Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160
Tag Archives | bidaiak

Egipto, benetako miraria

piramide_aurreanEgipto aldizkari eta egunkarietan asko azaltzen den herrialdea da gaur egun, bai bere edertasunagatik, baita oso modan jarri den lekua izateagatik ere. Jende askori gustatuko litzaioke bertara joatea egun batzuk pasatzera eta bertako zenbait toki ikustea. Uda honetan zorionekoa izan naiz; izan ere, El Cairoko zenbait mirari ikusi ahal izateaz gain, herrialde honetaz pixka bat gehiago ikasi ahal izan dut.

El Cairo oso famatua da, bertan aurkitzen baitira piramideak. Baina benetan horren ikusgarriak al dira? Egia esaten badizuet, bai. Erabat harrigarria da garai haietan zituzten baliabideekin horrelako monumentuak egin ahal izatea. Hiru piramide desberdin daude, eta horietako bietan sartzeko aukera ematen dute. Nik bakarrean sartzeko aukera izan nuen, eta barrutik ez zitzaidan horren ikusgarria iruditu. Gehien harritu ninduena piramideen tamaina da. Betidanik jakin izan dut handiak direla, baina errealitatean ikusi arte ez nuen pentsatuko horrenbeste zirenik. Bertako inguruetan Egiptoko jende asko ikusten da, eta denek zurekin argazki bat atera nahi izaten duteNi ez nintzen gutxiago izan, noski! Zapi bat jarri zidaten buruan eta beraiekin atera nuen hainbat argazki. Ondoren, beraien gamelu batera igo ninduten bertan argazkiak gehiago ateratzeko.

Piramideen ingurua bisitatu beharreko toki bat da, baina ez bakarra. El Cairon toki ikusgarri gehiago daude, horietako bat benetan polita den Citadelako meskita dugu. 1830. urtean eraiki zuen Yusuf Bushank greziarrak. Meskita ikusteaz gain, etxea ere ikus daiteke, eta beraiei egindako erretratuak nola eta noiz egin ziren azaltzen dizute. Baina benetan bitxia iruditu zitzaidana bertakoek kontatzen duten meskitan gertatutako istorioa da. Meskita hau Mohammed Aliren menpean omen zegoen. Eta kondairak dioenez, jendea aurka zuen hartzen zituen erabakiengatik. Horregatik, egun batean herriko biztanle guztiak elkarrekin Citadelara joatera erabaki zuten Mohammedi boterea kentzeko asmoz. Bertara iritsi zirenean, Alik bere zaldia hartu eta meskita aurreko harresia saltatuz ihes egitea lortu omen zuen.

Denek esaten dutenez, Egiptoko museoa bisitatu beharreko beste leku bat da. Egia esango dizuet: bertan egon nintzen, baina ez zitzaidan gehiegi gustatu, agian, ez nuelako inongo gidarik eta ez nekielako nondik hasi museoa aztertzen. Hala ere, ez nintzen bertako gauza bitxienak ikusi gabe gelditu. Benetan txundigarria da nola kontserbatzen diren harriak, piezak, eta baita momiak ere. Hamar momia ikusteko aukera izan nuen, besteak beste, bere garaian aldaketa handiak ekarri zituen Ramses II.aren momia.

Nire ustez, dena den, Egiptoko aipagarriena bertako jendea da. Izugarria da nola kezkatzen diren zuregatik, beti laguntzeko prest daude, eta zer gutxirekin diren zoriontsu! Kaletik paseatzen zoazenean, denek nahi dute zurekin hitz egin edota zu agurtu. Kanpora afaltzera joan ginen batean, esaterako, taxi-gidariarekin gaueko hamaiketan hotelera bueltatzeko gelditu ginen eta, azaltzen ez zenez, bi mutil gu hotelera eramateko prest agertu ziren berehala. Beraiekin hitz egiten hasi eta konturatu ginen pixkanaka-pixkanaka Egipton ere gauzak aldatzen ari direla. Lehen inork ez zuen edaten edota neska-laguna izaten; gaur egun, ordea, bai. Neska gazteak jada ez dute beloa eramaten eta ez dituzte garai batean egin beharreko errezo guztiak egiten. Dena den, hau guztia aldatu egiten da Ramadan jaian. Nahiz eta, esan bezala, gauzak eraldatzen joan, jai honek berdin jarraitzen du: gazteek egun arruntetan zenbait gauza betetzen ez dituzten arren, jai honetan dena betetzen dute, hau da, ez dute erretzen, ez dute jaten, ez dute urik edaten… Eguzkia ezkutatzen denean, familia osoa elkartu eta jan egiten dute, baita errezatu ere.

Amaitzeko, onartu beharra daukat izugarrizko zortea izan dudala bertara joateko aukera izan dudalako; halere, ezin izan dudanez dena gustatuko litzaidakeen bezala ikusi, noizbait bueltatzea espero dut.

Comments { 7 }

Kaktus bat mozteagatik 25 urte kartzelara?

New YorkEgutegian gorriz markatutako hiruzpalau egun ikustean, oso gutxi dira etxean lasai-lasai geratzen direnak lanera joan behar ezaz gozatzen. Egun horietan,  ohikoena, krisiak baimena ematen digun neurrian,  maletak egin eta mundua ezagutzera joatea da XXI. mende honetan. Nora baina?

Paris, maitasunaren hiriburua, zoragarria da” dio amak zure aitari begira, baina honek nahigo du Egipto bere faraoi, piramide eta antzinako zibilizazio hartako kondairekin. Semeak, aldiz, Sri Lankara joan nahi du; horren izen exotikoa duen tokia ezin txarra izan!! Neska-laguna ez du ados; bere ustez, Karibe bezalakorik ez baitago. Zuk, berriz, Gorbea mendian dagoen nekazal turismo etxe bat proposatu duzu, ederra lekua benetan, baina familiak berehala baztertu du aukera hau. Zer pentsatuko dute bizilagunek oporretan Euskal Herritik kanpora irteten ez bagara?

Eta itsusia al da, bada, Euskal Herria? Edo jendearen iritziaren menpe gaude? Ez, gu geure konplexuaren menpe gaude!! Konplexu hori dela edo ez dela medio, jendeak urrutira bidaiatzeko joera izugarria du eta bidaia horien helmugetako bat munduko herrialderik boteretsuena dugu, Ameriketako Estatu Batuak.

Herrialde honek gurearengandik ez dirudi oso ezberdina: ziur nago aireportuan Coca Cola bat erosi ahal izango duzula, kalean paseatzen zabiltzala Levi’s denda bat aurkituko duzula eta, afaltzeko orduan, Mc Donals batera joan ahal izango duzula, eta hori dena etxe orratz erraldoi eta milaka bonbillaz argiztaturiko kaleetatik irten gabe. Eta, orduan, zeure buruari galdetzen diozu? Zein alde dago Euskal Herria eta New Yorken artean? Bilbo dirudi honek Gabonetako argiak pizten dituztenean!!

konstituzioaBada, Euskal Herritik Estatu Batuetara dagoen alde nabarmenetako bat legeetan dago. Azken hau 1787. urteko konstituzioan oinarritzen da eta, horren ondorioz, lekuz kanpo dauden lege batzuk ikus ditzakegu herrialde honetako 50 estatuetan zehar, esate baterako, kaktus bat mozteagatik 25 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zaitezke. Eta, orduan, geure kultura duen edozein pertsonak egingo lukeen galdera etortzen zaigu burura. Benetan betetzen al dira lege hauek?

Bada, egia esateko, bai. Lege gehienak bete egiten dira, baina, horren lege zaharrak direnez, hamaika interpretazio izan ditzake bakoitzak eta, ondorioz, zigorra epailearen irizpidearen menpe egongo da. Esate baterako, Texasen material lizuna edukitzea debekatua dago, baina epailearen iritzian oinarritzen dira aipatutako materiala lizuna den edo ez zehazteko. Beste batzuk egoera irrealetan aplikatzen diren legeak dira eta horregatik ia ezinezkoa da lege hori aplikatu ahal izatea. Adibidez, elefante bat parkimetro batean lotuta utziz gero, ibilgailu bat utzi izan bazenu bezala ordaindu behar duzu.
Aipatutako bi adibideez gain, mota honetako hainbat lege dago Estatu Batuetan. Dena den, ez dezagun pentsa amerikarrak baino ez direnik lege bereziak dituztenak, Europan beste hainbeste gertatzen da eta.

Hau dena azaldu ostean, pare bat aholkurekin amaitu nahi nuke artikulua. Lehenik eta behin, kanpora bidaiatzeko asmoa baduzue, bertako kultura, ohitura eta legeei buruz pixka bat informatuta joatea aholkatzen dizuet, hauek bezalako lege bitxien erruz ez ditzazuen arazoak izan. Bigarrenik, une atsegin bat igaro nahi baduzue, azpian uzten dizkizuedan lege bitxiak irakurtzea gomendatzen dizuet:

Comments { 5 }

Egipto

EgiptoAurten, zoritxarrez, oporrik gabe geratu naiz lanean egon naizelako. Aspertuta nenbilen egun haietan, aldizkariak eta egunkariak irakurtzen hasi eta jendea Egiptora erakartzeko bidaia iragarkiak ikusi nituen. Haiek ikusita, bertako lurraldea mirari bat dela pentsatu nuen.

Ez dago esan beharrik Egipto bisitan joateko leku guztiz interesgarria iruditzen zaidala, bai kultura eta erlijio eta baita historia aldetik ere. Nire iritziz, eta ziur ez naizela hau pentsatzen dudan bakarra izango, bertan dauden eraikuntza harrigarri eta zoragarrienak piramideak dira. K.a. 3000 urte inguruan eraikita, faraoien botere absolutu eta esklaboen menpekotasun lazgarrienaren isla dira.

Egiptoko zibilizazioak hil ondorengo bizitzan sinesten zuen. Horregatik, faraoiak hiltzen zirenean, euren gorpuak momifikatu eta ondorengo bizitzara joateko prestatzen zituzten piramide barnean gordez. Gorpu-ganbarak lur azpian kokatzen zituzten eta bertara iristeko sekulako labirinto eta tranpak ipintzen zituzten altxor bilatzaileengandik babesteko.

piramideakPiramideak, eraikuntza diren aldetik, era askotarikoak izan daitezke. Gehiengoak sekulako eraikinak dira, nahiz eta neurri ezberdinetakoak topatu, eta kareharriz eginikoak dira.

Buruari buelta batzuk emanez, berehala datorkigu galdera: nola da posible garai hartako baliabideekin gisa honetako obra bati ekitea? Milaka esklabo eta herritarren artean, harea eta adreiluzko behin-behineko arrapalen bidez, blokeak bere lekuraino igotzen zituzten. Eraikuntza amaitutakoan, piramidoi izeneko urrez edo beste material distiratsu batez estalitako bloke bat jartzen zen puntan. Bi milioi eta erdi bloke behar izaten ziren piramide bat egiteko. Izugarria, ezta?

FaraoiaAmaitzeko, hona hemen egiptoarren hainbat bitxikeria:

  • Astronomia oso ondo ezagutzen zuten. 30 eguneko 12 hilabeterekin osatutako 365 eguneko egutegia asmatu zuten. Azkenean, 5 egun zituen soberan.
  • Matematikari bikainak ziren. Biderkatzeko taula asmatu zuten eta trigonometria garatu zuten.
  • Lehen “eguzkitako betaurrekoak” asmatu zituzten. Begientzako margoak ematen zituzten eta galenaz perfilatu. Horrela, basamortuko eguzki gogorraz babesten zituzten begiak.
  • Kalse pribilegiatuetako umeek burua kaskamotz eta alboan txirikorda bat zintzilika zeramaten, bere gaztetasunaren ikur bezala.

Antzemango zenutenez, Egiptora bidaiatzeko irrikaz nago. Ea luze jo gabe horretarako aukera dudan! Zuetako norbait egonda dago bertan?

Informazio gehiago:

Comments { 3 }
-->