Tag Archives | mito

Zoritxarra, mito hutsa ala ezkutuko errealitate?

Orain dela gutxi Google Reader-era oso artikulu interesgarria iritsi zitzaidan. Bertan, zoritxarraren existentziaz hitz egiten zen. Gaiak zuen zabaltasuna ikusita, sakontzea erabaki nuen, ezin bainuen pasatzen utzi horrelako aukera bat. Beste webgune batzuetako artikuluak, iruzkinak eta estatistikak bilatzen pasatu nituen hurrengo 3 egunak, azkenik nahi nuena lortu nuen arte.

Webgune desberdinetako artikuluak irakurtzean, ondorio batera iritsi naiz: zorigaitza existitu existitzen da, baina guk hala nahi badugu bakarrik. Artikulu batean irakurri dudanez, bi pertsona mota existitzen dira: arrazionalak eta superstiziosoak. Lehenak beti bilatzen dio zentzuzko erantzun bat gertatu zaigun zerbaiti (oso pertsona gutxi dira hau egiteko gai, momenturen batean zientziak azaldu ezingo duen zerbait gertatuko baitzaie). Bigarrenak, aldiz, gauza batzuk egiteak ondorio larriak ekarriko dizkielako ustea dutenak dira: “Ispilua apurtu duzu! Orain, 7 urtez zoribeltza izango duzu itzal gisa!”.

Azkeneko hauek, gutako ia guztiok, gauza batzuk ondikoarekin edo gaizkiarekin erlazionatzen ditugu: katu beltza, 13 zenbakia, osteguna 13, ispilu bat apurtzea… Milioika aurki ditzakegu. Hala ere, talde honetan beste bi azpimultzo egin ditzakegu: oso superstiziosoak direnak eta “badaezpadak” (nik asmatutako izena). Alde batetik sinesberak ditugu, hauek ez dute inoiz ezbeharrarekin zerikusia duenik egingo, beti saiatuko dira zerbait malurarria ikustean edo egitean, honi kontra edo nulua bilakatzen duen zerbait egiten (orrialde honetan zinginarri ugari aurki ditzakezue desditxari aurre egiteko). Beste aldetik, esan bezala, “badaezpadak” ditugu, gauzak badaezpada egiten dituztenak: “Hara! Eskailera bat! Ez naiz azpitik pasatuko badaezpada…”. Nire ustean, azkeneko talde hau da ugariena mundu mailan.

Baina joan gaitezen harira. Existitzen al da zorigaitza? Bada, Claudia Ruleren arabera, zoribeltza gure subkontzientzia izango litzateke. Bai, ondo irakurri duzue, honen sustraiak gure buruan egongo lirateke gertatzen zaigun edozer “balbea izatearekin” lotuz. Hau sustatzen duten bi artikulu aurkitu nituen. Lehenengoak “ostirala 13” egunak zoritxarrik ekartzen ez zuela frogatzen zuen. Honen arabera, ostiral arruntetan Amsterdamen 7.800 istripu izaten ziren; “egun madarikatuan”, aldiz, 7.500 istripu besterik ez. Bigarren artikuluak unibertsitateko ikasle batek New Yorken egindako ikerketa bat azaltzen du. Ikerketa honetan, gizaseme multzo bat bildu zituen Mark Levinek, ondoren taldea bi zatitan banatuz. Talde erdiak katu beltz bat ikusiko zuen eta beste erdiak ez. Hau egin ondoren, “kutx ala pil” jokora jolasten jarriko zituen. Emaitzak katu beltzak efekturik izan ez zuela erakutsi zuen.

Zer ondoriozta daiteke? Ondorio bakarra atera daiteke nire ustez: edalontzia erdi bete edo erdi hutsik ikustean datza zoritxarraren erlatibismoa.

Comments { 3 }
-->