaudela, salto egin bi hankak malgutuz eta eskuekin oreka mantentzen lagunduz. Besoen kokaera ondorengoa da: aurrealdean doan hanka eta alde horri dagokion besoa aurrerantz luzatu; bestea, berriz, ele moduan ipini.
  • Oholaren soka orkatilaren albo batean jarri. Hau da, soka gure gorputzaren barrualdera ez, beste aldera ipini; bestela, hondartzara sartu bezain laster, estropuz egingo dugu.
  • Kontuz! Uretan zaudenean, zutik jartzerakoan, ez ipini oholaren aurrealdean; beti atzealdean, hanken artean tarte bat mantenduz.
  • Olatua hartzerakoan, arraun egin gainean jarri arte.
  • Aurreko guztiak egin eta gero, prest zaudete hondartzaren barrenera sartu eta olatu pare bat hartzeko. Ez etsi lehenengo egunean! Surfa zaila da, baina jardun ondoren aurrerapen itzelak lor daitezke.

Aholku hauek baliagarriak suertatuko zitzaizkizuelakoan, hurrengora arte, euskaljakintzako irakurleak.

[kml_flashembed movie="http://youtube.com/watch/v/k2vkwy2vdP4 " width="425" height="350" wmode="transparent" /]

2 Responses to Surfaren hastapenak

  1. enovo 2008(e)ko urtarrilak 16 at 7:35 pm #

    :-B Artikulu oso interesgarria da, batez ere, surfa miresten dugunontzat nahiz eta nik pertsonalki body-a egiten dudan. Hala ere, olatuekiko errespetua berdina da denontzat… Batez ere bideoa ikusi ondoren 😛

    enga aiop

  2. Maite 2008(e)ko urtarrilak 16 at 10:20 pm #

    Ai, amaaaaa! Erotuta ere ez naiz jartzen ni horrelako olatu baten azpian!!!! :-S

Utzi erantzuna

-->