Tag Archives | gizartea

Edertasuna = argaltasuna

argaltasunaDenboraren joanak gizakiaren lehentasunak aldatu ditu. Mundu berri bat eraiki du, baina mundua ez dago denon neurrira egina. Batarentzat, txikiegia; bestearentzat, handiegia… Ipar mundu kapitalista honek askea izan nahi duen arren, gizakiak gizartearen neurrikoa izan nahi du, mugatua. Lehen norbanakoaren helburua biziraupena bazen, orain norgehiagoka da.

Dema honen frogetako bat bullyinga dugu. Aurrez ere existentzia izan duen arren, denboraren poderioz irten da argitara. Halabeharrez, guztion auzoetan lortu du presentzia azken bolada honetan. Biktima izatearen arrazoia desberdina izatea da. Gizartearen kopia ez dena, taldetik kanpora! Biktima hauetako asko gizenak dira. Gizartearen peskisan: itsusiak, desberdinak, arraroak… Inposatu dugun rola bete ezean, ez dugu lekurik, eta, ondorioz, hauetako askok irtenbide bat aurkitzen dute. Onartuak izateko argaltzea dute oinarrizko baldintza, zigorra. Argaltzetik gehiegi argaltzera, ordea, badago alderik.

Asko eta asko mugaren ertzeraino heltzen dira. Anorexiaren hatzaparretan erortzen direnen %95 emakumezkoa da. Normalean, nerabezaroan egiten dute irrist, baina 20tik 30 urte bitartera ere ohikoa izaten da. Gaixoak dira gaixoak… Gizarteak behartu ditu sufritzera eta hauek men besterik ez dute egin. Zergatik kondenatzen ote dugu emakumea ederra izatera?

gehiegizko argaltasunaTristea den arren, denok edo gehienok dugu helburu hau: klon bat gehiago izatea. Dendetako erakusleihoetan kalera begira dauden manikiak dira perfektuak: argalak. Ez gara ohartzen, baina, neurri utopiko batzuk baino ez direla. Edonola ere, ez dira horren neurri irrealak ere. Aurtengo Cibeles Pasarelako antolatzaileek, esaterako, iazko parte-hartzaileen %30ari ateak itxi behar izan dizkiote, ez omen dute nutrizioan adituak direnek ezarritako baldintzak betetzen. Gutxieneko gorputz masa %18 izan behar dute osasuntsuak izateko eta, dirudienez, iazko %30 gaixoa da. Egia esan, aurrera pausu bat dela deritzot gaixoak izatera bultzatzen gaituen burugabekeria honi hegoak mozteari, baina honek ere badu kontraesanik: %17ko gorputz-masa duena osasuntsua ez bada, %18 duena ba ote? Eurak dira modeloak eta ereduak. Guk ere politak izan nahi dugu. Beraz, argalak. Hor dago arazoa.

Hala eta guztiz ere, ez dugu zertan hain urrun joan gizarteak daraman norabideaz jabetzeko. Arazo honen partaide eta demostrazio ez dira bullyingaren biktimak, anorexikoak eta mundu osoko pasareletan zeta finen euskarritzat gorputz argalak dituzten neskatilak soilik. Lagun batek hala aireratu zuen mahaiaren bueltan afari lege bat egiten genuen bitartean. Kalean zihoala bi emakume helduk topo egin eta batak besteari esan omen zion: “Jesus neska, zeinen dotore zauden! Argaldu egin zara, ezta?” Bestea orduan, azken hilabetean bi kilo irabaziak zituela jakinaren gainean egonagatik, inoiz baino zoriontsuago joan zen kalean aurrera, noizean behin, eta horietan justu-justu, hitz egiten zuen ezagunarekin hitz aspertuan aritu ondoren.

Kontuak kontu, gu gara gizartea, gu gara errudunak eta baita biktimak ere. Guk geuk inposatu dugun eredu edo prototipo argal honek gizartean onartuak izateko legeak ezarri ditu. Dena den, hain garatua iruditzen zaigun gizakiak askea izan nahi omen du. Har dezala, bada, gizarteak berak hitza. Klon bat gehiago? Ez, eskerrik asko!

Comments { 8 }

Amy Winehouse: fama izatearen kostua

Amy aktuazio batean edatenHainbat Grammy sari, MTVko hiru sari-proposamen, milioika fan… nahikoa al dira Amy Winehouse bezalako musika izar batentzat? Drogak, iskanbilak, argazki polemikoak, besteak beste, zer erlazio dute arrakasta, fama eta diruarekin?

Amy Jade Winehouse 25 urteko soul abeslari arrakastatsua da. 10 urte baino ez zituela, Sweet ‘n’ Sour rap banda sortu zuen, betidanik izan baitzuen musikarekin erlazioa, bere familiagatik batez ere. Gaztetatik bere managaitza erakutsi zuen eta horrek zenbait ondorio ekarri zizkion, Sylvia Young Theatre School antzerki eskolatik kanporatua izana, esate baterako. Mota guztietako musika entzunez iritsi zen nerabezarora eta, ordurako, Londreseko zenbait lekutan hainbat kontzertu xume emana zen.

Back To Black lanarekin hamar milioi kopia baino gehiago saldu ditu eta, hasieran azaldu bezala, hainbat sari eskuratu ditu eta beste zenbait irabazteko aukera ere izan du. Gainera, hainbat kritika positibo jaso du.

Nahiz eta palmares sinesgaitza izan, artista britainiarrak arazo ugari izan ditu eta izaten jarraitzen ditu. Droga, hortxe datza auzia. Drogak bere bizi arrakastatsua aldatu du, eztabaidaren gune bihurtuz bere zenbait ekintzaren erruz. Lehenengo aldiz, 2007ko urrian harrapatu zuten bere senarrarekin marihuana kontsumitzen Norvegiako hotel batean. Hurrengo urtean, 2008an alegia, Amy Winehouse crack erretzen agertzen zen ustezko bideo bat azaldu zen, drogarekin zuen arazoa denen aurrean erakutsiz.

Horrez gain, beste kontu edo gertaera xelebre batzuen zilborrean bistaratu da. Esate baterako, bere gizonarekin izan zituen -eta baita gaur egun ere dituen- zenbaitxo gertapen. Abeslari britainiarrak bi aldiz beste gizon batekin oheratu izana onartu zion, bere senarra espetxeraturik zegoela. Bestalde, bere fan batekin iskanbila izan zuen ukabilkada bat emanez, miresleak iletik tiratu nahi izan ziolako, edo hori izan zen behintzat Amy Winehousek azaldu zuena. Hainbeste arazoren aurrean, izarraren aita bere alabaren alboan egon da uneoro. Berak adierazi zuenez, Amyren osasun egoera oso larria da eta zigarro batek bere biziarekin akaba dezake.

AmyOrain, Amy bere hirugarren lanaren aurrean dago, Frank eta aipatutako Back To Blacken ondoren. Hala ere, arlo honetan ere arazo larriak ditu. Izar britainiarrak 6 hilabeteko epean 2 kanta baino ez ditu grabatu, eta The Sun aldizkariak argitaratu zuenaren arabera, ez dakite urte amaierarako bere lan berria merkatuan egongo den ala ez. Amyren adikzioek ez diote lanean aritzen uzten, ezta eguneroko bizia normaltasunez eramaten ere.

Hainbat eta hainbat dira gaur egungo musika eta zine izarrak, besteak beste, drogaren eta alkoholaren munduan murgildurik daudenak. Dirua lortzen dute, baita fama ere, jarraitzaleak dituzte txoko guztietan… Zergatik droga eta alkohola? Ez lirateke autoerrealizazioaren aldamenean egongo?

18 urterekin, 24rekin, 30ekin, agian, 40 urterekin lortzen dute arrakasta izar hauek. Diru sarrera handiagoak, txikiagoak, gero eta handiagoak, gero eta txikiagoak eta abar eskuratzen dituzte. Berdina gertatu ohi da miresleekin, gero eta gehiago, agian, gero eta gutxiago. Kontua da, askok mundu berean amaitzen dutela, eta mundu hori ez da zinema edo musikarena, drogena eta horrek duen mundu ilunean baizik. Zergatik ote?

Amy Winehousek orain dela gutxi bere 25. urtebetetzea ospatu du. Gaur egun, adin horretako gazte bat lanean aritzen da, lan bila, oraindik ikasten, edo agian, ezer egin gabe. Baina artista ingelesari ez zaio hori egokitu. Disko anitz saltzea, sari gehiago eta fan oraindik gehiago eskuratzea tokatu zaio, zorionez edo zorigaitzez. Gaztea, esperientzia gutxirekin, bizi ezberdin bati aurre egin beharrean topatu da, diru ugarirekin eta irtenbide ezarekin. Handi, edo, agian, handiegi etorri zaio ospe guztia souleko izarrari.

Jarraituko ote du musika ona egiten? Osasunak hobera edo txarrera joko du? Zergatik alkohola eta drogak? Zuei ematen dizuet hitza!

Comments { 12 }

Umeak salgai?

umea eta ama uretanAzkenaldian bolo-bolo dabilen solasgaia da sabela akuratzen duten emakumeena. Askotariko aburu eta argudioak etortzen zaizkigu burura hizpidea entzun bezain laster; izan ere, guztiok jartzen gaitu sentibera umeak tartean dauden edozein gaik. Faktore asko dira kontuan hartu beharrekoak; hala nola, sabela alokatu nahi duen bikotea, “ordezko” ama, haurra bera, legedia, dirua…

Ezeri ekin baino lehen, aipatzekoa da gure lurraldean jardunbide hau legez kontrakoa dela. Haatik, beste lurralde batzuetan legeak bere baitan hartzen du. Garbi dago legeztatzeak edo gaur egun arte bezala jarraitzeak batzuentzat onuragarriak eta besteentzat kaltegarriak liratekeen ondorioak ekarriko lituzkeela. Oraingoz, badirudi gugan eragin zuzena izango duen legerik ez dela sortuko. Arrazoi hori dela medio, bikote askok atzerrira jotzen du legearen babespean umontzi bat alogerean hartzeko asmoz.

Alde batetik, lege horien bermea duten lurraldeetan, mundu osoari ateak zabaltzen dizkien enpresak aurkitzen dira. Estatu Batuetan kokatzen den horietako batek bai sabelak alokatzeko aukera eta baita obuluak ematekoa ere eskaintzen ditu. Enpresa honek bikoteari hainbat alderdi koordinatzen laguntzen diola dio: legala, finantzena, emozionala…

Beste alde batetik, sarean denon eskura dauden foroetan topa ditzakegun eskaintzak anitzak dira. Hauetan, euren sabela eskaintzen duten emakumeen iragarkiak ediren ditzakegu eta baita emasabel baten bila dabiltzan bikoteenak ere. Kasu anitzen aurrean aurki dezakegu geure burua. Umetokia bikoteen eskura jartzen duten emakumeen artean, gehiengoa diru beharrean aurkitzen den etorkina da, nahiz eta euren egoera baino gehiago azpimarratu ohi duten euren laguntzeko borondatea.

Oro har, egoera fisiko nahiz psikologiko egokian dauden emakumeen bila jarduten dute bikoteek. Osasun bikainaz gain, lehenago umeak erditu izanak aukeratuak izateko hautabide gehiago ematen dizkie “ordezko” amei. Euren zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek emakumeen katalogo bat izaten dute bikoteentzat eskuragarri. Katalogo hori zergatik existitzen da, ordea? Bidezkoa al da noren umea zurea izatea nahi duzun aukeratzea? Bada, nire uste apalean, ez; maitemintzen gaituen bikotea ere katalogo batean aukeratzen ez dugun moduan.

“Ordezko” amaren hariari jarraituz, ezin dira aipamen egin gabe utzi berak jasango dituen aldaketa fisiko gehi psikologikoak eta horiek sorraraziko dizkioten ondorioak, kontuan izan behar baita arazoak jazo daitezkeela. Gainera, ume bat bederatzi hilabetez zeure sabelean izan ondoren bikote ezezagun bati eskura ematera behartzen zaituen errealitateak biziki gogorra behar du izan. Errealitate krudel horretan diruaren paperak zerikusi zuzena du, tamalez.

emakumeak haurdunIldo beretik, egiazkotasun horrek agerian uzten du pobrezia eta aberasgoaren arteko amildegia. Zoritxarrez, bat baino gehiago dira amildegi horretaz baliatuz poltsikoak bete nahi dituztenak. Horretarako, akuran dauden sabelekin ere mafia eta negozioa sortuz.

Arestian esan bezala, denon eskura daude eskaintza ugari azaltzen diren foroak. Bikote asko dira eskaintza horien artean “ordezko” ama baten xerka ibiltzen direnak. Orduak eta orduak igaro ditzakete pantaila aurrean deliberamendu bat hartu aurretik. Horietako batzuek ez dute adopzioa irtenbide gisa ikusten prozesu luzea eta korapilatsua iruditzen zaielako. Beste batzuek, aldiz, umea bikoteko bietako baten “odolekoa” izatea amesten dute.

Nire ikuspuntutik, umea adoptatuta edo sabel bat alokatuta lortu badute ere, berdin maiteko dute hainbeste irrikatutako haurra. Azken funtsean, maitatzeko haur bat bilatzen dute eta zer gurasorik eta haien maitasunik jasotzeko betarik izan ez duen ume bat maitatzea baino hobe?

Gai honen inguruan jarduterakoan, pertsona askoren lekuan ipini beharrean aurkitzen gara hausnartu bitartean. Hori horrela izanik, ez da batere samurra suertatzen guk egingo ez genituzkeela iruditzen zaizkigun ekintzak onartzea. Pertsonalki, ume bat sabelean izatean sentitzen dena salgai ez dagoela iruditzen zait eta, ondikotz, emakume batzuek sentimendu hori hauteman ezingo dutela. Niri gertatuko balitzait, burua galduko nukeela uste dut; baina ez nintzateke beste emakume bati, umea nirea izateko xedearekin, haurdun geratzera behartzeko gai izango. Modu berean, ez nintzateke gauza izango bederatzi hilabetez beste ezer baino gehiago maitaturiko haurra beste norbaiten esku uzteko.

Comments { 12 }
-->