Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160
Tag Archives | teknologia

DVDa hilzorian

DVD ala Blu-Ray?Ez nekienez oso ondo zeri buruz idatzi, ordenagailuaren aurrean eseri eta buruari bueltak ematen hasi nintzen baldineko gai baten bila. Halako batean, aurrekoan gelan aipatu genuen kontu bat etorri zitzaidan burura: DVDaren desagerpena.

Azken egun hauetan, guztiok entzun dugu DVDa azkenetan dela Blu-ray izeneko formatu baten sorrera dela eta. Gauzak horrela, HD-DVD eta Blu-Ray diskak lehian aritu dira ea zeinek irabaziko hurrengo urteetako nagusitasuna. Badirudi Blu-Ray atera dela garaile; beraz, HD-DVDak, agi denez, ez dira sortuko eta Blu-Rayk izango du hegemonia osoa.

DVDa, Digital Versatil Disc, 1995 urtearen amaieran sortu zen informatiko eta ikus-entzuneko 10 bat enpresaren eskutik. Elektronika eta informatika alorretako fabrikatzaileek eta zine eta musikako estudioek agerturiko interesari esker, egundaino azkarren sartu den produktu elektronikoa bilakatu da berau. DVD diskoa, berez, gaitasun handiko CDa da; izan ere, adibide xume bat jartzearren, film oso bat sartzen da bertan.

Atzera eginda, komeni da esatea 1990. urtearen hasieran, orain gertatu den bezala, bi formatu zeudela lehian: bata, Philipsek eta Sonyk bultzatutako Multimedia Compact Disc (MMCD) eta bestea, berriz, Toshiba, Mitsubishi Electric eta JVCk babestutako Super Density disc izena zuena. Philips eta Sonyk MMCD alde batera utzi eta, Toshibarekin adostu ondoren, Super Density Disc (SD) honi aldaketa batzuk egin zizkioten. Sortutako taxuera berri honek hobeto jasaten zituen kolpeak, urradurak edo oinatzak. Hau horrela izanik, 1.5 DVD bertsioa sortu zen 1995. urtearen amaieran eta, azkenik, 1996an gaur egun ezagutzen dugun DVDa sortu zen.

DVDak 4.7 gigabyte ditu, hau da, CD batek baino 7 aldiz gehiago eta irakurketa laser baten bidez egiten du. Datuen transferentzien abiadura 1350 kB/s da; honek esan nahi du CD arrunt bat baino 9 aldiz azkarrago dabilela.

Oraingoan, lehian izan diren formatuak HS-DVD eta Blu-Ray izan dira. HD-DVD (High Density-Digital Versatil Disc) disko-formatu berri hau DVD forumak sortu eta hobetu egin du, egile eta entretenimendu munduko estudio handienekin batera. Talde hau DVD estandarrak gauzatzeaz arduratu da formatu hau sortu zenetik. Handia da duen kapazidadea; izan ere, 15 GB gorde daitezke bertan, DVD arrunt baten 4,7 GBen aldean. Bi geruzako HD-DVD batek 30 GBeko edukiera du, eta hirukoak 45 GBera iristen dira.

Blu-rayBlu-rayk, CD eta DVDaren antzera, 12cm-ko diametroa du eta bideoak eta datuak gordetzeko balio du. 25 GBeko espazioa dauka eta bi kapakoak, 50 GB. HD-DVDari irabazi dio formatuen lehia, garai batean VHS eta Betamaxarekin gertatu zen bezala, DVDaren oinordeko bihurtuz. Disko hauek laser urdin baten bidez irakurtzen dira, DVDak ez bezala (hauek laser gorri batez irakurtzen dira). Honek, beste aurrerakuntza teknologiko berri batzuekin batera, DVDak baino informazio gehiago biltegiratzea dakar. Sistema hau erabiltzen lehenengoak Sonykoak izan ziren Play Station 3an.

Bitxikeriaren bat aipatzearren, izena bere kolorearengatik hartzen duela esango dugu (euskaraz izpi urdina izango litzateke). Blueren jatorrizko “e” hizkia ezabatu egin zioten; izan ere, zenbait herrialdetan izen komertzial batek ezin baitu “e” hizkia eraman. Beraz, Blu-ray izenarekin gelditu da.

Amaitzeko, hilzorian badaude ere, DVDak oraindik ere gutxienez urte batzuetan merkatuan ikusiko ditugula esan dezakegu eta arrazoia prezioa baino ez da; izan ere, Blu-ray delako hau oraingoz oso garestia da eta, gainera, urte batzuk pasa arte ez omen da espero merkatzea.

Comments { 1 }

Teknologia asko eta moral gutxi

teknologia berriakTeknologia asko eta moral gutxi gure gizarteak daukana. Azkenaldian ziurrenik mila bider aditu dugu esaldi hau, baina ez al da, bada, egia? Teknologian eman diren aurrerakuntza ugari gizartearen eta gizakiaren hoberako izango ziren, ez dut zalantzan jartzen (urrun dauden pertsonekin komunikatzeko erraztasuna, zenbait gaixotasun sendatzeko aukera…); dena den, beste aurrerapen asko kontrako lanetara bideratuak izan dira, armak sortzeko, esaterako; irudikatu ezin ditugun arma bortitzak sortzeko eta armen modura bestelako zenbait gauza ere bai.

Gero eta gizaki hotzagoak garela esan liteke. Komunikazioaren aroa, jakintzaren garaia eta ez al gaude ezjakintasun bortitz batera bideraturik? Komunikabideei esker, manipulatu eta itsutuak, pentsatzeko astirik gabe roboten modura jokatzen dugu: lana, ikasketak eta, tartetxo bat badut, lagunekin egongo naiz… Ez dugu gure inguruan gertatzen diren basakeriez ohartzeko eta juzgatzeko edo horien inguruan iritzia emateko astirik hartzen. Niri afektatzen ez didan heinean berdin zait. Taldean bizi diren pertsona indibidualistak garela esan liteke eta arazoak gero eta handiagoak dira. Horren adibide garbia, ahalik eta azkarren moztu behar den arazoa, nerabeen artean oso modan dagoen jipoiak eman eta grabatzearena da. Ondoren, interneten argitaratu mundu guztiak ikus dezan. Ez al da lotsagarria? Ez al da moztu behar den zerbait? Non geratu da errespetua? Non galdu dira etika eta morala?

Nire iritziz, beti egon dira ahulekin sartu diren pertsonak, baina hori nolabait mugatzen saiatu izan da gizartea. Gaur egun, berriz, teknologia berriak erabiltzen dituzte gaizki egin duten hori harrokeria guztiz mundu osoari erakusteko. Hori al da aisialdira begira daukagun denbora pasa bakarra?

Sentimendu gabeko pertsonen inguruko dokumental bat ikusi nuen aurrekoan eta izugarri harritu ninduen bertan gazte batek esaten zuena aditzeak, berau jipoiak ematen aritzen zen horietako bat zen: “Zuri egiteak asko izorratzen du; gainera, gaizki geratzen zara”. Harrigarria iruditzen zait, pertsona batek beretzat nahi ez duen hori beste bati egitea. Eta non daude gazte hauen gurasoak? Non daude gazte hauen irakasleak? Pertsonak hitz eginez ulertzen omen dute elkar eta, komunikazioaren aroa bizi dugunez, inoiz baino gehiago hitz egin beharko genukeela suposatzen da. Halere, gure jarrera eta jokaera oso bestelakoa dira; izan ere, komunikazioa oso murritza da, bai seme-alabek gurasoekin dutena, bai orokorrean gizartean dagoena. Horrek ez du esan nahi salbuespenik ez dagoenik, baina orokorrean pertsona axolagabeak gara, gurea besterik ikusten ez dugun pertsona axolagabeak. Teknologia eta modernitatea, bai! Horri garrantzia ematen diogu, baina adiskidetasuna, behar duenari laguntzea (guri sakrifizio bat eskatzen badigu ere) eta antzeko kontzeptuak bazterrera botata uzten ditugu, ez diegu garrantzirik ematen. Horregatik uste dut gure gizartea gaizki doala, aurreiritziz josiriko pertsona ezmoralak garela eta benetan garrantzitsuak diren gaiez ez dela inor arduratzen.

Comments { 2 }
-->