Tag Archives | elkarrizketa

TOM DILLON: “Ikasi dut nola jokalariek edo jendeak, orokorrean, besteak errespetatzen dituzten”

1983an jaio zen Ingalaterrako Leicester hirian. Haurtzaroan irla britainiarrean iparralderantz lekualdatu zen Cumbria konderrira, kirol honekiko afizioa hartzen hasiko zen garaian, eta Durham unibertsitatean antropologia ikasketak burutzen ari zen Newcastle Falcons Ingalaterrako errugbiko talde onenetakoak deitu zionean. Ampo Ordiziaren fitxaketari esker duela pare bat hilabete Ordizian da, eta talde honetan ondo bertakotzeaz ez ezik, Phil Huxfordekin batera, Renfe Ohorezko Ligako jokarari erregularrenaren zerrendan hirugarren postuan dagoela argitaratu berri da.

tom-garazi2bis

Entzuna dut zortzi urterekin hasi zinela errugbian jokatzen. Nola oroitzen dituzu baloi obalatuarekin izandako lehen uneak? Duela asko izan zen. Cricketean, futbolean eta errugbian jolasten ginen zortzi urte nituenean, eta hasieratik errugbia nuen gogokoen; beraz… Baina ez nintzen errugbira mugatu unibertsitatera iritsi arte. Hau zortzi urtetik hogei urtera da. Kirol askotan aritu nintzen: tennis, cricket… kirol ezberdinak. Unibertsitatean aukeratu nuen errugbia, eta hori baino lehen kirol ezberdinetan ibilia nintzen.

Zahartzen eta handitzen joan ahala, ikasketei eskaini behar zaien denbora ere handitu egiten da; eta kirolean jarraitu nahi izanez gero, azken alor honetan sartu beharreko ordu kopurua ere gorantz doa. Badirudi, halere, Durham unibertsitatean ikasketak eta errugbia aldi berean uztartu ahal izan zenituela. Une zailak ere izango zenituen. Non dago sekretua? Ona da kirola ikasketekin konbinatzea, unibertsitatearekin, ona baita burmuinarentzako liburuekin lanean aritu ondoren, pare bat ordu kanpoan korrika ibiltzea. Ona da.

Oso erraza da biak batera uztartzea, eta ni ez nintzen profesional bihurtu unibertsitatea utzi arte; beraz, unibertsitatean nintzenean, errugbia askoz ere intentsitate gutxiagokoa zen, ez zen hain profesionala. Newcastle-ekin kontratua sinatu nuenerako amaituta nituen ikasketak. Karrera bat eta errugbi profesionala batera uztartzen dituztenek gehienetan utzi egiten dituzte ikasketak, energia asko eskaini behar baitzaio errugbiari; beraz ikasketak eta kirol profesionala…

Gogoratzen al duzu Falconsekin jokatu zenuen lehen aldia? Gazteen taldean jokatu nuen unibertsitatean nintzela . Eta leku izugarria da, beldurgarria. Leicester Tigers ia Europako talde onena da. Nire lehen partidua zen gazteen taldean, eta oso-oso gogorra izan zen; ez dut inoiz ahaztuko.

Guinness Premiership ligatik Espainiako Ohorezko Mailara etortzea, kirolari dagokionez, atzerapauso bat kontsidera daiteke. Zer deritzozu horri? Espainiako liga gero eta hobea bihurtzen ari dela esango nuke; erraza da Frantzia, Ingalaterra, Zeelanda Berria eta beste lurralde batzuetatik etortzeko prest dauden jokalari on kopurua aipatzea. Ondorioz, liga denboraldiro gero eta zailagoa bilakatzen ari da. Baina, bai, Guinness Premiership askoz ere intentsitate handiagokoa da, oso liga gogorra, eta urte batzuk pasa beharko dira errugbi espainiarrak Ingalaterra, Frantzia eta hego-hemisferioko taldeen intentsitatearekin lehiatzeko gai izan aurretik. Baina bide onetik doa. Antolaketa ona du eta umeen edo gazteen artean gogo handia dago, bereziki Ordizian. Bai, bide onetik doa.

Tom DillonMunduan zehar mila dira errugbi liga duten herrialdeak, eta mila leku interesgarri daude. Nolatan etorri zara Ordiziara? Bada, beti izan dut Frantzian edo Espainian denboraldi batez bizitzeko gogoa; probatzeko, hizkuntza bat ikasteko eta esperientzia berri bat bizitzeko. Ingalaterran jolasten jarrai nezakeen, baina aldaketa nahi nuen. Arrakastatsua izan da, jendea oso jatorra da hemen eta orokorrean oso gustura nago.

Aipa al ditzakezu, bi hitzetan, Ampo Ordiziaren puntu sendo eta ahulenak? Puntu sendoena harrobia dela iruditzen zait; jokalari gazteenak eta antolaketa edo oreka lortzeko modua, kanpoko jokalariak ekarriz eta, aldi berean, Ordiziako eta inguruetako jokalariak prestatuz. Beraz, oreka ona dago extanjeros eta bertako jokalari gazteen artean. Ez dakit ezagutzen duzun jokalari gazteren bat: Julen, Aitzol eta besteak… Oso onak dira. Eta beste gauza on bat veteranosen lana da. Oso onak dira antolatzen eta jendeari laguntzen. Giro ona dago, oso ona denak oso lagunkorrak dira. Elkarte leiala da, hurbila, gertuko kluba da. Eta puntu ahulenak… (barrez) Erantzun egin beharko dut, bada. Puntu ahulak ez daude asko. Seguruenik kanpoan jokatzen dugunego bidaiak aipatuko nituzke, autobusa hartu behar baitugu Valencia, Benidorm eta abarretara joateko. Hamabi ordu, hogeita lau ordu itzulera barne. Hobe hegazkinez (barrez).

Zer moduzkoa da Amporen hirugarren denbora? Hirugarren denbora? Zer da? A bai, ulertzen dut! (barrez) Ez neukan entzunda.
Oso ona da, bai. Sozietatera joaten gara, otorduak izaten ditugu, jatetxeetan ere bai, denok batera… gauza onenetarikoa da. Partidu ostekoa, ohiturak… Hori ona da.

Futbola gizon nobleen kirola da alprojek jokatua; eta errugbia, berriz, alprojen jokoa gizon nobleek jokatua. Esaera britainiar honi jarraiki, inguru hau, alprojez josita legoke. Ez al zaitu apur bat atsekabetzen futbolak hemen duen domeinuak? Ez, ez nau atsekabetzen. Espainiako kulturaren osagai bat da, eta errugbia, integrazio kulturalari dagokionez, futbola bezalakoa dela esango nuke. Gainera, berdina gertatzen da Ingalaterran, futbola sekulakoa da eta… Nik gustuko dut futbola, hortaz, ez dut arazorik. Egia da hainbat kasutan fan batzuek ez dutela ondo neurtzen. Futbola espainiako kulturaren zati bat da, eta hori ona da.

Ba al da ezer zelaian ikasi duzunik eta, era berean, bizitzarako balio izan dizunik? Bai, zera ikasi dut gizon zuzendaritza edo antolaketari buruz: errespetua. Nola jokalariek edo jendeak, orokorrean, besteak errespetatzen dituzten. Ez esan dezaketenagatik, egiten dutenagatik baizik. Errugbia adibide ona da, lider onenak ondo jokatzen duten pertsonak dira. Jende askok hitz egin eta hitz egiten du errespetuari buruz, baina zelaian egiten duenak bestela dio. Ondorioz, hori da errugbiaz kanpo aplika daitekeen ikasgaia. Eta badaude ikasgai gehiago, batez ere pertsonen arteko zuzendaritza edo antolaketari buruz. Zein garrantzitsua den gauza batean konzentratzea, adibidez. Eta lidergoari buruz ere bai. Lidergoa oso garrantzitsua da errugbian. Errugbian lider ona dena maiz lider ona da errugbitik kanpo, negozioetan eta bestelako gauzetan.

Eta zelaitik kanpo ikasitako ezer zelaian erabilgarria izan zaizunik? Hori galdera sakona da! (barrez) Suposatzen dut, adin batera iristean, harrotasunagatik baino gehiago familia eta lagunengatik jokatzen duzula hein batean. Egia da, denbora baten ostean, zure lagunak eta senideak zu babesten ari direnean, hori itzuli egin behar diezula sentitzen duzula.

Errugbiaz gain, zer zalentasun duzu? Bada, gitarra jotzen dut eta asko irakurtzen dut. Orain gaztelania ikasten saiatzen ari naiz, eta horregatik ez dut gehiegi irakurtzen. Beste kirolak ere gogoko ditut: tenisa, cricketa, saskibaloia…

Batxilergoko kideok hamaika zalantza ditugu burutu nahi ditugun ikasketak erabakitzeko orduan; izan ere, aurten hartu behar baitugu erabakia. Gomendatuko al zenioke inori antropologia ikastea? Bai, gomendatuko nuke; oso interesgarria da. Gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da, negozio munduan sartzen ari baita. Gainera, esparru ezberdinak ukituz, baita haurrena ere, gero eta erabiliagoa bilakatzen ari da. Oso erabilgarria eta interesgarria da; gomendatuko nuke.

Ingeles kulturak eta euskal kulturak ezberdintasun nabarmenak dituzte, horietako zenbait aurrez ezagunak izango zenituenak. Halere, ba al da euskaldunongan ezer atentzioa eman dizunik?

Txikitako marrazki bizidun gogokoenak: Nola da? Txori korrikalaria… (Correcaminos edo Road Runner izango delakoan)
Jokalari bat: Johnny Wilkinson
Partidu onena: New Zealand-France, Word Cup 1995ean (uste dut)
Hitz bat euskaraz: Gero arte
Eskolako gai politena: Ingeles literatura
Eskolako gai itsusiena: Kimika
Zelaitik kanpo plakatu nahi zenukeen norbait: Gordon Brown
Jaki gustukoena: Txuleta
Harenganako hutsunea sentitzen duzun norbait edo zerbait: Nire neskalaguna
Boris edo Tom? Uh, I see, da igual…

Oso interesgarria da zein sendoa den familia. Familia eta kuadrillak. Lagunen sistemak oso ezberdinak dira. Ingalaterran askoz independienteagoak gara, eta Ingalaterrako alderdi guztietako lagunak ditugu… ausaz. Hemen adiskidetasuna bizitza osorako da neurri handi batean, nahiz eta apur bat orokortzea den. Oso interesgarria da bizitzan aurrera egin ahala, loturak zein sendoak diren ikustea. Eta janaria zoragarria da (barrez). Janaria aparta da.

Gaztelania menperatzen duzula ikusten da. Inoiz pentsatu al duzu euskara ikastearen erronkari aurre egitea?
Latina eman nuen eskolan, eta hori lagungarria da gaztelania ikasteko garaian, antzekotasunak dituelako. Euskarak ez du inongo loturarik ingeles edota latinarekin; beraz, pixka bat itxaron egingo dudalakoan nago. Hitz gutxi batzuk dakizkit, moldatzeko adina; baina gramatika ere… Itxaron egingo dudala uste dut (barrez).

Galdera motzen da igual horren ostean amaiera eman genion elkarrizketari, eta kamarak jasotzeari ekin genion Altamirako instalazioak uztekotan. Nire itzulpen akatsak (ia termino berri bat asmatu nuen, third half) eta kafe-makinak egindako soinuak alde batera utzirik, nola grabaketan lagundu zidan laguna hala ni, elkarrizketa polita izan zelakoan geunden. Tom ezagutzeko aukera eta berarekin orduerdi hori pasa ahal izanagatik zoratzen urrundu ginen handik…

Tom Dillon jokalari apartari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu ondorengoetan:


Prentsa ebakinak:

“El Ampo Ordizia ficha a Tom Dillon, procedente del Newcastle Falcons”  (DiarioVaskok 2009ko irailaren 6an)

El Ampo Ordizia ha sorprendido a los integrantes de la División de Honor del rugby al incorporar al apertura inglés de 25 años Tom Dillon, procedente del Newcastle Falcons, donde el año pasado jugó con la estrella mundial Jonny Wilkinson.
Mide 1,90, pesa 93 kilos y hace daño tanto por el centro como en la posición de apertura. Tiene un cañón en el pie. Dillon cuenta con 19 partidos disputados en Inglaterra, tanto en la Guinnes Premiership como en la Copa. Promete dar mucho que hablar en la inminente nueva temporada.

“Espainiako Ohorezko Maila gaur hasiko da, hiru euskal talde bertan direla” (Berriak 2009ko irailaren 13an)

Hiru euskal talde ariko dira denboraldi honetan ere Espainiako Ohorezko Mailan: Ampo Ordizia, Pegamo Bera Bera eta Bizkaia Gernika -Getxo Arteak iaz galdu zuen maila, eta Gernikak berreskuratu-. Gaur hasiko da denboraldia…Bera Berak…Ordiziak etxetik kanpora ekingo dio sasoiari. Valladoliden du partida Quesos entrepinaresen kontra (12:30). Gipuzkoarrek zazpigarren bukatu zuten iaz, baina ez dute orduko estutasunik nahi. Indartu dira haiek ere, eta ligako izarretako bat izango dute taldean: Tom Dillon. Aurten arte Ingalaterrako Liga Newcastle Falconsen aritu da, 26 urte ditu, eta etorkizun handiko jokalaria dela diote.

Comments { 2 }

Nur: “Musikari izan nahi duenak musikan pentsa dezala, ez haren ondorioetan”

Escondida-NurEskua altxa dezala La Oreja de Van Gogh, Amaia Montero, Jonas Brothers eta delakoak bakarrik entzuten dituenak. Errespetu guztiz, noizbait beste zerbait entzun al duzue? Oraingoan, oso ezaguna ez den Nur-ekin posta elektronikoaren bidez izan nuen elkarrizketa aurkezten dizuet, bera Madrilen bizirik eta ni Euskal Herrian, biak elkartzeko aukera hutsa baitzen. Izen askorik ez duten milaka talde daude ezkutaturik, beraien ateak noiz irekiko zain itxaroten. Horietako askok dudarik gabe gaur egun “artista” ugarik duten arrakasta merezi dute. Nur, agian ezaguna egingo zaizue batzuei, Operacion Triunfo telebista-saioan parte hartu baitzuen 2003. urtean, hirugarren edizioan, alegia. Musikari buruzko iritzia eta bere lanari buruz adierazmenak egin dizkigu artista gazteak. Ondoren duzuen elkarrizketa, goza dezazuela!

Nuria Elosegui izeneko 18 urteko gazte batek bere jaioterria atzean utzi, Bartzelona, eta abentura berri batean sartzeko asmotan Madrilera joan zen. Nola har dezake gure adineko pertsona gazte batek horrelako erabaki garrantzitsua? Hain garbi zeneukan musikaren munduan murgildu nahi zenuela? Txiki-txikitatik jakin izan nuen nire mundua musika zela. Ondorioz, pauso batzuk emanez joan nintzen, eta Madrilera ekarri ninduen bizitzak. Ez nekien nire musika egiten hainbeste murgilduko nintzenik eta hori da, gaur egun, gehien eskertzen dudana. Madrilera etorri nintzenetik musika sortzeko beharra sumatu dut.

Askok eta askok gaur egun hain ezaguna den Operación Triunfon ezagutu zintugun, 2003. urtean hain zuzen ere. Zure ahots liluragarriak, zure begikotasunak, besteak beste, maitemindu egin gintuzten. Bizi izan duzunaren arabera, programan parte hartzeak eragina izan al du kanpoan era positibo nahiz negatiboan? Zein zentzutan? Nire esperientziaren arabera, ezin jakin eragin ona edo txarra izan duen OTn parte hartzeak; hala ere, badakit lehiaketatik bereizi nintzen unea atzera pausu bat izan zela, berriz ere hutsetik hastea bezala. Pertsona batzuek gehiago ezagutzen nindutela izan zen diferentziarik nabarmenena. Horiek, hasiera batean behintzat, kontzertuetara batzen ziren; halere, jendearen kopurua jaisten joan zen, nire lehenengo diskoa editatu ez nuelako eta, beraz, promoziorik ez zegoelako. Azkenean, nire abestiak gehien sentitzen zituztenak gelditu ziren, beraien bizitzak narratzen zituzten abestiak bailiran hautematen zituztenak, alegia.

NUR kate motzean…
Amets bat: Abestiak jotzez bizi
Abesti bat: Sunday Afternoon
Zure abesti bat: Sola
Musika estilo gogokoenak: Rock, blues…
Abeslari gustukoenak: Rachael Yamagata, Amiee Mann, Aretha Franklin…

Gaur egun izugarri kritikatzen zaio Operacion Triunfo reality-ari. Fama gehien izan zutenak ahaztuta duade. Identitatez aldatu beharko dute lehiakideak arrakasta izateko, Virginia Maestrok, orain Labuat, egin duenaren antzera? Horrelako telebista-saio batean parte hartzean egon ohi diren aurreiritziek arrakasta musikalik gabe uzten al ditu lehiakideak? Lana kalitatezkoa izanez gero, ez litzateke inongo arazorik egon behar arrakasta izateko; halere, horrelako lehiaketa garrantzitsu bat irabaztean, zugandik ateratako zerbait produzitzearen aldekoa naiz. Edozein produktuk bezala, “produktuek” iraungitze data bat daukate. Virginiak bere talentu eta benetako nortasunarekin denok aho zabalik uztea espero dut.

Gogo ugari eta lan are gehiagoren ondorioz, zure lehenengo diskoa grabatzea lortu zenuen. Bere izena Escondida da eta 13 kanta eta, zuk diozunez, 13 istorio errealez osaturik dago. Nola bizi daiteke uneoro nor bere abesti, bizitza eta esperientzian murgildurik? Ez ote da izango nostalgia gehiegi? Nostalgiarekin bizi naiz, bai musikaren munduan nahiz tratu pertsonalean. Oso naiz sentibera eta horrek, denak bezala, bere alderdi onak eta txarrak ditu. Izugarri gogorra da zure musika hain autobiografikoa izatea, askotan izugarri kostatzen baita kanpora irten eta zure bizipenak abestea; hala eta guztiz ere, hori hain suspergarri izateak aurrera egiten laguntzen du. Hain da handia askatasun sentimendua, non gaur egun nire bizipenak idazten hasi naizen, fikzioarekin nahastuz. Beraz, nire bizitzan beste ate bat irekitzen ari dela esan dezaket.

Nur musikariaZoritxarrez, Escondida oraindik ez dago dendetan salgai. Zein da zure lehenengo lanaren etorkizuna? Zer esan ohi dizute gertukoek eta ez hain gertukoek zure diskoari buruz? Gaur egun, egitasmoa aribidean dago, aukera guztiak ahalik eta ongien aztertzen ari gara. Gure inguruan daudenek abesti guztiak gozatzen dituzte eta beti galdetzen digute ea noiz aurkituko den Escondida salgai. Hala eta guztiz ere, badakigu gaur egungo egoera nolakoa den; beraz, esan bezala, aukera guztiak aztertzen ari gara. Opari bikaina izango litzateke laster kalean aurkitu ahal izatea diskoa!

Zure bigarren lana laster grabatzen hasiko zarela esan digu txori txiki batek. Noiz duzue grabatzen hasteko asmoa? Zein estilo ageriko dira bertan, Escondidan ageri diren kantenak edo berrikuntzaren bat topatuko dugu? Estilo propioa izango du bigarren diskoak, baina lehenengoaren eragina garbia izango da, musikari dagokionez batik bat; halaber, autorearen hazkunde pertsonala nabarmenduko da eta erritmo berriak aurkitzeko apeta izango dugu. Oraindik goiz samar da hitz egiteko, baina lehenengoaren ezberdina izatea behar dut, Escondida bakarra izatea nahi baitut.

Madrilen kontzertu asko izan ohi dituzu, eta ikusten dugunez, laster beste hainbat izango duzu bertan. Baina noiz etorriko zara euskal lurretara? Ahal bezain azkar bertan izango gara! Kanpora irteteko gogorik ez zait falta eta are gutxiago Euskal Herrira joateko: nire lehenengo abizenak adierazten duen bezala, Euskal Herriarekin konexio berezia daukat.

NurGaur egungo gazte ugarik euren etorkizuna musikarekin erlazionaturik ikusten dute; nolanahi ere, denok dakigu musikaren munduak etorkizun ez oso ziurra izan dezakeela, abeslari eta musikari ugari baitago. Gainera, musika gero eta gutxiago saltzen da pirateria eta direlakoak medio. Musikaren munduan murgildurik zaudenez, zure lehenengo lana aurrera eraman eta bigarrenaren bila zoazenez, zer aholkatuko zenieke gazte horiei? Musikan pentsa dezatela esango nieke, ez haren ondorioetan. Musikari izan nahi duenak musika sortzen du, eta bere barruan duenarekin musika aterako du; denok dakigu, ostera, musikak ez duela etorkizun ziurrik. Alderdi industrialari dagokionez, bertan murgiltzen garen unean, ez gara gu izango erabakiak hartzen dituena.

Asko hitz egiten da musika komertzialari buruz gaur egun. Batzuek hori dute gustuko; beste batzuek, ordea, ez dute batere atsegin. Zer iritzi duzu musika komertzialaren inguruan eta bere aldamenean dagoen guztiari buruz? Dena kontsumitzen den musika komertzialaren eta bakoitzak musika komertzialaz ulertzen duenaren arabera doa. Badago musika komertzial mota bat izugarri atsegin dudana: The Rolling Stones, Janis Joplin, Eric Clapton, Joaquin Sabina, M-Clan, Pereza… Talde errespetagarri ugari dago. Hala ere, badaude beste asko ganora gabekoak eta askotan horiek dira irratiaren bitartez gure entzumena erretzen dutenak. Azken finean, horiek dira iraungitze data duten abestiak. Leku guztietan daude merezi duten gauzak eta nola-halako gauzak. Aukeratzen jakin behar da!

Eskerrak eman nahi dizkiot Nur artista katalanari Euskaljakintzarentzat tartetxo bat egin izanagatik. Denok ikasi beharko genuke zerbait ezkutuan daudenengandik, askotan horiek baitira gauza gehien irakasteko ahalmena dutenak.

Comments { 0 }

Asier Oruesagasti: “Nire ametsa beste film batean parte hartzea da”

Elkarrizketa bat egin behar genuela entzun bezain laster, nire elkarrizketatua izango zenaren bila hasi nintzen. Telefono dei batzuk egin eta gero, garbi neukan nire hurrengo urratsa Legorretara abiatzea izango zela. Pentsatu eta egin! Hantxe azaldu nintzen ni ikaskide bat eta bideo eta argazki kamera lagun nituela… Asierrekin elkartzeko asmoz.

Asier Oruesagasti, 21 urteko donostiarra, Goenkalen egiten duen Kevinen pertsonaiarengatik ezaguna dugu. 21 urte izan arren, bapo jardun du lanean: “Aldamio etxea, izango da gurea”, “Andereñoen orkestra”, eta “Shakespeare osoa edo ia”antzerkietan ibilitakoa da, besteak beste. Skizo filmean eta beste zenbait telesaiotan ere aritutakoa da, esaterako, Goenkalen (Kevin Iturriagaren papera eginez), Balbemedin eta Wazemanken.

Hasteko, Goenkale telesaioan denbora asko daramazu, zure paperik ezagunena izango da seguruenik. Nola hasi zinen bertan? Egia esan, urteak neramatzan Goenkalerako castingak egiten. Duela hiru urte inguru, Markelen pertsonaiarako castinga egin nuen, eta erantzuna ezezkoa izan zen. Hala ere, kapitulu pare batean agertuko zen Kevin izeneko pertsonaia bat bazegoela esan zidaten. Handik bi hilabetera, pertsonaia txiki bat bezala hasi zen, eta hortik aurrera gaur egun arte.

Goenkalen, Kevin Iturriagaren papera egiten duzu. Nola prestatu zenuen zure pertsonaia? Norbait izan zenuen eredu? Egia esan, ez; ez nuen izan inor eredu. Gainera, oso denbora gutxi izan nuen papera moldatzeko; hortaz, iristen zitzaizkidan testuen arabera hasi nintzen prestatzen pertsonaia.

Aurreko hariari jarraituz, eta aurretik aipatu dudan bezala, Goenkalen denbora asko daramazu. Zalantzarik gabe, denbora horretan guztian anekdota asko izango dituzu. Kontatuko al diguzu horietako bat? Egia esan, lanean baino, kanpoan gertatu zaizkit anekdota gehienak. Ondoen gogoratzen dudan bat Hernanin izan zen. Uda aldera izango zen, duela bi urte inguru. Kalean geundela gauez, bai niri eta bai Harkaitz Gartzia handiari, Goenkaleko beste aktore bati, 40 lagun inguru hurbildu zitzaizkigun autografo eske. Gainera, gauean izanda, harrapatzen zaitu oso… ez dakit!

OruesagastiEgunero grabatzen al duzue? Deskribatuko al diguzu nolakoa den grabazio egun arrunt bat? Bai, astelehenetik ostiralera grabatzen dugu. Luzea, oso luzea izaten da grabazio egun bat. Zehatzago esanda, ez ditugu sekuentzia gehiegi edukitzen aktoreok, baina gehienetan, bai nik baita beste aktoreek ere, goizeko zazpietan igo beharra izaten dugu eta hirurak arte han egon behar izaten dugu grabatzen. Beraz, luzeak, nahiko luzeak izaten dira.

Zein izan da antzeztu duzun eszenarik zailena edo larriena? Ez dakit. Larri gutxi, eta zailak azkenean erraztu egiten dira azkarrago joan ahal izateko. Oso denbora gutxi dagoenez grabatzeko, sekuentziak grabatzeko, zailak erraztu egiten dira. Beraz, zailak ez daude.

Antzerki munduan ere maiz ibilitakoa zaitugu. Zein da gogokoen duzuna egin dituzunetatik eta zergatik? “Eta zer?” izango litzateke gogokoen dudana antzezlanetatik, Dar-dar konpaniarekin. Hau, berez, nire lehen antzerki profesionala da. Besteak, aldiz, Zurriola eskolarekin egindakoak dira 12 urte hauetan. Politak? Asko, gehienak komediak. Oso oroitzapen onak dauzkat antzerki hauetaz. Baina gehien gustatzen zaidana “Eta zer?” izango litzateke.

Film batzuetan ere parte hartu duzu, esaterako, Skizo filmean. Nolako esperientzia izan zen film bat grabatzea? Oso esperientzia ona. Gainera Goenkalen aritu ondoren… ez barkatu, Skizon hasi nintzen Goenkalen baino lehen; beraz, oraindik ez nuen ezagutzen Goenkaleko martxa; hala ere, oso esperientzia ona. Gainera, sekuentzia bat grabatzeko denbora asko hartzen da eta honek ematen dizu denbora pertsonaia lantzeko. Eta hori, Goenkalerekin konparaturik, esperientzia desberdina zen. Agian, niri gehiago gustatzen zait zinea telebista baino. Baina, adibidez, beste jende askorekin hitz eginda,  batzuek esaten dute nahiago dutela telebista.

Grabatzeko hartzen den denboraz gain, zein beste desberdintasun dago film eta telesail baten grabazioen artean? Beste desberdintasun bat izan daiteke gidoia bera. Telesail batean badakizu nola hasten zaren, baina ez dakizu inoiz nola bukatzen den edo zer gertatuko zaion pertsonaiari. Antzerkian eta film batean, aldiz, gidoia hasieratik bukaerara ematen dizute. Badakizu pertsonaiek zein gorabeherak izango dituzten eta nola eboluzionatuko duten. Nahiko nuke telesail batean horrela izatea, baina ezin da…

Aipatutako generoetatik zeinetan aritzen zara gustukoen eta zergatik? Gustukoena antzerkia dut, egunero emanaldia desberdina izan daitekeelako. Gainera, publiko edo ikuslearen erantzuna ere bertatik bertara jasotzen duzu. Eta hortik abiatuz, badakizu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Horrela, jolastu egin dezakezu: zerbaitek ez badu funtzionatzen, saltatu edo ahalik eta azkarren pasa, eta aurrera jarraitu. Film edo telesail batean, berriz, ez dakizu jendeak nola hartuko duen.

Zure lanari buruz asko hitz egin dugu dagoeneko. Orain, zure bizitzari buruz galdetu nahi nizuke. Ba al duzu ametsik? Izango ez dut, ba! Izan ere, duela 3 urte nire ametsa film batean parte hartzea zen. Orain ere nire ametsa berriro ere beste film batean parte hartu ahal izatea da.

autografoaNolako portaera izaten du jendeak zurekin kalean topo egitean? Ezagutzen al zaituzte? Arazorik suposatu al dizu horrek inoiz? Ezagutu, ezagutu, bai. Ikusten da, ez? Kaletik zoazela, Donostiatik paseatzen eta begiradak edo… Orduan begi bistakoa da, desberdina da herri txikietan. Hauetan askoz ere gertutasun handiagoa dagoela ematen du: hurbiltzen zaizkizu, eskutik heldu eta… Baino oso esperientzia ona. Orain arte, gainera, Kevinen pertsonaiarengatik ezagutu naute eta ezagutzen naute denek.  Esan dizkidaten gauzak guztiak onak dira: zer ondo egiten duzun, edo zer gaizki pasatzen ari zaren, edo horri merezi duena eman …

Nolakoa zinen ikasle garaian, hau da, zein motatako ikasle izan zinen? Zein ikasgaitan zinen txarra? Txarra. Behartuta ikasi behar nituen gaiak eta oso gaizki eraman ditut beti; beraz, ikasle aldetik oso txarra. Bakarra? Historia, agian. Testu asko… ez zitzaidan interesatzen, beraz.

Nolatan piztu zitzaizun aktore izateko grina? Bada, oso txikitatik piztu zitzaidan grina. Gurasoek beti kontatu izan didate bizpahiru urterekin nire antzerki propioak prestatzen nituela nire gelan, eta gero sofan eserarazi eta erakusten nizkiela; beraz, oso txikitatik.

Bukatzeko, euskaljakintzako Goenkaleko zaleentzat ba al duzu esklusibarik? Esklusibarik? Bada, esklusiba bat izan daiteke laster hasiko naizela “Ahuntza” izeneko antzerki obra batean, Txalo konpainiarekin, eta oso pertsonaia interesgarriarekin. Espero dut gogokoa izatea.

Elkarrizketa bukatu ostean, euskaljakintzarentzat autografo bat eskatu nion. Legorretan egin behar zuen emanaldirako prestatu egin behar zenez, eskerrak eman nizkion eta berehala pertsonaia prestatzera joan zen. Asier, mila esker tartetxo hori eskaintzeagatik eta zorte on zure lanari dagokionez. Ea hurrengo urteetan film askotan ikusten zaitugun! Mila esker bene-benetan.

Comments { 2 }
-->