Tag Archives | haurrak

Umeen edertasun lehiaketak: izua alde guztietatik

Lehen gizakietatik hasita, edertasunari eman zaion garrantzia oso handia izan da, bai objektuetan eta baita pertsonetan ere. Gaur egun, edertasunarekiko dependentzia izugarri barneratua dago gizartean. Denok ederrak izan nahi dugu alor guztietan: publizitatea eta hedabideek saltzen diguten irudia ahalik eta gehien kopiatu nahi dugu. Gainera, lehiaketak ere egiten ditugu, nahiz eta batzuk ankerrak eta lekuz kanpokoak izan. Horren adibide garbiena umeen edertasun txapelketak dira. Zertara jolasarazten diegu ume hauei?

“Beraien haurtzaroa lapurtu diete. Objektu erotiko bihurtu dituzte. Objektu sexualen antzera jokatzen erakusten zaie, besteen gustuko izateko”, ziurtatu du Emily Hancock psikiatrak. Umeek askotan nahimen hori edukitzen dute, baina probabilitate handia dago amets hori amesgaizto bihurtzeko. Hala ere, guraso asko ez dira arriskuen beldur, eta euren seme-alabak publizitatera jauzi egiteko aukera baliotsua ikusten dute.

Nahiz eta arazo kaltegarriak nabariak izan, alde dauden ahots batzuk ere badira. Hauen hitzetan, lehiaketa hauek laguntzen dute umea hezitzen eta trebatzen. Lehiakideek ezinbestekoak diren bi gauza ikasten dituztela diote: beraien buruarekiko konfiantza eta hitz egiteko gaitasuna, publikoarekiko harremana beharrezkoa den ogibideetan funtsezkoak diren ikasgaiak. Ikerketek, aldiz, frogatu dute txapelketa hauetan parte hartutako umeek, heldutasunera iritsitakoan, arazo psikologiko larriak garatzen dituztela. Miss izandako batzuek ziurtatzen dute trauma ugarirekin iritsi direla heldutasunera.

“Askotan gurasoak saiatzen dira beraien betiko desioak seme-alaben bitartez betetzen. Beraien beharrak umeekin asetzen dituzte, konturatu gabe beraiengatik egiten dutela, eta ez umeen nahiengatik”, dio Lucia Gilbertek, psikologa eta emakumezko gaietan aditua. Hau guztia esanda, eta azpiko bideoan agertzen den bezala, gurasoek dute arazo honen konponbidearen giltza, euren alabak behartzeari utzi eta beste era bateko haurtzaro dibertigarria eta osasuntsua eskainiz. Gogorarazi nahi dut 1996an, JonBenet Ramsey, Coloradoko edertasunaren erregina txikiaren kasua: hilda agertu zen, bortxatua izan eta gero, bere guraso dirudunen luxuzko etxean. Krimenaren ustezko egileak gurasoak izan ziren, hain zuzen ere.

Artikuluari amaiera emateko, “Pequeña Miss Sunshine” filma gomendatuko nuke; izan ere, nire ustez, oso ondo erakusten baitu umorearen bitartez lehiaketa hauen ankerkeria.

Comments { 2 }

Hemen haurrik ez!

“Reservado el derecho de admisión a quien con su comportamiento incívico […] cause molestias a otros usuarios, y también a los menores de edad, acudan solos o acompañados.”

Horrela dio Bilboko Style jatetxeak. Udan ‘Público’ egungarian irakurri nuen artikuluaetorri zitzaidan burura familiako afari batean, ondoko mahaiko haurrak afaria bukatuta eta erabat asperturik, jaiki eta jangela osoan zehar korrika, jolasean eta ateari danbatekoak gogor ematen hasi zirenean. Estatu Batuetan, Pennsylvaniako hiri batean hain zuzen ere, 6 urte baino gutxiagoko haurrei bere jatetxean sarrera debekatzea erabaki zuen Mick Vuickek, eta orain joera hori zabaltzen ari da. Jatetxeez gain, zenbait hotelek eta baita hegazkin konpainia batek ere (hegaldi eta eserleku konkretu batzuetan soilik) neurri bera hartzea erabaki dute.

Egia esan, nori ez zaio tokatu jatetxe batean ume negarti edo oihukari baten ondoan jan behar izatea? Estatu Batuetan debeku hau ezarri zuen jatetxeko nagusiak dioenez, haur bihurri eta saltseroen jarrerek, jolasek eta garrasiek benetan erlaxatzera, lagunekin ondo pasatzera edo zerbait janariaz lagunduz ospatzera joandako bezeroei traba egiten diete. Umeak etxean utzita haur gabeko afari batez gozatzera joan den bikoteak beste batzuen seme-alabak jasan behar izaten ditu askotan. Hori bakarrik ez, gurasoei haurrak lasaitzeko eskatutakoan, zerbitzariak errudunak balira bezala jokatzen zutela dio, eta, ondorioz, gainerako bezeroak kexu izaten zirela. Mick Vuick ziur zegoen bere neurri berriarekin dirua galdu ordez, bezero berriak erakarriko zituela. Berak dioenez, horrela izan da, eta, gainera, eskerrak emanez gutun mordoa jaso duela dio.

Gauza guztietan bezala, jarrera honen aurka dauden taldeak agertu dira. Elkarte batzuek debeku hauek haurren eskubideen aurka doazela salatu dute, diskriminazio bat dela esanez. Euren aburuz, familiek eskubide osoa dute nahi duten jatetxea aukeratzeko. Hala ere, egia da jendeak lasai egoteko eskubideaz aparte, negozio bakoitzak baduela nolako bezeroak nahi dituen aukeratzeko eta horiei zuzendutako legeak jartzeko eskubidea. Jatetxe batzuk familiei esklusiboki zuzendutakoak dira, eta beste batzuek, aldiz, jarrera formalagoa eskatzen dute. Esate baterako, McDonald’s bezalako janari lasterreko enpresa asko familiak erakartzen saiatzen dira, horretarako haurrentzako parkeak jarriz eta menuekin jostailu erakargarriak oparituz. Baina ez bakarrik familiek eta jabeek, gainontzeko bezeroek ere ez al daukate nahi duten giroa aukeratzeko eskubidea?

Edozein modutan ere, honekin ez dut esan nahi jatetxe, hotel, taberna eta gainontzeko negozio guztietan haurrak debekatu behar direnik, ezta gutxiagorik ere. Are gehiago, umeen sarrera debekatzen duen legea ateratzea gaizki irudituko litzaidake. Arestian esan bezala, haurrei zuzendutako negozioak dauden bezala, beste batzuk hauentzat ez izatea ez dago gaizki, eta horregatik negozioen jabeak erabaki beharko luke nori zuzendu bere lokala, enpresariaren esku utziz haurrak debekatzearen erabakia. Enpresariak soilik dauka azken hitza. Horrela, kontsumitzaileak irabaziko du, aisialdirako nahiago duen giroa aukeratu ahal izango duelako, eta baita jabeak ere, berak aukeratzen duen giroan ez baitu kexarik jasoko.

Laburbilduz eta beste era batera esanda, nire aburuz, gero eta indar gehiago hartzen ari den joera hau ez litzateke haur eta familien aurkako debeku bezala hartu behar. Hainbat jatetxe, taberna eta abarretan umeei sartzen ez uzteak negozioetan giro mota desberdinak sortzea ekarriko du, bezeriaren perfilaren arabera. Horrela, kontsumitzaileek aukera ezberdin gehiago izango dituzte eta erosoago sentituko dira. Bestalde, argi dago ume batzuek izaten duten jarrera desegokia ez dela euren errua; izan ere, horrelako neurriak hartzea ez litzateke beharrezkoa izango gurasoek seme-alabei mugak jarriko balizkie, toki publikoetan jarrera egokia izaten irakatsi, eta garrantzitsuena, besteekiko errespetua. Ni ere haurra izan nintzen, eta nire gurasoei ez zieten inoiz atentzioa deitu beharrik izan beste bezeroak gogaitzen nituelako.

Comments { 2 }

Ez dut ezkondu nahi: umea naiz! (II)

Ezkontza behartuen arrazoiak askotarikoak dira. Zio tradizionalen artean, ondorengoak dira ohikoenak: familiarteko loturak indartzea, familiaren ondasunak bertan gera daitezen ziurtatzea, ideia kultural eta erlijiozkoak babestea, iraganeko betebehar edo promesak zertzea, familiako beste kide batekiko eragina izatea, neskek mutil-lagunik izan ez dezaten lortzea, immigrazio “erraza” erdiestea… Bestelako arrazoiren bat ere aipa daiteke, esaterako, neskak Burka sare atzeangoiz ezkontzea hiesa izan ez dezaten. Gainera, lurralde batzuetan, hiesdun gizonek neska birjinekin harremanak izanez gero gaixotasuna deuseztatuko dutela pentsatzen da; gaixo daudenek, beraz, neska ahalik eta gazteenekin harremanak eduki nahi izaten dituzte. Beste zonalde batzuetan, erlijioarekin lotzen dituzte bortxazko ezkontzak. Indian, besteen artean, umeak bertako jainkoekin ezkontzen dituzte haiek familia bedeinkatuko dutela pentsatuz. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, ume horiek burdeletan amaitzen baitute. Egipton, bitartekariek petrolioa duten lurraldeetako aberatsekin ezkontzen dituzte haurrak. Iraken, herrialdeari ezarritako zigor ekonomikoak sortutako pobrezia dela medio, gorantz doa ezkontza goiztiarren kopurua. Ugandan, Jaunaren Erresistentziaren Ejertzitoa deituriko gerrillako buruzagiekin ezkontzen dituzte bahituriko haurrak eta ekintza horrengatik soldaduek saria jasotzen dute. Somalian, familiek umeak militarrekin ezkontzen dituzte babesa lortzearren. Tamalez, lurralde eta kasu asko eta askoz jardun dezakegu modu honetan.

Eztei behartuen ondorioak ere ez dira zenbagarriak. Beste askoren artean, hezkuntzarako aukerarik ez izatea dugu; esan gura da, nerabeak behin ezkonduta daudenean, eskolara ez joatera egiten dutela. Ez hori bakarrik, kasurik mukerrenetan, gaztetxoek organo trafikoaren, emakume eta neskatilen komertzioaren eta haur-prostituzioaren zati izaten amaitzen dute. Negozio anker horiek guztiek kudeatzen dituzten sare delitugileak urteko milaka milioi dolarrekin hornitzen dituzte. Hori guztia gutxi balitz, ezkontza behartuek osasunean eragiten diete, ez bakarrik haurdun geratzen diren haurrei, baita euren seme-alabei ere, eta hiesaren aurrean zaurkor egiten dituzte.

Haurdunaldien hariari jarraiki, garbi dago ezkontza goiztiar batek haurdunaldi goiztiarra dakarrela berarekin. Kontuan hartu behar da, gainera, 15 eta 19 urte bitarteko emazteen artean %17k baino ez duela antisorgailurik erabiltzen. Horren emaitzak argi erakusten digu: urtero 14 milioi umek erditzen du eta horietako asko haurra izatean hiltzen da. Jaiotakoek ere hiltzeko aukera handia dute; izan ere, 18 urtetik beherakoen haurtxoek hiltzeko %60 aukera gehiago baitituzte euren bizitzaren lehen urtean adinez nagusikoek izandako umetxoekin alderatzen baditugu. Kontuan izan bestetik, munduan jazotzen diren hamar erditzeetatik bat ume batek jasandakoa dela. Hori horrela delarik, 15-19 urte bitartekoek 20-29 urte bitartekoek baino bi aldiz aukera gehiago dituzte erditzean zentzeko.

Bihotza sareanArestian esan bezala, ume askok pairatzen dute ezkontzera behartuak izatea. Nolanahi ere, badira horretara ukatzen diren gutxi batzuk. Horietako gehienak familiako kideek zigortu edo erailtzen dituzte, eta “ohorezko heriotza” izena ematen diote hilketari. Beste batzuek suizidioa ikusten dute irtenbide gisa. Horixe da Kapisan, Kabuleko iparraldean, gertaturikoa. Bertan, 18 urteko neska gazte batek bere buruaz beste egin zuen, tiro batez, bere familiak ez zuelako hiru urte lehenago ezkondu zuen drogazalearekin ospatutako ezteia desegiteko asmorik. Beste biktima batzuek, baina, drogetara edo prostituziora jotzen dute irtenbide bila.

Usantza honen bidegabetasuna ikusirik sortu da SPIOR iniziatiba. Ekimen honen jomuga islamismoaren barrutik horrelako ekintzak erraietatik moztea da. Ideiaren sortzaileek adierazi dute elkarketa horiek erlijioaren izenean burutzea ezin dutela onartu, islamismoaren zati ez denean.. Gaineratu dute biktimek horrela izan behar duela pentsatzen dutenez, ez direla ukatzen. Horregatik, barrutik pentsaera aldatu behar dela diote, gazte horiek jakin dezaten ezetz esateko eskubidea dutela.

Harrigarria da orain arte Norvegiak soilik jarri duela bortxazko ezkontzak jarraitzen dituen lege espezifiko bat. Zer esanik ez, prozesamendu bakar bat egon dela arrazoi hori dela medio. Horrek agerian uzten du legearen baliogabetasuna. Lege horiek ez dituzte ezkontzen arrazoiak ezabatuko eta arrazoi horiek hor dirauten bitartean, arazoak bere horretan jarraituko du. Ezkontzen zergati nagusia arazo ekonomikoak dira eta legeek ez diote txiroari jaten emango, ez diote lanik emango, ez diote segurtasunik bermatuko… Azken finean, aberats eta txiroen arteko harresia da familia batek seme-alabekin horrelako gehiegikeriak egitera bultzatzen duena.

Comments { 0 }
-->