Tag Archives | errespetua

Errespetu eza gazteon gauza omen da…

Gaur egungo gazteek ez dute errespeturik. Esaldi hau askotan entzun eta irakurri behar izaten dut adin handikoen ahoetatik. Lehengo egunean, lagun batekin kalean nengoela, ikusi nuen ume talde bat baloiarekin jolasean zebilela. Baloiaz amona bati buruan jo eta gaixoa lurrera erori zen kaskarrekoarengatik. Korrika joan nintzaion laguntzera, baina berak sekulakoak esan zizkidan. Gehien harritu eta nire onetik atera ninduena izan zen ni berari laguntzera joan nintzela azaltzean, berak, garrasi batean, “ez duzue errespeturik” esan zidala.

Gure kultura dela eta, txikitatik balio batzuk erakusten dizkigute. Txikitatik ikasi dugu helduagoei, batez ere, errespetuz hitz egin behar zaiela. Denok dakigun bezala, ume batzuek ez dituzte balio horiek barneratzen, ez txikitan eta ez heldu egiten direnean… Hor dago gakoa. Hala ere, hainbatek egiten dituzten orokortze horiek denak zaku berean sartuz, sutan jartzen naute. Munduan denetik dago: bai errespetu handia duten gazteak, bai errespetua zer den arrastorik ere ez dutenak. Halere, heldu batzuek ez dakite umeenganako eta gazteenganako errespetua zer den, eta hori ere esan beharra dago.

Hasteko, aipatu beharra dago oso orokorra dela denak zaku berean sartzeko ohitura, eta honek hainbat arazo ekartzen dituela gure gizartera. Gai guztietan gertatzen da, eta bistakoa da ez dela horrela. Aintzakotzat hartzen dira kasu hauetan gauza on guztiak, eta txarrak baino ez dira plazaratzen. Edonori ematen dio amorrua bere aurka horrelako orokortzeak egiteak; hala ere, denok dugu horretarako joera.

Zehazki kasu honetan, alde batera utzi beharko lirateke topikoak (gazteak dira…), eta kasu bakoitza aztertu beharko litzateke. Badira gaizki ohituta dauden umeak eta ez hain ondo jokatzen duten helduak ere. Halere, esan genezake haurrak beraien aldeko argudio garrantzitsu bat dutela, hauek ikaste-prozesuan baitaude. Gauzak honela, arrotzagoa egiten zaigu zenbait helduk jarrera desegoki hauek izatea, baina denetik aurki dezakegu.

Jaiotzen garenetik erakutsi ohi dizkigute ondo eta gaizki dauden jokabideak, eta garbi dago denok ez dizkiegula ematen garrantzi bera balore batzuei zein besteei. Pertsona oro desberdina da eta jokabide desberdinen arrazoi bakarra hau litzateke. Ez dut uste adin kontua denik.

Comments { 3 }
-->