Tag Archives | telezaborra

Telezaborrak harrapa ez zaitzan, zoaz paseo bat ematera…

Etxean asperturik nengoela, telebista piztea bururatu zitzaidan. Lehenengo katean txutxu-mutxu besterik ez zegoela ikusi nuen bezain pronto, nire gustuko programa baten bila hasi nintzen. Ez nuen nire helburua lortzerik izan, hutsean geratu zen; izan ere, kate guztietan ‘zaborra’ besterik ez zegoen. Telebista itzali nuen. Hori al da egungo telebistak ikusleei eskaintzeko duena? Uneoro mota horretako saioak?

Ez dago dudarik egungo telebisten helburua euren ikusle kopurua handitzea dela, inongo arau etiko edo moralik ezarri gabe: guztiak balio du. Hori dela eta, kate guztiek, publiko zein pribatu, arau moral guztiak hausten dituzte bere ohiko edukia degradatuz. Esate baterako, zenbatetan ikusi ahal izan dugu telebistako eztabaidaren batean, gaia landu ordez, parte hartzaileek tirabiran jardutea? Nire ustez, hor dago benetako arazoa: oraingo telebistak ez du bizitza publiko eta pribatuaren arteko muga beeizten.

Ez dago esan beharrik irensten dugun zaborrak eragin handia duela gaur egungo gizartean, hori baita gehiengoak kontsumitzen duena. Horren adibidea da “sasiospetsu” hauen esaldiak nonahi aurkitzea. Nork ez du inoiz, kalera irtetean, “Yo por mi hija, mato!” eta esaldi horretatik eratorriko beste hainbat entzuteko betarik izan? Nik, zoritxarrez, askotan.

Edozein modutan ere, onartu beharra dago era honetako programek askotan deskonektatzen laguntzen digutela. Gehienetan, lanetik bueltatzen direnek ez dituzte gai edo eduki konplexuez aritzen diren saioak ikusi nahi izaten, nahiko buruhauste izaten baitituzte lanean, telebista piztu eta antzeko gaiak entzun behar izateko. Dena den, mila eta bat era daude eguneroko arazoetatik ihes egiteko, hala nola, pelikula on bat ikusi, kirola egin edo, liburu baten istorioan murgilduz, irakurketaz gozatu.

Hau guztia laburbilduz zera esan daiteke: saio hauen kontrako argudioak aldekoak baino pisu handiagokoak dira. Nire uste apalean, saio hauek ikustekotan, buru pixka batekin ikus beharko genituzke, bertan erabiltzen diren hitzak eta jarrerak oinarri edo adibide bezala erabili gabe. Gizarteari mesede egingo genioke, gure izatea edo etika telebistako show hauetatik babestuz, geu izaten jarraituko bagenu.

Comments { 2 }

Sálvate tv

Gran Hermano, La Noria, Sálvame, Supervivientes… reality show eta talk showez gainezka dago Espainiako telebista programazioa. Garai batean gizarteak ontzat jotzen zuen zerbait egin behar zen pantailan agertu ahal izateko; gaur egun, aldiz, pare bat birao bota eta zeure burua barregarri uzteko prest egonez gero, ziurtatuta duzu lekua telebista pribatuko edozein katen. Lotsagarria deritzot honi. Normala al da, bada, telesaio batek urliaren ipurdiaz, sandiaren alabaz edo berendiaren adarrez hitz egin besterik ez egitea? Normala al da bi gizon plato erdian elkarri joka hastea?

Hasteko, ez dut ulertzen nola den posible pertsonari bere duintasuna eta pribatutasuna ebasten dizkion rolak betetzean oinarritzen diren lanbideak -azken batean hortik bizi baitira- existitzea. Legezkoa izango da, baina morala… Bai, egia da Karmele, Kiko edo dena delakoa bere borondatez joaten dela platora, eta diru sari interesgarri bat lortzen duela trukean, baina benetako etekina ateratzen duena katea bera da, pertsona hauek bere nahiera erabiltzen dituena eta hauei esker sekulako irabaziak dituena.

Bestalde, esaerak dioen bezala, ikusten dugunak eragin egiten digu; zer ikusi, hura ikasi. Azaltzen duten errespetu eta balore ezak, beraz, ikusle guztiogan uzten ditu zantzuak. Honek denoi egiten digu kalte, baina bereziki gazteenei -kontuan izan behar da haurren ordutegian emititzen direla gehienak-. Haurrek maiz heroiak behar dituzte, eta telebista kalea bezain baliogarria da rol-model iturri gisa. Ondorioz, ez da harritzekoa telebistan ikusten duten norbait eredutzat hartzea. Imagina ezazue zeuen semeak Kiko Hernándezbezalakoa izan nahi balu edo alabak Belén Estebanen posterra jarriko balu gelan. Nahiago nuke telebistarik ez eduki.

Halaber, programa hauek protagonismo oro bertako pertsonaiei ematen diete, informazioa edo diotena bigarren planuan utziz; azken finean, eduki mailan hutsik daude. Honela informazio zehazgabea egiatzat erabiltzen dute, zer dioten ere ez dakitela (garrantzitsuena nola dioten baita, ahal den era baldar eta polemikoenean). Informazio zehatza emateko arreta urria eta iturrien fidagarritasunaren frogaketa eskasa Wyoming eta Intereconomia ren arteko liskarrean, edo Cristianok Sálvame programari egin dion salaketan agerian geratu dira.

Hori bai, ez da ahaztu behar telebista potentzial handiko komunikabidea dela. Gezurra dirudien arren, kultura eta informaziorako bide ezin hobea da -nahiz, ikusitakoak ikusita, denbora-pasa merkerako mugatua dirudien-. Errazagoa da eta aurrekontu txikiagoa behar da, noski, showak emateko; ahatik, telebistaren ahalmenaz baliatu ordez, hain erabilera kaskarra ematea tresna erabat mespretxatzea dela iruditzen zait.

Ezin da ukatu, azken finean, ikusleak garela saio batek iraun dezan edo ken dezaten egiten dugunak, eta saio mota honek Espainian daukan ikusleria ikaragarria denez, guk ere erruaren zati bat dugula esan liteke. Nolanahi ere, eskainitako programazioa ikusita, aukera gutxi ditu ikusleak morboari lasa ematea baino. Gehienok, denok ezpada, morboa daukagu. Baina baditugu beste interes eta kuriositate hobeak; gauza da telebistan lehenengoa garatzeko aukera edo baliabide gehiago eskaintzen zaikigula bigarrena baino. Eta hor dago, nire ustez, telebista pribatuaren errorea. Euren interesa kultura eta gizartearen gainetik jartzea.

Hori dela eta, demagogia besterik ez duen “telezaborra” gutxiago ikustea ideia ona izan liteke, programa merke hauek audientzia galdu eta desagertzeak ez bailioke inori kalterik egingo, eta, beste gauza askoren artean, etorkizuneko generazioak bestelako baloreez heztea ahalbideratuko bailuke.

Comments { 2 }
-->