Tag Archives | sherpak

Sherpak azpibaloratuta daude

Igo da Juanito Oiarzabal Manaslura.

Juanito Oiarzabalek (Gasteiz, 1956) zortzi mila metroko beste mendi bat igo berri du: Manaslu (8.156 metro). Hirugarren kanpamendutik gora abiatu da goizeko ordubietan —7.400 metrotik—, “hotz eta haize handiarekin”, eta goraino heltzea lortu du bederatzietan.

Gaurkoarekin, dagoeneko 26. zortzimilakoa du Oiarzabalek. “Aurrenekoan bezain pozik nago. Aitortzen dut gero eta gogorragoa egiten zaidala. Beraz, poztasuna gero eta handiagoa da”.

Munduko hamalau zortzimilakoak eginak ditu Oiarzabalek, eta berriro egiteko lau tontor baino ez zaizkio falta: Dhaulagiri (8.172 metro), Nanga Parbat (8.127), Broad Peak (8.047) eta Shisha Pangma (8.023).”

Gaur egun, horrelako albiste asko irakur daiteke, Juanito Oiarzabal eta Edurne Pasabanbezalako mendizale bikainak dauzkagulako Euskal Herrian. Halere, noizbait pentsatu al duzue nola erdiesten diren horrelako lorpen liluragarriak? Mendizale hauek izugarrizko gaitasuna dutela ezin da eztabaidatu, baina, adibide bat aipatzearren, fardelak bidaia bera egiten duten sherpen esku geratzen dira, nahiz eta ospe guztia mendizaleentzat den. Eta burura datokidan galdera zera da: sherpen eta mendizaleen lana berdin baloratzen al da?

Lehenik eta behin, sherpen eta mendizale hauen artean dagoen aldea, gaitasun fisikoari dagokiolarik, azpimarratzea komeni da. Sherpak Nepaleko ekialdean, zehazki Himalaiako goi mendietan bizi dira, hots, altuera handietara ohituta daude. Beste edozein lekutatik Himalaiara doan mendizale orok ez du horrelako gaitasun berezirik altuera handietan ibiltzeko eta, ziurrenik, mendi berbera igotzeko asiar mendizaleek gastatzen dituzten indarrak baino askoz gehiago gastatuko ditu. Beraz, sherpek mendizaleen motxila eta traste guztiak eramaten dituztela maldan gora jakinda, garbi gera daiteke mendiak igotzeko gaitasun fisiko hobeak dituztela.

Ildo beretik, ospearen arloan ere desberdintasun nabarmena da. Hasierako albistean ikus daitekeen bezala, Juanito Oiarzabal da albistearen protagonista. Lorpen hori egiteko Sherpen laguntza beharrezkoa izan du eta hauei buruzko hitz bakar bat ere ez da azaltzen albistean. Niri oso harrigarria iruditu zait beti hori. Egunkari, telebista, irrati… komunikabide guztietan gertatzen da, hau da, sherpek ez dute osperik lortzen, nahiz eta mendizaleek egiten dutena egiteko gai diren.

Arazoa hementxe dago, beste edozein arlotan gaitasun onenak dituztenak dira ospetsuenak. Saskibaloian onena dena da ospetsuena, futbolean berdin-berdin; mendiak igotzen onenak diren sherpa horiek, ordea, ez dute beste edozein mendizalek duen ospea, nahiz eta mendiak igotzen hobeak izan. Egiten dutena eginda, ematen zaien apurra ikusita, sherpak azpibaloratuta daudela ondoriozta daiteke.

Amaitzeko, aurreko guztia laburtuz, zera esan daiteke: sherpek mendizaleek baino gaitasun fisiko hobeak dituzte, baina ospe gutxiago lortzen dute. Garbi dago bi taldeek dutela meritu izugarria, baina dagoen desoreka nabarmen hori konpondu beharko litzatekeela uste dut, edota, gutxienez, zertxobait orekatu. Nire uste apalean, sherpen lanari merezi duen errekonozimendua eman beharko litzaioke; izan ere, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa bailitzateke mendizaleek horrelako ekintza gogoangarriak lortzea.

Comments { 4 }
-->