Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160
Tag Archives | osasuna

Pikutara testu liburuak!

Egunero klasean egindakoa etxera ekarri behar da egunero ikas dezazun, zeuk egin behar duzu azterketa eta ez nik, ikasi, ikasi… Zenbat aldiz entzun beharra izaten ditugu hitz hauek gurasoengandik? Nik, zoritxarrez, maiz. Haiek ikasteaz eta nota onak ateratzeaz arduratzen dira, beste ezer kontuan izan gabe. Bizkar-zorroa egunero etxera eramateak ekar ditzakeen ondorioez ari naiz, ez baitira batere onak. Zama daramazun momentuan ez du eraginik izango agian, baina jakina da, gerora begira, izugarrizko kalteak sor ditzakeela. Larriena da pisuaren kontua aitzakia dela uste dutela. Ez da txantxetako gauza bat, ordea, hau ganorazko kontua da.

Hasteko, esan beharra dago bizkar-zorroek, behar bezala erabiltzen diren bitartean, ez dutela arazorik sortzen; aitzitik, oso erosoak izan daitezke. Arazoa dator oker erabiltzen ditugunean, eta ez naiz motxila alde batean edo bestean eramateaz hitz egiten ari (honek ere sekulako kalteak dakartza, baina hau beste kontu bat da), pisuaz baizik. Adituen arabera, gure pisuaren %10 eraman beharko genuke, ez da egokia bakoitzari dagokion pisua baino gehiago eramatea. Honek esan nahi du, pertsona batek 50 kg pisatuz gero, ezingo lukeela 5 kg baino gehiago dituen bizkar-zorrorik eraman. Duela egun batzuk nire motxila pisatu nuen (astelehen batean eraman beharreko gauzez beterik) eta 6,4 kg-ko pisua zuen; beraz, ez dut uste zaila denik zama gehiegi eramatea.

Maiz entzuten dugu Eskoliosi hitza, gero eta gehiago. Hau gaixotasun bat da, bizkar hezurraren zeihardura sortzen duena. Bizkarrean zama gehiegi eramateak ez du gaixotasunik eragiten, gorputz-jarreraren alterazioak eta kontrakturak baizik. Oraindik, behintzat, ez da hori frogatu (gaixotasuna eragiten duenik), baina ez dut uste frogatzeko beharrik dagoenik gerora begira kalte handiak ekar ditzakeela jakiteko.

Arazo honi aurre egiteko, teknologia berriak proposatuko nituzke; ordenagailu portatilak, esate baterako. Ez dut uste zentzuzkoa denik dauzkagun tresnak edukita, testu liburuekin jarraitzea. Idaztiak aurreko kontuak dira, bada garaia tresna hauekin lanean hasteko. Ez dut esan nahi bat-batean aldatu behar dugunik, ez baita batere erraza gure belaunaldiarentzat liburutik ikastetik ordenagailutik ikastera pasatzea. Niri neuri oso zaila egiten zait horrelako aparatu batetik liburu bat irakurtzea edota ikastea, baina horregatik ohitu behar ditugu haurrak horretara. Txikitatik ordenagailuan irakurtzen irakasten badiegu, arraroa liburutik ikastea izango litzateke haientzat, eta hori aurrerapauso handia da. Gainera, liburu bat eta ordenagailu bat erkatzen baditugu, argi dago bigarren honek baliabide gehiago eskaintzen dituela. Biologiako klasean, adibidez, beti pizten dugu eta bertatik bideoak ikusten ditugu. Bideoek oso lagungarri gertatzen dira edukia ulertzeko garaian.

Laburbilduz, gaur egun, bigarren batxilergoan ikasten duen pertsona batentzat, behintzat, ezinezkoa da egunero klasean landutakoa etxera eramatea. Lehen esan bezala, bizkarreko arazo larriak ekar ditzake. Ez hori bakarrik, argi dago -nahiz eta horretan ez naizen luzatu-, askoz ere baliabide gehiago dituztela ordenagailuek. Guraso askok aitzakia dela uste dute -eta jende askok atzakiatzat erabiliko du kontu hau-, baina ez da txantxetakoa. Ez dut ulertzen konponbidea muturren aurrean edukita, egoera aldatzeko gai ez izatea. Zergatik itxaron?

Comments { 1 }

Kulturismoa, kirol osasuntsua?

Kirola egitenGaur egungo gizartean, begi onez ikusten da jendeak kirola egitea eta bere gorputza zaintzea. Gorputz zaindua edukitzea modan jarri da, eta horren adibide dira herri gehienetan aurki ditzakegun gimnasio eta kiroldegi kopurua. Denek, ordea, ez dute arrazoi beragatik egiten kirola. Batzuek ondo pasatzeko egiten; besteek, berriz, soberan dituzten kiloak galtzeko. Badago hirugarren talde bat: bere gihar kantitatea gehitzeko egiten dutenak. Azken hauek kulturista izenez ezagutzen ditugu, eta egiten dituzten ariketen helburua gihar kantitatea gehitzea da.

Esan bezala, kulturisten helburua euren gorputzeko giharrak ahalik eta gehien lantzea da, ondo markatuta gera daitezen. Historian atzera eginez, konturatuko gara, mendeak joan eta mendeak etorri, ez zaiola beti garrantzi bera eman gorputzari. Gorputza zaintzen hasi ziren lehenak grekoak izan ziren. Bere kulturan, asko miresten zen ondo zainduriko gorputza. Honen adibide dira garai hartako marrazki eta eskulturetan azaltzen diren pertsona mitologiko eta gerlariak: denak gorputz gihartsu eta zainduekin azaltzen dira. Erdi Aroan, berriz, gorputzak ez zuen horrenbesteko garrantzirik izan, eta, geroaro, Aro Modernoan, gorputzak gora handia berreskuratu zuen. Gaur ezagutzen dugun kulturismoa Frantzian hasi zen, XVIII eta XIX. mendeetan. Garai hartan kirol modura hasi zen praktikatzen eta honen helburua itxura fisikoa zen, hau da, kultura fisikoa. Hemendik datorkio gaurko izena: kulturismoa. Eugen Sandow izan zen kulturismoa lantzen hasi zen pertson. Bera izan zen lehena bere gorputzarekin erakustaldiak egiten, bere giharrak agerian jarriz. Sandowek, gainera, kulturisten arteko lehen lehiaketa antolatu zuen 1901. urtean Londresen, The Great Competition izenarekin.

Kulturismoa ez da kirol mota bat, bizitzeko era bat dela esan daiteke; izan ere, bertan buru-belarri dabiltzanak kulturismoan besterik ez dute pentsatzen. Ezin dute edozein janari jan, dieta zorrotz bat jarraitu behar dute eta, gainera, bere egunak pisuak altxatzen eta giharrak lantzen pasatzen dituzte. Hasiera batean, hau guztia laguntzarik gabe egiten zen: bakoitzak ahal zuen guztia entrenatu, eta lorturiko emaitzekin konforme egon beharra zuen. Denborarekin, ordea, gauza guztietan bezala, teknologia berriek eta gai honi buruz egindako ikerketek “onurak” ekarri dizkiote kirol honi.

kulturistakAlde batetik, teknologia eta ikerkuntzei esker, giharrak hobeto lantzeko makinak egin dituzte. Makina berri hauei esker, muskuluak azkarrago eta era egokiagoan lantzen dira eta, gainera, lesioak izateko aukera murrizten da. Makina hauen onurak ez dituzte kulturistek bakarrik izaten; izan ere, gimnasio guztietan aurki daitezke, modu batera edo bestera, giharrak lantzeko balio duten makina hauek. Hori gutxi balitz, erabiltzeko errazak direnez, jendeari gorputza zaintzeko aukera ematen diote.

Baina beste hobekuntza batzuk ere izan ditu kulturismoaren munduak. Hauek ikerketa batzuen ondoren lortu dira. Hasiera batean, ezer gutxi zekiten gorputzaren funtzionamenduaz eta honek zituen hormona eta giharrak nola lan egiten zuten. Baina denborarekin, medikuntzaren garapenari esker, badakigu nola funtzionatzen duen gure gorputzeko atal bakoitzak. Ikerketan hauei esker, badakigu dieta berezi bat jarraituta giharrak lantzea posible dela. Hori egiteko honako dieta hau aholkatzen da: karbono hidratoak, %60; proteinak, %30; eta lipidoak, %10. Esan bezala, dieta hau bereziki prestatua dago giharrak ahalik eta gehien lantzeko.

Horiek denak gutxi balira, gaur egungo kulturistek beste laguntza bat ere badute. Egindako ikerketek gorputzaren funtzionamendua hobeto ulertzen lagundu digute eta, beraz, giharrak azkarrago hazteko metodoak garatu dituzte. Horietako bat, ezagunena eta erabiliena, hormonak dira. Hauek gorputzak sortzen ditu, behar dituen kopuruan, gorputza garatu edota funtzio jakin bat burutzeko. Kulturistek hormonak erabiltzen dituzte euren giharrak azkarrago eta gehiago garatzeko. Beste kirol guztietan ez bezala, honetan ez dago debekatua gorputza indartzeko eta garatzeko produktuak erabiltzea. Kulturisten erakundeek ez dute gomendatzen produktu hauek erabiltzea, eta oso era zorrotzean kontrolatzen dute erabilera hori, nahiz eta debekatu ez.

Hormona horietatik erabilienak esteroide anabolikoak dira, testosterona. Gehienbat gizonezkoek eratzen duten hormona da, eta bere sexu aparatua eta giharrak garatzeko erabiltzen da. Kulturistek giharrak ahalik eta gehien garatzeko erabiltzen dute, baina askok ez dakite -edo ez dute jakin nahi- bere gorputza kaltetzen ari direla epe luzera; izan ere, hormona hauek gehiegizko kantitatean hartzeak albo-ondorioak sor ditzake gorputzean: arterietako hipertentsioa, tumore hepatikoak… Gainera, sexuaren arabera, ondorio ezberdinak sortzen ditu. Gizonezkoengan, barrabilen tamaina txikitzen du, espermatozoideen mugimendua murrizten du, esteril bihurtzen du gizona eta ilea erortzen hasten da. Emakumeetan, aldiz, ahotsa aldatu eta aurpegian ilea ateratzen hasten da, eta hilekoaren erregulartasuna ere aldatu egiten da. Ondorio fisikoez gain, psikikoak ere sor ditzake: aldartea aldatu, kontsumitzailea erasokor bilakatu, depresioak jo…

Laburbilduz, argi dago kulturismoa egitea ez dela erabat osasuntsua. Ez dago zertan muturretaraino joan. Kirola ez egitea eta kirol gehiegi egitea kaltegarriak dira gorputzarentzat; beraz, egokiagoa da egin behar den kirol kantitatea neurtzea eta ez itsutzea kirola egitearekin. Bestalde, kulturisten mundua hobe arautu beharra dagoela iruditzen zait. Horretarako, lehiaketetan, antidopin testak egin beharko lituzkete, substantzia kaltegarri horien kontsumoa murrizte aldera. Kulturistak itsututa daude ahalik eta gorputz gihartuena lortzearekin eta ez dira ohartzen, gaur kalte egiten ez dien zerbaitek, hemendik urte batzuetara bizitza izorratu diezaieketela; beraz, kulturismoaren mundua arautzeari ezinbestekoa deritzot.

Comments { 3 }
-->