Ura, bizitzaren oinarria

00000051Gaur egun etxeko iturria ireki eta ura lortzea gauza normaltzat dugu, baina zer gertatuko litzateke iturritik urik aterako ez balitz? Gauza asko egin ezinik ibiliko ginateke, eta bizitzeko arazoak izango genituzke. Hemen nahikoa ur dugu era egokian bizitzeko; zoritxarrez, ordea, ez da gauza bera gertatzen mundu osoan zehar. Herrialde askotako biztanleek arazoak dituzte ura lortzeko; gainera, lortzen duten ur hori kalitate txarrekoa izan ohi da.

Hasteko, esan behar da ura beharrezkoa dugula izaki bizidun guztiok bizi ahal izateko. Izan ere, ura gure gorputzeko pisuaren %65-70 da eta, horretaz gain, zelularen funtsezko osagaia da. Urik gabe ezin dugu bizi, urak beharrezko funtzio batzuk betetzen baititu gure gorputzean. Horietako bat substantzia polarrak disolbatzeko gaitasuna da. Honi esker, gorputzean sartzen ditugun molekula handiak txikiagotu egiten dira, ondoren zeluletan barneratzeko. Gainera, uraren bero espezifiko handiari esker, gure gorputzeko tenperatura konstante mantentzen da, nahiz eta kanpoan hotz edo bero egin. Hau oso beharrezkoa dugu, gorputzaren tenperatura beti 36,5ºC ingurukoa izan behar baita.

Ura edukitzeak denon eskubide bat izan beharko luke, beharrezko baita bizitzeko; halere, esan bezala, herrialde askotan zailtasunak dituzte hau lortzeko. Guk hemen ez dugu arazorik ura pilatzeko, klima hezea eta freskoa baitugu. Hori gutxi balitz, azpiegitura egokiei esker, etxeko iturriraino etortzen zaigu ura. Baina beste zenbait herrialdetan, Afrikan bereziki, ez da gauza bera gertatzen. Bertako klima lehorrak eta ura pilatzeko azpiegitura eskasek ura biltzeko zailtasunak ekartzen dizkiete, eta, horren ondorioz, ur gutxi izaten dute bizitzeko. Daukaten ur gutxi hori putzuetan pilatzen dute, eta horrek ez du uraren kalitatea bermatzen. Bertakoek ez dakite ur zikina osasunarentzat txarra denik, ez baitzaie hori irakatsi. Gauzak horrela, urtean milioika pertsona hiltzen dira kutsatutako ura edateagatik. macenas-riego-golf-3-1

Guk, hemen, ura soberan dugu eta konturatu gabe xahutu egiten dugu altxor preziatu hau. Horren adibide da urtean golf zelaiak ureztatzeko erabiltzen den ur kantitate ikaragarria. Nahiz eta hemen sarritan euria egiten duen, ia beti ureztatu behar izaten dituzte zelaiak. Arazo hau areagotu egiten da hegoaldean, bertan ez baitu euririk egiten. Han golf zelaiak ureztatzeko, edateko ura erabiltzen dute. Datu horrek, besteak beste, gaian sakontzera eraman beharko gintuzke. Nahiz eta orain ez ohartu, ura ez da agortezina; izan ere, munduaren hiru laurdenak ura izan arren, uraren %4 baino gutxiago baita edangarria.

Beraz, argi dago ura ez dela amaigabea eta kontrolatu egin behar dugula altxor honen erabilera, izaki bizidun guztiek behar baitugu bizi ahal izateko. Bestalde, uraren erabilera gutxitu edo kontrolatzeko, hainbat ekimen egin da. Horien guztien nahia ura amaigabea den ideia kentzea da, hau da, ekimen horien xedea ura amaitu egingo dela zabaltzea da eta gure esku dagoela hori saihestea. Horretarako, gure eguneroko bizitzan ur gutxiago erabiltzeko aholku batzuk eman dituzte: hortzak garbitzean iturria itxi, bainatu partez dutxatu…

Amaitzeko, honekin guztiarekin espero dut uraren garrantziaz ohartzea, eta, hemendik aurrera, iturria irekitzean, urik ez dutenengan pentsatzea. Ez gara ohartzen zein zorioneko garen honelako altxorra izateaz! Hona hemen ura aurrezteko aholkuak irakurtzeko helbide interesgarri batzuk:

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->