Tag Archives | aisia

“Lokalismoa”

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Zer egiten dute gaur egungo gazteek asteburuetan? Aurreko batean lagunekin nengoela, lagun batek garaje bat alokatzeko proposamena egin zuen, arratsaldeak pasa eta, kalean egon ordez,  bertan denbora pasatzeko.  Hasieran ideia ona iruditu zitzaidan,  baina etxera iritsi eta pentsatzen hasita, lotsa eta tristura sentitu nuen.

Gero eta ohikoagoa da  koadrila bakoitzak bere lokala edo “lonja” alokatzea, bertan denbora pasatu eta asteburuko “etxe” gisa erabiltzeko. Gasteizko Udalak egindako ikerketa batean, lokal hauen hazkunde garbia ikus dezakegu. Gero eta jende gutxiago ikusten da  kalean, eta horrek tristura puntu bat ematen dit. Gainera, guk ere horrelakoren bat hartzen badugu, gure ondorengoek ere berdin jarraituko dute, eta “lokalismoaren” fenomenoa gero eta gehiago zabalduko da. Ez al da hobea plazan edo kalean denbora igarotzea?

Eusko jaurlaritzak EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta bateko emaitzetatik zenbait ondorio atera ditzakegu. Hasteko, ikus dezakegu gazteen %55ek inoiz ez duela lokalik eduki, %20k lokala duela eta %25ek ez duela, baina noizbait izan duela. Lokala zertarako duten galdetzean, erantzun nagusiena kalean ez egoteko izan da eta lokala ez  edukitzearen arrazoi nagusia alokairuen prezio altua dela ondoriozta dezakegu.

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Lokala duten zenbait pertsonarekin hitz egin ondoren, beraien artean arduragabekeria eta utzikeria nabaritu dut.  Gazte askok bertan igarotzen dituzte asteburuak eta ez dira mugitu ere egiten beste koadrilekin harremanak edukitzeko edo beste ekintza mota batzuk egiteko; hala ere,  egia da beste zenbaitzuek erabilera egokia ematen dietela. Niri neuri denbora galtzea iruditzen zait, horretarako badaudelako beste zenbait egoitza, hala nola, gazte lokala edo gaztetxea. Eremu hauetan autogestioan oinarritutako ekintzak egiten dira, eta guztiek helburu zehatz bat izan ohi dute. Ez al da hobea elkarlanean gauzak egitea edo laguntza behar dutenei laguntzea, bideo kontsolekin edo telebistaren aurrean egotea baino?

Hori gutxi balitz, alokairu hauek diru asko xahutzea dakarte eta, ondorioz, gazte askok gurasoengana jo behar izaten  dute hilero dirua eskatzeko. Gainera, lokal hauek zenbait baldintza eta arau bete behar dituzte eta askok, baldintza horiek ez errespetatzean, liskarrak eduki ohi dituzte bizilagun edota inguruko pertsonekin.

Fenomeno honekin amaitzeko modu eraginkorrena kalera irten eta lokaletan egoten direnekin zenbait ekintza partekatzea dela uste dut, ikus dezaten eraginkorragoa dela; izan ere, lagun berriak egin daitezke eta beste pertsona batzuekin denbora pasa daiteke. Beraz, gazte, irten zaitez kalera eta jolas dezagun denok batera! Kaleak behar zaitu!

Comments { 0 }

YouTube: lana ala entretenimendua?

Argazkia: Wikimedia Commons

Argazkia: Wikimedia Commons

Gaur egun lanbide asko daude. Lanbide gehienak berdinak izan dira urtez urte, baina gaur egungo teknologia aurreraketarekin, lanbide berriak sortu dira internet edo informatikaren arloan; YouTuben, adibidez, esparru bat aipatzearren. Lana kontsideratu al daiteke, baina, horrelako plataformetan jendeak egiten dituen bideoak? Nik, egia esan, baietz uste dut. Goazen bada atal hau puntuz puntu aztertzera.

Lehenik eta behin, denok ezagutzen dugu YouTube. Normalean erabiltzen dugu edo noizbait erabili izan dugu, lan baterako bideoren bat hautatzeko edota denbora pasatzeko. Esan dudan bezala, bideo mordo bat dago. Asko eta asko umorezkoak dira: erorketak, katuak, pertsona batek egiten dituen tontakeriak… Horrelako gauzez bakarrik beterik  dagoela uste dugu. Gune hau ez da, dena den, hori bakarrik. Horretaz aparte, beste bideo mota batzuk topa ditzakegu. Horien atzean jende askoren lana dago, bideo oso onak eta landuak. Pertsona hauek YouTuber izenaz ezagutzen dira.

Aintzat hartuta egiten dituzten bideoak, YouTuber mota ezberdinak daude: gamerrak, vlogeroak… Egiten dituzten bideoak oso landuta daude normalean: euren burua grabatzen dute bai kritikaren bat egiten, tontakeriaren bat, edota bideojoko batean jolasten ari diren bitartean. Hauen lana hori editatzea da eta, ondoren, euren YouTubeko kontura igotzea jendeak ikus dezan. Helburua entretenitzea da. Beste batzuen helburua, berriz, beraien bideoekin jendea pentsatzen jartzea da. Eta ez hori bakarrik. Askotan, bideoekin lortzen duten dirua dohaintzan ematen dute, Ice Bucket Challenge mugimenduaren bideoekin adibidez.

Bestalde, bideoak ikusten dituzten pertsonak normalean gazteak izaten dira. Eta askorentzat YouTuberrak beraien jainko txiki bihurtzen dira. Alde batetik, hori ondo dago, ona delako nerabe baten bizitzan gustuko duzun pertsona bat edukitzea eredu gisa. Halere, bestetik, gerta liteke gazte honek bideoetan ikusten duen pertsona horren ezaugarri txarren bat edo hartzea, eta berak egiten dituen tontakeria berdinak egiten saiatzea, Kanelaren Erronka bezalako probekin.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan dezaket: lan ona iruditzen zait, zuk nahi dituzun bideoak egiten dituzulako eta entretenigarria iruditzen zaidalako modu honetan irabaztea bizitza. Horrez gain, munduan zehar egiten diren jokoen aurkezpenetara edo biltzarretara joan zaitezke, eta bertan atera behar diren gauza berriak proba ditzakezu inork baino lehen. Ez dago gaizki!

Comments { 0 }

Oporrak erlaxatzeko edo leku ezberdinak bisitatzeko?

Pixabay, CC0 Public Domain

Pixabay, CC0 Public Domain

Denok atsegin ditugu oporrak eta beharrezkoak direla uste dugu. Betiko errutinatik ihes egiteko ondo etortzen zaizkigu, ezta? Aisialdia gure burua zaintzeko ere erabiltzen dugu, gure osasuna zaintzeko.  Hala ere, batzuek, oporretan lasai-lasai egon ordez, nahiago dute leku eta kultura berriak ezagutzera joan, hiriak, janaria… Eta zuek zer nahiago duzue, lasai-lasai (etxean naiz kanpoko hiri batean) egon ala leku berriak ezagutzera joan?

Kontsumitzaileen europar zentroak eginiko galdeketa baten arabera, Espainiako helduen %29,94 etxean gelditzen da, %30,86k bidaiatzea erabakitzen du, eta gainontzeko %39,2 bigarren etxe batera joaten da (aitona edo amona lehen bizi zen herriko etxera, adibidez). Horrez gain, bidaiatzeko orduan, gehiengoak agentzia baten laguntza behar duela ere esaten du. Baina laguntza zertarako? Kalitate oneko hotel bat aurkitzeko ala bertako leku interesgarriak bisitatzeko aholkuak eta bisita gidatuei buruzko informazioa jasotzeko?

Pertsona askok, lanaren edo ikasketen ondorioz duten estresagatik, oporrak erlaxatzeko direla esaten dute. Bidaiatzen dutenean, nahiago dute leku lasai batera joan, gehienetan hondartzarekin; horrela, plaia edo igerilekuko etzaulkian etzanda lasai-lasai egon daitezke irakurtzen, eguzkia hartzen edo orain hain modan dagoen mugikorrarekin jolasten edo txateatzen. Baina horretarako kanpora joateak zentzurik ba al dauka? Nire ustez, ez. Hori egin nahi baduzu, hobe da herrian gelditzea! Modu horretan, erlaxatzen zaren bitartean,  dirua aurreztuko duzu, eta diru hori bainuetxeetara joateko edo liburuak erosteko erabili ahal izango duzu.

Beste batzuek, berriz, nahiago dute oporretan duten denbora librea leku berriak ezagutzen pasatu. Hauentzat oso ideia ona da autokarabana bat edukitzea; horrela, diru asko aurreztuko dute hotel eta apartamentuak ez dituztelako ordaintzen. Honen zailtasuna joandako hiri bakoitzean zer ikusi, non aparkatu eta bazkaltzeko leku aproposenak zein diren jakitea da. Hala ere, horrek konponbide erraza dauka interneteko erabiltzaileentzat: badaude hiri ezberdinetako bidaiariek idazten dituzten artikuluak argitaratzen dituzten webguneak, hauek oso ondo azaltzen dituzte hiriko abantaila eta desabantailak eta bertako ezaugarri asko. Hauek dira horietako batzuk: Los viajeros (diarios), Diario del viajero eta Viajeros callejeros.

Hala ere, nire ustez, opor perfektuak izateko, bi aukera horien oreka aurkitu behar da; izan ere, zertarako hiri famatu horietako batera joan, ez badituzu hiriko ezaugarri garrantzitsuenak bisitatzen? Horretarako, hobe etxean gelditzea! Era berean, oporretan erlaxatzea beharrezkoa dela uste dut, alegia, lekuak bisitatzen gaudenean garrantzitsua dela atseden bat hartzea eta hondartza edo igerilekuan botata egotea. Beraz, nire gomendioa  oporretan gauza ezberdinak egitea da, eta kanpoko hiri batera joatean, erlaxatzeaz gain, besterik ez bada, bertako kultura eta monumentu garrantzitsuak bisitatzea. Baina bakantzatan benetan garrantzitsuena dena ONDO PASATZEA da, eta, horretarako, ezinbestekoa da oporrak pertsona egokiarekin pasatzea.

Comments { 0 }
-->