Tag Archives | plastikozko_poltsak

“Sayonara”, plastikozko poltsak!

Plastikozko poltsen ordezkoakPlastikozko poltsak. Jendeak hainbeste erabiltzen dituen plastikozko poltsa horiek, bai. Gure “erabili eta bota” kultura honetan dagoen adierazgarririk nagusienak dira zalantza izpirik gabe. Urteak pasatu dira gizakiak asmatu zituenetik, eta gizabanakoaren erosotasunaren oinarri garrantzitsuenetako bat bihurtu dira. Izan ere, nork ez du pentsatzen asmakuntza hau erosoa ez denik? Erosketak egitera zoazen lekura zoazela, alde handia dago esku banatan goraino beteriko poltsa pare bat eramatea, ezinean eta gainezka ibiltzea baino. Etxera iritsi, janari potoak armairuan sartu eta… zer egin plastikozko poltsa horiekin? Askok zakarrontzira botatzen dituzte, beste askok zakar-poltsa modura erabiltzeko gordetzen dituzte eta gutxi batzuk birziklatu egiten dituzte. Lehenego bi taldeetako pertsonek, seguru asko, ez dute informazio handirik izango produktu kaltegarri honi buruz. Eta hori da arazoa, gehiegizko erabilpenak eta jakite ezak gure planeta gaixotzen dutela.

Jendearen ezjakintasuna dela medio, urteak dira erakunde publiko eta pribatuek gizartea plastikozko objektu hauek sortzen dituzten kalteez ohartzeko kanpainak martxan jarri dituztela. Jendea ohartarazteko balio handiko ekintza hauek badirudi ari direla bere fruitua ematen, eta Carrefour eta Eroski bezalako supermerkatu sare handiek badituzte poltsa hauek merkatutik kentzeko plan bereziak. Hala ere, kanpaina hauen arrakasta ezagatik, herrialde batzuk debekatu egin dituzte, hala nola, San Francisko, Txina eta Singapurrek. Beste batzuek, Irlandak esaterako, zergetara jo dute. Bi ideiak dira, izatez, aurrerakoi eta ekologikoak gure planetarentzat.

itsasoanIkus daitekeenez, badira hainbat herrialde arazo honen konponbidea bilatzen ari direnak eta, dirudienez, batzuk aurkitu dute. Espainiako gobernuak ere badu planeatuta zerbait: Hondakien Plan Nazional Integrala. Plan honek, hurrengo urterako plastikozko poltsak erdira murrizteaz gain, pixkanaka-pixkanaka debekua ekarri nahi du 2010erako. Jakinda urtero pertsona bakoitzak 238 poltsa inguru erabiltzen ditugula, Ingurumen Ministeritzaren plana errealista den eta neurri horietarako prest gauden ikustea bakarrik falta da. Hala ere, irtenbideen aurrean beti sortzen dira arazo gehiago; izan ere, saltokiek ezetz diote, kontsumo arduratsuaren eta birziklapenaren alde agertuz (neurri murriztatzaileak hartu beharrean).

Eta zera galdetzen dut nik: jakingo al dute pertsona horiek zer den benetan plastikozko poltsa bat? Produktu hauek prozesu kontaminagarri baten ondoren sortzen dira, non berauek ekoizteko ura, energia eta petrolioa behar diren. Poltsa bakoitzaren ekoizpenean, lau gramo CO2 igortzen dira atmosferara. Sortu eta berehala, komertzializatu eta saltokietara iristen dira. Zertarako? Batez beste 12 minutuko erabilpena izan dezaten. Euren bizitza zakarrontzietan bukatzen da gehienetan, baita edozein lekutan botata ere. Baina hori ez da arazoa, beste hau baizik: 400-1000 urte behar dituzte deskonposatzeko! Ba al daki norbaitek zenbat denbora den hori? Pentsa zer-nolako zabor pila sortuko litzatekeen munduan produktu hau desagertuko ez balitz etorkizun hurbilean. Familia bakoitzak batez bete 5,4 poltsa erabiltzen baditu asteko eta zaborraren %2,32k osagai hau badarama, sekulako hondamendi ekologikoa sor daiteke zerbait egiten ez bada.

kontzientziatuEta hondamendia guk uste duguna baino gertuago dago. Bere ekoizpenak eta erabili osteko tratamenduek ingurumen arazo handiak sortzen ari dira, bereziki itsasoko fauna eta floran. Plastikozko poltsak zabor-hondakin gisa itsasoan amaitzea kalte handiak sortzen dizkio honi. Nazio Batuek duten Ingurugiro Programaren (PNUMA) arabera, itsasoan, kilometro karratuko 18.000 poltsa topa ditzakegu. Tamalgarria, benetan. Eta kutsadura nolabait alde batera utziz, ezin ahatz ditzakegu itsas-animaliak; izan ere, 6 dortoka espezie, 32 ugaztun, 33 arrain mota eta 111 hegazti tipo arrisku bizian daude kutsadura mota honen ondorioz. Animalia hauek irentsi egiten dituzte produktu toxiko hauek, askotan konturatu gabe. Batzuetan, animaliak hondakinak irentsi eta liseri-hodian zehar inolako kalterik eragin gabe kanporatzen dituzten arren, sarritan, zoritxarrez, sekulako kalteak sortarazten dizkiete eztarrian. Horrela, animalia gaixo hauek elikagai faltagatik edota elikadura ez-egokiagatik hiltzen dira. Beste espezie asko, plastikozko poltsetan endredatu eta oxigeno faltan edota ihes egiteko esfrotzuaz nekatuta hiltzen dira.

Argi dago, beraz, arazo larri hau lehenbailehen konpondu behar dela. Horretarako, talde ekologista ugari lanean ari dira gau eta egun poltsen erabilpena desagertzeko ideiak sortuz. Ekologistak Martxan, Euskadiko Kontsumitzaileen Elkartea eta Osasunalde ekologista taldeek, besteak beste, hainbat ideia berritzaile proposatu dizkigute plastikozko produktu kutsakor honekin amaitzeko. Hona hemen zenbait aholku egoera penagarri honi aurre egiteko:

  • Poltsak berrerabiltzea.
  • Ustekabeko erosketetarako paper edota oihalezko poltsak soinean eramatea.
  • Erosketen garraiorako kutxak, otarreak edota erosketa-karroak erabiltzea.
  • Poltsa biodegradagarriak erabiltzea.

Jakin denok dakigu plastikozko poltsak desagertzeko, bakoitzak bere aldetik esfortzu txiki bat egin behar duela. Eta espainiarren %74k doako poltsekin amaitzea egokia dela pentsatzen duen arren, oraindik ere, kontsumitzaileak kontzientziatuta ez daudela erakusten du hainbat ikerketak. Nolanahi ere, badirudi pixkanaka-pixkanaka kontsumo arduratsuaren eta birziklapenaren alde agertzen ari direla, nola kontsumitzaileek hala ekoizlariak; hori dela eta, etorkizun hurbilean plastikozko poltsak iraganaren zati bat besterik ez izatea espero dut nik; eta baita, segur aski, ama lurrak ere.

Hemen duzue plastikozko poltsen erabilpenaren ondorio larriak eta produktu hau desagertarazteko zenbait aholku azaltzen dituen bideo bat:

Comments { 3 }
-->