Tag Archives | zerga paradisuak

Nora doa gure dirua?

Azken urteetan krisi ekonomikoa konpontzeko hainbat neurri hartu dira, baina askok ez dute eragin handirik izan. Adibidez, zergak igotzeak ez du beti estatuak gehiago kobratzea eragiten. Beste alde batetik, askotan, norbaitek lapurtu duen dirua ez da aurkitzen edo dirua egintza kriminaletarako erabil daiteke, inork saihestu gabe. Arazo hauek guztiek kausa komun bat dute: zerga paradisuak eta sekretu bankarioa.

Zerga paradisuak atzerritar dirudunei oso zerga gutxi kobratzen dieten herrialdeak dira. Hauetako batzuk dira Monako, Liechtenstein, Kaiman Uharteak… , eta munduko diruaren eta enpresen zati garrantzitsu bat han kokatuta daude. Zerga gutxi ordaintzearen ondorioz, enpresa asko mugitzen dira estatu horietara eta diru asko aurrezten dute. Gehienetan, gainera, beste estatuekin ez dute kolaboratzen eta, beraz, dirutzak ezkutuan gelditzen dira. Honek hainbat efektu negatibo ditu beste estatuetan.

File:Tax havens.svg

Alde batetik, beste estatuen zerga bilketan efektua du. Normalean, dirudunek zerga gehiago ordaintzen dituzte eta norberaren diruaren arabera proportzionalki ordaintzen da. Hau egokiena izango litzateke sistemak ondo funtzionatuko balu. Baina honek tranpa bat du: dirudunek enpresak eta kontu korronteak zerga paradisuetara eramaten dituzte, gutxiago ordainduz. Honen ondorioz, gehien ordaintzen dutenak dirua dutenak baina aberatsak ez diren pertsonak dira, eta kaltetuenak klase ertainak dira. Adibidez, eliteko kirolari askok etxebizitza zerga paradisuetan erregistratua dute, zerga gutxiago ordaintzeko. Gauzak gaizki doazenean ere, dirudunek zerga paradisuei probetxua ateratzen diete. Adibidez, enpresa bat errentagarria ez denean, porrota egin duela aitor dezakete eta, horrela, ezin dira zorrak ordaindu. Eta diru guztia zerga paradisuetan sartu dutenez, diru hori ezin da erreklamatu.

Zerga paradisuek kriminalitatean ere eragina dute. Ustelkerian sartutakoek zerga paradisuak erabiltzen dituzte lapurtzen duten dirua ezkutatzeko, eta horrela zailagoa da jende hau harrapatzea. Kondenatu eta kartzelan sartu eta gero ere arazoak sortzen dituzte, dirua itzultzeko eskatzean, dirurik ez dutela esaten dutelako. Diru hau zerga paradisuetan ezkutatuta dago, baina banku-sekretuaren ondorioz, diru honen existentzia ezin da frogatu. Kriminalek eta mafiosoek ere zerga paradisuetan sartzen dute dirua, horregatik da hain zaila hauen arrastoa jarraitzea. Terroristek ere dirua zerga paradisuetan gordetzen dute, eta finantziazioa hemendik lortzen dute.

Hau guztia kontuan hartuz, krisi handi bat berriro ez errepikatzeko hartu behar diren neurrien artean, nahitaez, zerga paradisuen desagerpenarena dago. Zerga paradisuen desagerpenak hainbat onura ekarriko lituzke. Zerga progresiboak igotzea posible litzateke, aberatsek gehiago ordainduz. Dirua ezkutatzeko tokirik ez balute, ordaindu egin beharko lukete eta, ondorioz, estatuak eskuratzen duen dirua handitu egingo litzateke. Gainera, diru hori gaizki erabiltzea zailagoa izango litzateke, politikoek zailago luketelako eskua sartzea. Beraz, irabazten den diru hori hobeto inbertituko da. Hala ere, oso zaila izango da hau martxan jartzea. Alde batetik, boterea duten askok interesak dituztelako zerga paradisuetan; eta, bestetik, ekonomia kontrolatzen duten “neocons“-ek ez dutelako inoiz onartuko.

Comments { 1 }
-->