Tower of Power: benetako soinu beltza

Tower of PowerNo matter who you are, where you live, or your taste in music, Tower of Power will find you. And once that happens, it’s all over. You will come to believe that soul music is the salvation of us all. Tower of Power taldearen hitz hauek aukeratu ditut nire lehen artikulu honi hasiera emateko. Nire bateriako irakaslearen bidez iritsi ziren musikari hauek lehen aldiz nire eskuetara. Aurreneko aldia zen entzuten nituela, eta, ordura arte, estilo hau ezezaguna zitzaidan, baina, egun, nahiz eta oraindik ezjakina izan soul eta funky estiloan, nire gustukoenetako bat da.

Talde hau 60. hamarkadan jaio zen San Franciscon, Oakland-en zehazki. Hamar urte igaro ondoren, lehen diskoa plazaratu zuten. Hasiera batean, Sly Stone, Creedence Clearwater Revival eta hainbat talderen hasierako gonbidatu izan ziren, baina segituan hasiko ziren bakarka kontzertuak ematen, izugarrizko jendetza erakarriz. Ondoren, beste hogei lan atera zituzten, denak arrakasta handiz: East Bay Grease, Live and in Living Color, Oakland Zone, Soul Vaccination, Havin´Fun… Honez gain, belaunaldi ezberdinetako musikariengan izan zuen eragina taldeak, besteak beste, The Police taldeko Sting ospetsuarengan.

10 dira Tower of Power taldeko musikariak: Emilio Castillo, “Doc” Kupka eta Tom E. Politzer saxofonistak, Adolfo Acosta eta Michael Bogar “Iron Mike” tronpetariak, Larry Braggs abeslaria, Francis Rocco Prestia baxu-jotzailea, Mark Harp gitarrista, Roger Smith teklatu-jotzailea, eta David Garibaldi bateria-jotzailea. Musikari hauek jazz, funk, rock eta soul estiloak jorratzen dituzte, baina soula eta funkya nabarmentzen direla esan dezakegu. Honen emaitza da euren soinu beltza. 40 urtez euren kantak munduan zehar hedatuz joan direla kontuan izanik, ez dute oraindik kritika txarrik izan. Kritikariek bBeraien soinua jotzean duten zehaztasunaren eta beraien arteko konpenetrazioaren emaitza dela esaten dute.

David bateria-jotzailea

Kontuan izanda ni bateria-jotzailea naizela, ezin dut aipatu gabe utzi talde honetako bateria-jotzailearen, David Garibaldiren, garrantzia instrumentu honen historian. Garibaldiren ezaugarri nagusienetakoak bere beat-en zailtasun tekniko harrigarria eta musikaltasuna dira. Hori gutxi balitz, musikari bikain honek bere erritmo ikaragarri eta pertsonalekin izugarrizko eragina izan zuen 80. hamarkadako funk-fusion bateria-jotzaile esanguratsuenetan, Steve Gadd, Dave Weckl eta Dennis Chambers bezalako artistengan hain zuzen.

Bateria-jotzaile honek nigan izan zuen eragina ez zen gutxiago izan. Lehen aldiz youtuben ikusi nuenean, txunditurik utzi ninduen. Hasieran, oso hotza zen sentsazioa transmititu zidan, bere aurpegiko espresio eza zela eta, baina aurpegiarekin adierazten ez zuena makilen bidez transmititzen zuela konturatu nintzen segituan. Bestalde, bere jotzeko erari erreparatuz, gehien liluratu ninduena ez zen bere erritmoen konplexutasuna izan, hauek jotzerakoan zuen musikaltasuna baizik. Makilak maisuki kontrolatzearen ondorioz, erritmo zailak erraz eta sinple bilakatzen ditu.

Aurreko guztiarekin batera, nire aburuz, David Garibaldik taldearen esentzian zeresan handia izan du, berak funky erritmoei ematen dien filling edo sentimendua ordezkaezina baita. Taldera bueltatuz, aurten 40. urteurrena ospatzen ari da eta Estatu Batuetan zehar urtebetez arituko da musika ekitaldi garrantzitsuenetan.

Amaitzeko, taldearen izena eta nik testuan azaldutakoa bere esentzia eta indarra deskribatzeko gutxi direla ikus dezazuen, bideo batzuekin uzten zaituztet: soul vaccination eta willin to learn.

,

3 Responses to Tower of Power: benetako soinu beltza

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.