Tag Archives | “edertasun lehiaketak”

Umeen edertasun lehiaketak: izua alde guztietatik

Lehen gizakietatik hasita, edertasunari eman zaion garrantzia oso handia izan da, bai objektuetan eta baita pertsonetan ere. Gaur egun, edertasunarekiko dependentzia izugarri barneratua dago gizartean. Denok ederrak izan nahi dugu alor guztietan: publizitatea eta hedabideek saltzen diguten irudia ahalik eta gehien kopiatu nahi dugu. Gainera, lehiaketak ere egiten ditugu, nahiz eta batzuk ankerrak eta lekuz kanpokoak izan. Horren adibide garbiena umeen edertasun txapelketak dira. Zertara jolasarazten diegu ume hauei?

“Beraien haurtzaroa lapurtu diete. Objektu erotiko bihurtu dituzte. Objektu sexualen antzera jokatzen erakusten zaie, besteen gustuko izateko”, ziurtatu du Emily Hancock psikiatrak. Umeek askotan nahimen hori edukitzen dute, baina probabilitate handia dago amets hori amesgaizto bihurtzeko. Hala ere, guraso asko ez dira arriskuen beldur, eta euren seme-alabak publizitatera jauzi egiteko aukera baliotsua ikusten dute.

Nahiz eta arazo kaltegarriak nabariak izan, alde dauden ahots batzuk ere badira. Hauen hitzetan, lehiaketa hauek laguntzen dute umea hezitzen eta trebatzen. Lehiakideek ezinbestekoak diren bi gauza ikasten dituztela diote: beraien buruarekiko konfiantza eta hitz egiteko gaitasuna, publikoarekiko harremana beharrezkoa den ogibideetan funtsezkoak diren ikasgaiak. Ikerketek, aldiz, frogatu dute txapelketa hauetan parte hartutako umeek, heldutasunera iritsitakoan, arazo psikologiko larriak garatzen dituztela. Miss izandako batzuek ziurtatzen dute trauma ugarirekin iritsi direla heldutasunera.

“Askotan gurasoak saiatzen dira beraien betiko desioak seme-alaben bitartez betetzen. Beraien beharrak umeekin asetzen dituzte, konturatu gabe beraiengatik egiten dutela, eta ez umeen nahiengatik”, dio Lucia Gilbertek, psikologa eta emakumezko gaietan aditua. Hau guztia esanda, eta azpiko bideoan agertzen den bezala, gurasoek dute arazo honen konponbidearen giltza, euren alabak behartzeari utzi eta beste era bateko haurtzaro dibertigarria eta osasuntsua eskainiz. Gogorarazi nahi dut 1996an, JonBenet Ramsey, Coloradoko edertasunaren erregina txikiaren kasua: hilda agertu zen, bortxatua izan eta gero, bere guraso dirudunen luxuzko etxean. Krimenaren ustezko egileak gurasoak izan ziren, hain zuzen ere.

Artikuluari amaiera emateko, “Pequeña Miss Sunshine” filma gomendatuko nuke; izan ere, nire ustez, oso ondo erakusten baitu umorearen bitartez lehiaketa hauen ankerkeria.

Comments { 2 }
-->