Tag Archives | maitasuna

Nire eskua zurean

“Gau goizean, kaletik paseatzen genbiltzala, ihes egitea erabaki dut.
Ni neu harrituta geratu naiz bat-bateko erabakiarekin. Nola ez zait, bada, lehenago bururatu! Hain argi zegoen! Zer egiten nuen nik, hantxe, bi haiekin paseatzen, amorratuta ama bere nobioarekin besotik helduta ikustean?
Bordara! Alde egingo dut bordara!”

Mariasun Landaren Nire eskua zurean liburua eskuan dudala, zuregan pentsatu dut. Gaur benetan gorroto zaitut. Zure jarrerak ez du zentzurik, ez arrazoirik. Oraintxe, zure presentziaren azken zatirik ere ez dagoen urruneko lekuren batean egon nahi nuke, zurekiko oroitzapen lausoena ere ez dagoen tokian.

eskuakHan benetan libre izango nintzateke. Zuregatik negar egiteko arrazoi gehiagorik ez nuke izango, zorionekoa nintzateke. Sentimendurik gabeko lekua litzateke, hotza, iluna; baina, era berean, argia eta beroa.

Gauaren iluntasunean malkoak erortzen zaizkit masailean behera, ezpainak bustiz. Zapore gazi horrek zurekin pasatako unerik gazienak dakarzkit gogora. Momentu on guztiak ezabaturik geratu dira, zure argazkiari begira txarra den oro etortzen zait gogora. Tuntuna ni perfektua zinela pentsatu nuenean.

Jada ez dut indarrik zuri kontra egiteko, etsita nago. Bidean pixkanaka agortzen joan zait kemena, liskar bakoitzak banan-banan berarekin eraman ditu biok batzen gintuen zubiaren oinarriaren zatiak, hondamendia itzulezina izan den arte. Gorrotoak esperantza ororekin amaitu du.

Halako batean, itxita dauden leihoen zirrizkoren batetik haize hotza sartu da. Gorputzaren alde batetik sartu eta beste aldetik atera zait, izugarrizko hozkirria sentituz. Soina erabat izozturik geratu zait. Hotzik iritsi ez den leku bakarrean zure berotasuna faltan bota dut, zure besarkaden usaina, zure presentziaren segurtasuna, “nire eskua zurean”.

Maitasunetik gorrotora pauso bakarra omen dago; baina askotan, zail egiten den arren, atzerapausoa ematea da garrantzitsuena.

Egun argian-Mikel Urdangarin

Comments { 0 }

Zorionak maiteminduoi!

bihotza1Bere begiak ikustean, zulotxoa nabaritzen duzu sabelean? Batera egon zineten azken uneaz oroitzean, irribarre lotsatiak egiten dizu ihes? Edozer emango zenuke oraintxe bertan hau irakurtzeari utzi eta bera besarkatzearren? Zorionekoa zu! Ez zaizu loteria egokitu, baina munduko saririk onenaz hornitu zaitu bizitzak eta, hori gutxi balitz, zure eguna duzu gaurkoa!

Ez da erraza osotara beteko zaituen eta benetan maite duzun horrekin topo egitea. Are latzagoa, zure bihotz erdiak eta bereak bat egitea. Oraindik lortu ez baduzu, ez ezazu etsi! Laranja erdietatik ez ezik, kalabaza erdietatik ere ikasten baita. Gainera, egun honetaz balia zaitezke begiko duzun horrengana arrimatzeko, baina kontuz, Bilbo ingurukoa bazara batik bat, ez ezazu abiadura handiegia hartu uretara jausterakoan!

sanvalentin1Bestalde, garrantzitsua da egun hau ikurtzat eta aitzakiatzat baino ez izatea; atzean istorio polita badu ere, maitasuna ez baita 24 orduko kontua. Zinez maiteminduta bazaude, argi izango duzu hori, ziur nago. Hala ere, inoiz ez dator gaizki aukera berezietatik probetxu onak ateratzea. Gehienok dugu sentimenduen azaleratzea galarazten duen harresi bat eta gaurkoaren moduko paradek horma bota eta errutinarekiko haustura dakarte. Edonoren bizitzan une kritikoak izan ohi dira geroaren norantza erabakitzen dutenak eta, une horiek errutinaren zati ere badiren arren, modu askotara gaindi daitezke. Horietako bat aurrez aipaturikoa da.

Maitasunaren alaitasunaren indarraz amaitu nahi nuke. Horretarako, atera dezagun denok barruan dugun “kutrea” eta gora San Valentin! Zorionak maiteminduta zaudetenoi eta gainontzekoei zorte on! Zalantza, kezka edo galderarik izanez gero, izeba Lolitaren kontsultategian utz ditzakezue hemen behean.

Comments { 4 }
-->