Tag Archives | fama

Pribatutasunaren prezioa

Egunkarietan, telebistan, lagunarteko solasaldietan, aldizkarietan… medio guztietan eta edozein ordutan hitz egiten da pertsona ospetsuei buruz. Zehatzago izateko, ospetsuen bizitza pribatua izaten da guztion ahotan, beti txutxu-mutxuak bilatuz. Esaterako, azkenaldian Fernando Alonsoren kirol ibilbide arrakastatsuaz hitz egin ordez, emaztearekin izaten ari dengorabeheraz hitz egiten da.

Famatuek ezin dute sekreturik izan, ezin dute kalera irten beste edozein hiritar bezala, esaten edo egiten dituzten ekintza guztiak epaituak izango baitira. Are gehiago, hondartzara joatea oso arriskutsua izan daiteke pertsona hauentzat, beti baitago paparazziren bat bainujantziaren diseinua kritikatzeko, iztarretako zelulitisa agerian uzteko edo edozein egora estutan harrapatzeko. Ospetsuen bizitzari buruz dena dakigu, intimitate xumeena ere, eta ia ez dute pribatutasunerako eskubiderik. Hori gutxi balitz, presio handia izan ohi dute; izan ere, bai kirolariak, bai abeslariak, bai modeloak edo baita beste edozein pertsonaia ezagun ere gure erreferente bihurtzen dira eta sarri beraien jarrerak imitatzen saiatzen gara.

Hala ere, pribatutasun falta hau guztiz txarra al da ospetsuen interesentzat? Askotan beraiek, ospetsuek, probokatzen dituzten egoerak dira bihotzeko prentsako aldizkarien lehen orrian ezartzen dituztenak. Fama iragankorra da, noski, eta telebistako elkarrizketak egiteagatik ordaintzen zaizkien itxuragabekeriak agortzen zaizkienean, luxuzko festa garrantzitsuetara gonbidatzez uzten zaienean eta ohituta dauden bizi maila altura egokitutako bizimodua mantentzeko diru gabe ikusten dutenean euren burua, orduan, garbi ikusten dute irtenbidea: pribatutasuna saltzea.

Zer esan nahi du honek? Famatuek euren eguneroko bizitza edo iraganeko pasarte pribatu eta morbosoak publiko egiten dituzte diru-truk, horrela, berriro ere guztien ahotan egongo dira. Zenbat borroka, esklusiba, muntaia, haserre, dibortzio, ezkontza… Bizitzako pasarteak kontatu eta poltsikoa bete diru, etxera. Ikus, adibidez, Kiko Riveraren kasua: Isabel Pantojak eta bere semeak kameretatik urrun egon nahi izan dute azken urte hauetan, baina orain edonor izan daiteke Kiko Rivera eta haren neska-lagunaren arteko gorabeheren lekuko, batez ere Twitter bitartez.

Gainera, okerrago ere izaten da. Askotan seme-alabak -adin txikikoak- sartzen dituzte tartean etekin handiagoa lortzeko asmoz. Mila bider ikusi izan ditugu gurasoak jaioberriekin aldizkarietako portadetan. Eta zer esanik ez Suri Cruise txikiari buruz, ia gurasoak baino ospetsuagoa den neskatoa.

Egia da famatu asko oso kontrolatuta bizi dela, baina niri burura etortzen zaidan galdera honakoa da: zergatik haserretzen dira horrenbeste prentsarekin beraiek nahi dutenean eta komeni zaienean edozer kontatzeko gai badira? Merezi al du pribatutasuna saltzeak gorenean egoteagatik? Edozein modutara ere, argi dago ospetsuen bizitza pribatua oso zirraragarria suertatzen dela milioika ikuslerentzat. Azken batean mundu hau negozio bat da eta prentsa arrosak izugarrizko kontsumitzaile kopurua izaten jarraituko du.

Comments { 0 }

Non dago ospetsu izatearen hasiera marra?

Etxe ondoko kioskora, supermerkatura edo aldizkariak saltzen dituzten edozein gunetara joanez, beti aurkituko duzu norbait famatuak ateratzen diren aldizkariren bat erosten. Aldizkariak erosten dituzten pertsona arrunt guztietatik, baina, zenbatek ez dute imajinatu euren aurpegia aldizkari horren azalean agertzea ospetsuen moduan? Edo zenbatek pentsatu dute zer sentitzen ote duten pertsonaia famatuek aldizkarietan azaltzean? Hori jada ez da amets bat, errealitatean topa dezakezun zerbait baizik.

Horren erantzulea “Eljelou ” dugu! Zeu bezalako famatuentzako aldizkaria. Duela hilabete batzuk espainiar kazetari talde batek, Jesús Rodríguez Leninen agindupean, pertsona arruntentzako lehen aldizkaria sortu zuen, beste aldizkari famatu baten egitura, tamaina… antzeko batekin, izena ere parodia bat izanez. Halere, badu ezberdintasun handi bat: hemen, jende anonimoak bere bizitza, oporrak, ezkontza, etxe berria edo hamaika gauza gehiago kontatuko ditu. Bertan azaldu bakarrik ez, bakoitza norberaren kazetari bihurtzen da; izan ere, argazkiekin batera, testu bat ere bidali behar da dena azalduz, eta, ondoren, erredakziokoek erreportajea prest jarriko dute.

Hasteko, hasierako galderei erantzunez, jende anitz dago aldizkari baten azalean agertzeko irrikaz dagoena; izan ere, zergatik ez dira atera behar? Gizon eta emakume guztiak dira, bada, izar gauza batean edo bestean. Horrela, nolabait esanda, demokratizatu egiten da famatu izatearen prozesua eta, Andy Warholek zioen moduan, denek izango dute bere 15 minutuko ospea izateko eskubidea.

Gainera, zenbatetan ikusi izan dugu jende ezezaguna telebistan, edozer egiteko prest dagoela, askotan gauza taxugabeak, entzutetsu bihurtzearen truke? Aldizkari onen bidez, bada, famatu izan zaitezke lekuz kanpoko gauzarik egin barik. Gainera, jende anonimoen aldizkaria guregana iristea denbora gauza zen; izan ere, telebistan gero eta programa gehiagotan azaltzen ari da jende anonimoa; hala nola, “Gran Hermano ”, “Callejeros ”…

Hala eta guztiz ere, arrakasta lortzeko adina aldizkaria al da? Ez al du nahiko jendeak betiko ospetsuak ikustearekin? Antza denez, ez. Emaitzak ikusi besterik ez dago! Lehenengo bost hilabeteetan -2009ko ekainean jarri zen abian-, 600 pertsona harpidetu dira, eta ikusita telebistako jende ezezagunen programak arrakasta handia izaten ari direla, bezeroak harrera ona egin liezaioke aldizkari honi. Kontuak kontu, aldizkariaren hurrengo erronka kioskoetan saltzea izango da; izan ere, orain aldizkaria lortzeko modu bakarra euren web gunean izen emanez da: urtean 55 euro ordainduz, etxean jasoko dituzu urteko 25 aleak (bi astez behin argitaratzen da).

Beraz, ospetsu izateko grinaz edo izarrek sentitzen dutena sentitu nahian bazabiltza, zeri ari zara, bada, itxaroten? Aldizkari honek zure ametsa hein handi batean egia bihurtuko du eta, jakina, esan bezala, ez duzu zertan telebistara joan. Gogoratu, beraz: hurrengo izarra zeu izan zaitezke; bai, zeu!

Comments { 1 }

Badator…

Zer? Famako finala
Noiz? Apirilaren 28 eta 29an
Non? La Cuatron

aurkezleaKorrika badator!!! Ez broma da, dagoeneko hura bukatu zen, orain datorrena gurea artean hain “famatua” den Fama programako finala da. Apirilaren 28 eta 29an izango dira, telebistako La Cuatro katean.

Lehengo urtean Fama ikusi zenutenok, badakizue gutxi gorabehera nolakoa izango den azken momentu hau. Iazko eta aurtengoko ikasleak parte hartuko dute; beraz, orain arte programa ospetsutik pasatutako ikasle GUZTIAK egongo dira final horretan. Ezin duzue galdu! 4 hilabetez egon dira koreografiak prestatzen azken momentu honetarako eta hementxe duzue adibide bat girotzen joateko. Zoragarria ezta? Bada, hori eta gehiago topatu ahal izango duzue finalean. Rafa Mendezek esango lukeen moduan: Amusing!

Famako finalean bi gauza argituko dira: bata, aurtengo irabazlea zein izango den; bestea, bikoterik onena zein izan den: Horregatik, bi egunetan zehar burutuko da:apirilaren 28an, bikoteen finala eta, 29an, bakarkakoa.

Fama zer den ez dakizuenontzat:

20 ikasle baino onartzen ez duen dantza eskola bat da. Astero, ikasleek bikoteka dantzatzen dute. Koreografia bat prestatu behar izaten dute tokatzen zaien irakasleekin, ondoren epaimahaiari erakusteko. Eskola honetan jorratzen diren dantza estiloak eta horien irakasleak hauexek dira:

  • Funky: Rafa Méndez
  • Street Dance: Sergio Alcover:
  • Jazz Fusion: Pau Vázquez:
  • Lirikoa: Marbelys Zamora
  • Taldekoa: Lola González (ikasketaburua)
  • Klasikoa: Víctor Ullate Roche (eskolako zuzendaria)

Bestalde, iazko ikasle batek, Alex Gutierrezek, ikasleen laguntzaile funtzioak betetzen ditu.

Esan beharra dago, “reality show” honek dantza munduari mesede handia egin diola; izan ere, gero eta jende gehiago konturatzen ari da zein gogorra den dantza mundua. Programan zehar garbi ikusten da minutu batzuetako aktuazio baten atzean lan handia dagoela, ez baita dantzalekuetara joan eta kito. Dantza egiteko ikasi egin behar da, eta, ondo egiteko, gainera, esfortzu handia beharrezkoa da, alor guztietan bezala. ESKERRIK ASKO, FAMA, dantza mundua zer den erakusteagatik.

Laburbilduz, Famako finala ikusi, ez zarete damutuko! Benetan, iaz nik neuk ikusi nuen eta emozioz beteriko koreografiak jorratu zituzten. Denetarik ikusi ahal izan genuen. Aurten ere negargura, lotsa, urduritasuna… sentituko duzue, eta, nola ez, dantza egiteko gogoa. Nork irabaziko du?

Famari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, sartu helbide honetara.

Ondorengo bideoa ikusteko, kleenex bat eskuetan izatea komenigarria da:

Comments { 3 }
-->