Tag Archives | EGA

EGA: LEXIKOA lantzeko ariketak

Euskaljakintzakook, gure hiztegia aberastu nahian, azken egun hauetan lexikoa lantzeko ariketak sortzen ibili gara. Dakizuen bezala, azken urteetan berrikuntza ugari egon da EGA azterketan. Puntuazio sistema osoa aldatzeaz gain, hainbat ataletan -lexikoan, irakurriaren ulermenean eta ahozko proban- ere aldaketak txertatu dituzte. Lehen, Sinonimoak deituriko atalean, 10 esaldi ematen ziren eta esaldi horietako bakoitzean azpimarratutako hitzaren sinonimoa eman behar zen; orain, aldiz,  testu labur batean txertaturik, markatutako hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Hitz horietako bakoitzak dagoen testuinguruan duen esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea. Probari Lexikoa izena eman diote. Bada, eredu berria jarraiki, gutako bakoitzak horietako jarduera bat sortu dugu.

Has gaitezen, baina, hasieratik. Ikasturteari ekiten diogunean, ikasle bakoitzak XX. mendeko euskal autore baten irakurgai bat hautatzen du.  Jarraian, autore eta liburuari buruzko informazioarekin, deigarriena iruditu zaionarekin eta iritzi kritikoarekin euskaljakintzako Irakurlearen txokoa atalean argitaratzeko artikulu bat idazten du (ikus gure Irakurlearen txokoaren gunea informazio gehiagorako). Bada, irakurritako liburu horiek baliatu ditugu lexikoa lantzeko jarduera hauek sortzeko. Ziur gaude gure Batxilergo 1eko ikasleei oso ondo etorriko zaizkiela EGA azterketaren Proba Idatziaren atal hori prestatzeko, eta, bide batez, hementxe uzten dizkizuegu zuei ere zuen hiztegia aberastu, euskal autoreen obrak ezagutu edo EGA prestatzeko.

Hemendik aurrera, ariketa hauek eskuragarri egongo dira euskaljakintza EGAn (sinonimoak/lexikoa atalean) eta euskaljakintzako eskuineko zutabean (ariketak atalean). Egin klik irudien gainean lanean hasteko:

LEXIKOA LANTZEKO ARIKETAK
Comments { 4 }

EGA: Ahozko Probaren simulazio bideoa

Duela urtebete inguru EGAko ahozko azterketaren bideo baten berri izan nuen. EGAko azterketaren atal hau zertan datzan azaltzeaz gain, bideo hartan hainbat bikote ikus zitekeen ahozko azterketa egiten. Material ezin hobea iruditu zitzaidan ikasleei erakusteko; izan ere, oso urduri joaten baitira proba hau egitera, eta azterketa pausoz pauso ikustea oso lagungarria -eta lasaigarria, agian- izan zitekeela iruditu zitzaidan.

Horrela, EGAko arduradun batekin harremanetan ipini eta baimena eskatu nion bideoa plazaratzeko, zehazki euskaljakintzan EGA prestatzeko dugun txokoan eskegiteko. Zoriotxarrez, hainbat arrazoi tarteko, baimena ukatu zidaten. Dena den, ikasleei begira izugarrizko dokumentu grafikoa iruditu zitzaidanez, egunen batean guk geuk antzeko zerbait grabatuko genuela pentsatu nuen. Aurreko asteburuan, tramankulu guztiak prestatu eta grabazioari ekin genion.

Komeni da hainbat puntu argitzea. Alde batetik, bideo hartan ikusi genuena islatzen saiatu gara, baina ni ez naiz inoiz egon azterketa barruan. Bestetik, ariketa ezberdinen iraupena errespetatu nahi izan dugu, nahiz eta gerta litekeen esku-hartzeren batean osorik ez betetzea. Bideoarekin batera, grabaziorako prestatutako azalpena ere hementxe uzten dizuegu, azterketaren dinamika argitze aldera.

Ez dago esan beharrik, jatorrizko grabazioaren aldean, geurea oso apala dela, medio eta ezagutza mugatu baina borondate onenarekin egindakoa.

Amaitzeko, bihotzez eskertu nahi dut anaia Txerra, euskaljakintza 5eko Laura Zabala eta Irune Agirre eta gure ikasle ohi Ainhoa Mujikaren laguntza (azken biak azterketarien lan gozakaitzean). 😉

EGA Ahozko Probaren azalpena eta azterketaren simulazioa

Comments { 7 }

EGA: 2010eko 1. deialdi irekia

Egun batzuk baino ez dira falta 2010eko 1. deialdi irekirako matrikula egiteko epea amaitzeko; beraz, oraindik norbait falta bada, hementxe du informazio garrantzitsuena:

Agindua:

  • AGINDUA, 2009ko azaroaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2010 urteko Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGAren) azterketa-eredua finkatzen duena.

Matrikula epeak:

  • Lehen deialdia: urtarrilaren 11tik 22ra.
  • Bigarren deialdia: ekainaren 28tik uztailaren 9ra.

Matrikula egiteko:

Azterketetarako oharrak:

  • Azterketara NA, gidatzeko baimena, pasaportea edo egoitza baimena eraman behar dira. Dokumentaziorik gabe ezin da azterketa egin. Fotokopiek ez dute balio.
  • Garaiz iritsi behar da. Azterketa hasita badago, ezin da inor gelara sartu.
  • Atariko Probarako lapitza eta borragoma behar dira. Beste azteketetan, boligrafoa.

EGA. Jakingarriak

  • Adina? Gutxienez 17 urte eduki behar dira edo 2010ean bete.
  • Deialdi berean beste erakunderen batean EGArako matrikulatuta egonez gero, ezingo da honetan parte hartu.
  • Zenbat azterketa urtean? Urtero bi bider egiten dira EGA agiria lortzeko azterketak. Prentsan iragartzen dira matrikula egiteko deialdiak.
  • Notarik gordetzen da? Ez. Suspendituz gero, berriz hasi behar da prozesu osoa.
  • Erreklamaziorik egin daiteke? Bai. Kalifikazioak berrikusteko eska dezake azterketariak berak, baita proba idatziaren zuzenketa ikusteko ere, horretarako dauden epeetan.
    • Proba idatzia egin duenari baino ez zaio erakutsiko, esandako egun eta orduan.
    • Ahozko probaren emaitza berriksutea eskatu ahal izateko, azterketariak grabatua izan behar du saioa.
  • Aztertzaileak nor dira? Esperientzia handiko euskara irakasleak dira EGAko aztertzaileak, Hezkuntza Sailak izendatuak.

Triptikoa (egin klik irudiaren gainean, triptikoa ikusteko)

EGA prestatu nahi baduzu:

Comments { 1 }
-->