Tag Archives | genero indarkeria

Indarraren ahultasuna

Aurrekoan, Maitek beste artikulu bat idatzi behar genuela esan zigun. Nahiz eta buruari bueltak eman, nahiko zaila egiten zait artikulu baten gaia aukeratzea; izan ere, nahiko gogorra egiten baitzait iritzia ematea gai ezberdinen inguruan. Gauzak horrela, aurreko batean Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagertzeko Nazioarteko Eguna zela aprobetxatuz, horri buruzko artikulu bat egitea bururatu zitzaidan. Egia da honi buruzko artikuluak milaka eta edozein tokitan aurki ditzakegula eta, agian, ezin dezakedala ekarpen handiegirik egin; halere, nire uste apalean, horrelako gai bat salatzea beti dago ondo, nahiz eta hilabete batzuk pasatu diren nazioarteko eguna ospatu zenetik.

Leku ezberdinetan begiratzen ibili ondoren, 2010. urteko datu garrantzitsu batekin topo egin nuen: 84 emakume izan ziren erailak Espainian, aurreko urtean baino 16 gehiago; datu benetan ikaragarria. Oraindik beldurgarriagoa iruditu zitzaidan Espainian 400.000 gizonek emakumeak jipoitzen dituztela jakitea.

Lenore Walker psikologoak indarkeriaren zikloa azaldu zuen emakumeekin egindako lanetatik abiatuz. Hiru aldi bereizi zituen: tentsioaren metaketa, bikotearen gatazken ondorioz sortzen dena; indarekeriaren eztanda, aurretik pilatutako tentsioaren ondorio garbia da eta gizonak emakumea erasotzen du; eta damua, gizonak mota guztietako indarkeria eta erasoak alde batera uzten ditu eta damututa sentintzen da, bere jarrera aldaketa aginduz.

Psikologo honek aurkeztutako zikloa ikusi ondoren, gehienok buruari egiten diogun galdera zera da: zergatik ez dituzte emakume erasotuek tratu txarrak salatzen? Biktimen portzentaje garrantzitsu batek ez du hau salatzen gizona oraindik maite duelako eta, azkeneko aldia izango delakoan, berste aukera bat ematen dio. Baina hau, kasu ia gehienetan, guztietan ez bada, hasiera besterik ez da izaten; izan ere, lehen erasoa konturatu gabe azaltzen baita, baina inoiz ez da azkena izaten.

Beste portzentaje altu batek, berriz, ez du salatzen, ez tratu txarrak ematen dituena (bikote edo bikote ohia gehienetan) maite dutelako, egoerak okerrera egingo duen beldur delako baizik. Baina nola liteke emakume batek, salaketa bat egin ondoren, ordu arteko egoera aldatuko ez den ikaraz egotea? Kontua da autoritateek jarrera hauek salatzera bultzatzen gaituztela, baina nola salatu behar ditugu egoera hauek gero inolako neurririk ez bada hartzen jokamolde hauen aurrean? Emakume askok, gaur egun, egoera hau bizi dute, nahiz eta salaketa egin, epaitegiak ez baitira gai biktima beldur barik bizitzeko adinako neurriak hartzeko.

Lotsagarria iruditzen zait arazo honen aurrean legeak nola ezartzen diren ikustea, zein ahultasun eta biguntasunez. Ezin uler dezaket emakume batek tratu txarrak jasan eta salatu ondoren, erasotzaileak berarengana hurbiltzeko duen ahalmen eta erraztasuna. Askoren errealitatea da hau eta, dirudienez, zerbait benetan larria gertatu behar da autoritateek funtzionatuko duten neurriak hartzeko, beranduegi ez bada behintzat.

Oraindik gutxiago uler dezaket nola gizon batek emakume bat egur dezakeen. Besteak baino maila altuagoan zaudela sentitzen duzu? Besteak baino garrantzitsuago eta indartsuagoa zarela uste duzu? Astindu egin duzu, oihuka egin diozu, iraindu egin duzu, gutxietsi egin duzu, zure arazo guztien errua bota diozu, menpeko hartu duzu eta bizia suntsitu diozu. Ez da ezergatik, baina, hau eginez, ahultasuna besterik ez duzu erakusten. Besteak sufriarazteko beharra al duzu zure buruarekin “ondo” sentitzeko?

Bukatzeko zera esan nahi nuke: XXI. mendeko herrialde garatu batean gaude eta negargarria iruditzen zait egoera hauek salatu beharrean egotea. Bada garaia egungo egoera hau aldatzeko, nagusitasuna erakusten duten horiei aurre egiteko, autoritateek agintzen dutena behingoz egia bihurtzeko.

Gaia interesatzen bazaizu, ikus ezazu bideo hau:

Comments { 1 }
-->