Tag Archives | hitz-jokoak

Hitzapasa tematikoak egiten lagundu nahi?

Opor hauetan hartu dut tartetxo bat Hitzapasa jokoaren gunea berritzeko. Hitzapasan bertan  azaldu dudan bezala, bere garaian, politagoa-edo zelako, txantiloi berezi samarra hautatu nuen eta, maiz, erabiltzaileek zailtasunak izaten zituzten edukietara heltzeko. Kontua da, atzo goizean horretan ari nintzela, Xabier Mendiguren Elizegik Hitzapasak sotzen laguntzeko eskaini zuela bere burua eta nik, adiskidetasunaz abusatuz, pentsatu nuen berak ederki asko menperatzen duen literaturan oinarritutako Hitzapasa bat (edo gehiago) ekoiztea oso ondo legokeela. Esan eta egin! Handik gutxira hortxe neuzkan korreoan  Atik Zra bitarteko definizioak, euskal literaturaren 1. urratserako. Hementxe duzue Xabierrek bidalitako definizioekin sortutako Hitzapasa:

Hitzapasa Hitzapasa
HP literatura 1-1 html HP literatura 1-1 swf

Hari horretatik tira eginez, garbi dago denok badugula alor zehatz batean jakintza gehixeago edo pasioz betetzen gaituen gairen bat edo beste. Informatikaria bazara, esate baterako,  ez al zenuke informatikari buruzko Hitzapasa bat di-da batean sortuko? Eta zuk, musikari edo musikazale amorratua zaren horrek, ez al zenuke euskal musikari buruzko errosko bat egingo? Edo zinemari buruzkoa? Politikariren bat animatuko al litzateke? Imajinatzen al duzue Iruña-Veleia aferari buruzkoa, adibidez? Ez dakit, linguistika, zuzenbidea, Donostia, Ordiziako historia, Laboa, Lete, telebistako programaren bat, edozein euskal autore… bururatzen zaizuen zer horri buruzkoa! Garrantzitsuena litzateke nork bere barruan dugun jakintza apurtxo hori partekatzea eta denon eskura ipintzea, denok denongandik ikasi ahal izateko. Zer iruditzen?

Bueno, bada, erronka orain zuena da. Hauxe litzateke proposamena eta jarraitu beharreko prozedura:

  • Gai bat (literatura, zinema, musika, Internet, kirola, opera, Reala…) eta urrats bat (1. urratsa, 2. urratsa, 3. urratsa) hautatu.
  • Atik Zra bitarteko hitzak eta definizioak prestatu.
  • Formulario hau bete edo korreoz bidali (euskaljakintza, Gmail.com-en)

Hortik aurrera nire kontu. Jasotako guztiak Hitzapasa formatura egokituko ditut eta sarean, denon eskura, ipiniko ditut ahalik eta azkarren. Inork aurrera egingo?

Comments { 4 }

Markos Gimeno eta bere palindromoak euskaljakintzan

Datorren ostiralean, taldeko argazkiak ateratzearekin batera, emango diogu hasiera ofiziala gure aurtengo ibilbideari, hau da, euskaljakintza 6ri. Halere, dagoeneko abian gara; izan ere, idatzi dugu gure lehenengo artikulu sorta -laster argitaratzen hasiko garena-, hasi gara hizkuntza lantzeko ariketak sortzen eta, atzo bertan, gure lehen bisitaria, Markos Gimeno palindromogilea (@smuakr Twitterren), izan genuen euskaljakintzan.

Markosek palindromoen mundua hurbildu zigun. Zer da, baina, palindromo bat? Ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den esaldia. Ermuarrak palindromoak historikoki kokatu zizkigun, hitzaren jatorria azaldu, luzera ezberdinetako hainbat adibide erakutsi eta irakurri… Horretaz gain, Zerora jasoa blogean ariketa moduan ipintzen dituenak erakutsi eta haiei erantzuna nola aurkitu azaldu zigun: zenbakiek zer esan nahi duten, ardatza nola topatu… Hau da, ariketa egiteko zein urrats jarraitu azaldu zigun. Jarraian, berak proposatzen zizkigun ariketak ebazten saiatu ginen. A ze erraztasuna batzuena!!

Nik pixka bat zirikatuta, Markosek abian duen beste proiektu baten berri eman zigun: Hitzokei. Hitzokei sarean, batik bat twitterlarion artean, aski ezaguna den egitasmoa da, bere txokoa izatera iritsi dena.  Nahiz eta orain arte inoiz ez naizen Hitzokei bat sortzera animatu, ekimen interesgarria iruditzen zait. Ea hemendik aurrera euskaljakintzakook Markosek astero proposatzen dituen palindromo ariketak (azkena hementxe) egiten eta hitzokei ezberdinak sortzen hasten garen!

Kontuak kontu, hizkuntzarekin jolasean ederki pasatu genuen. Mila esker, Markos, euskararekin gauza ugari egin daitekeela erakusteagatik, gure jakintza zabaltzeagatik eta Jakintza Ikastolara gerturatzeagatik!

Informazio gehigarria:

Comments { 6 }

Hitzapasak badu bere txokoa!

Hitzapasa Hitzapasa
HP 1-1 html HP 1-1 swf

HitzaPasak badu bere txokoa

Duela hilabete jokoaren berri eman nuenean, Sustatun hainbat iradokizun jaso nuen, eta, horietatik tira eginez, jokoarentzat gunea sortzea ondo legokeela pentsatu nuen. Jarraian, gunearen nondik norakoak azaltzen saiatuko naiz. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkizuet egin dizkidazuen ekarpen guztiengatik eta, nola ez, HitzaPasari egindako harreragatik.

Txokoaren egitura

  • HitzaPasaren txokora sartu bezain laster, sortutako azken HitzaPasa ikusi ahal izango duzue. Erreparatu iezaiozue zenbakiari. Adibidez, HitzaPasa 1-6: lehen zifrak urratsa adierazten du (1=erraza edo nahiko erraza, 2=tarteko maila, 3=zaila edo oso zaila); bigarrenak, aldiz, urrats horretako zenbatgarren jokoa den. Bi aukera izango dituzue jokoari hasiera emateko. Ezkerreko irudiaren gainean (html) klik eginda , beste orri bat zabalduko zaizue jokoan hasteko; eskuinekoaren gainean (swf) klikatuz , aldiz, orri nagusian leiho bat agertuko zaizue. Hautatu gustukoen duzuena eta ekin HITZAPASAri!
  • Urrats bakoitzeko botoi bat goiko menuan. Urrats bakoitzari dagokion botoian klik eginez, maila horretako azkena agertuko zaizue. Azpiko geziarekin izango duzue aukera banan-banan (1-6, 1-5, 1-4…) urrats horretako beste guztietara heltzeko. Guztiak batera ikusteko abagunea ere hortxe dago (lehengo helbide bera mantendu dut, badaezpada ere).
  • HitzaPasak orain RSS helbidea du ( http://feeds.feedburner.com/hitzapasa ). Beraz, joko berriak argitaratu ahala, lehen ez bezala, zuen RSS jario irakurlean jaso ahal izango dituzue. Twitterreko jarraitzaileak (@euskaljakintza) ez duzue zertan harpidetza egin, zuzenean jasoko dituzue eta.

Edukiari buruz

  • Egokituta urrats ezberdinen zailtasun mailak. Zuen irakodizunei jarraiki, lehenengo eta bigarren urratsen zailtasun maila jaitsi egin dut eta hirugarrena mantendu. Helburua euskaraz hasiberriak direnek ere jokatzeko aukera izatea da. Hirugarrena bere horretan utzi dut, hiztegi berria ikasi nahi duenak ere hobekuntzarako tartea izan dezan.
  • Bidali zeure edukia. Dakizuen bezala, gure HitzaPasak euskarazko hiztegia lantzea du xede; halere, agian, zuek beste gairen bat landu nahi duzue ikasleekin jorratzeko, lagunekin barre batzuk egiteko…. Hala bada, klik egin “Bidali zeurea” atalean eta bete galdeketaren atal guztiak (zehaztu ondo zein irakaskuntza edo zailtasun maila eta irakasgai edo gairi dagokion). Zeurea ere sareratzen saiatuko gara. HitzaPasaren bat buruan? Aurrera, bada!

Harremanetan jartzeko aukera berriak

  • Harremana: ohiko harremanetarako orria.
  • Iradokizunak: wiki bat sartu dut elkarrekin lan egiteko, nork bere iradokizunak botatzeko, ekarpenak egiteko… Lehendik Wikispaces plataformako erabiltzaileak ez zaretenok izena eman beharko duzue. Goiko menuan Elkartu sakatu, eta bete eskatutako datuak (erabiltzaile izena, pasahitza eta eposta helbidea). Wiki bat egin nahi duzuen ere galdetzen dizue; ez da beharrezkoa bat sortzea HitzaPasan ekarpenak egiten hasteko.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet Borja Ariztimuño eta Irune Agirreri. Lehenengoari, HitzaPasak argitaratu ahala, emandako erantzunak osatzeagatik (gehienetan erantzun bakarra ematen dut); bigarrenari, aldiz, ateratako hitzen zerrenda -urratsez urrats-  osatzen joateagatik. Honela, joko berriak sortzean, zerrenda aurrean dudala, hitzak errepikatzea saihesten dut. Esker mila zuen laguntzagatik!

Comments { 1 }
-->