Uxue Alberdi: “Askoz ere gauza gehiago ikusten dira begi literarioekin”

Uxue Alberdi 1Ikasturte hasieran, Maitek liburu bat hautatzeko eta irakurtzeko esan zigun. Nik ez nekien zein liburu irakurri eta nire auzoko liburu denda batera abiatu nintzen. Dendan zeuden liburuen laburpenak irakurtzen hasi nintzen, baina liburu haiek ez zuten inondik ere nire irakur-mina piztu, liburu dorre handi baten azpitik agertzen zen batek atentzioa eman zidan arte. Atzean zekarren laburpena irakurri eta gustatu egin zitzaidan. Liburua Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan zen eta gehiago pentsatu gabe hautatu egin nuen. Gero, Maiteri hautaketaren berri eman nionean, Iratik ordurako hartua zuela adierazi zidan (aurreko artikuluan irakurri ahal izango zenuten legez), baina hori beste kontu bat da…. Ezingo nuen liburu hori Irakurlearen Txokorako erabili, baina, hala eta guztiz ere, irakurri eta egilea elkarrizketatzeko aitzakiatzat hartuko nuen.

Uxue Elgoibarren jaio zen 1984. urtean. Kazetaritza ikasketak burutu ditu eta, egun, literatura idatzian zein bertsolaritzan ibiltzen da, besteak beste. Arestian aipatutako liburua, Aulki bat elurretan, bere lehen liburua da. Istorioa Suedian kokatzen da, Iratik atzo esan zigun moduan, eta 17 ipuin laburrez osatua dago. Esan bezala, emakume interesgarria iruditu eta berarekin harremanetan jartzea otu zitzaidan. Hona hemen Uxueri egindako elkarrizketa.

Noiz konturatu zinen idaztea gogoko zenuela, Uxue?
Inoiz ez nuen pentsatu idazle izan nahi nuenik. Txiki-txikitatik izan dut gustuko idaztea, eta denborak aurrera egin ahala, idazteak gero eta gehiago betetzen ninduela konturatu nintzen. Saiatzen naiz literaturari eta, orokorrean, sorkuntzari ahalik eta denbora gehien eskaintzen. Oso ondo pasatzen dut irakurtzen, idazten, bertsotan…

Bertsolaritzan aritzen zarela jakin dut. Zer duzu gustukoen bertsolaritza ala literatura?
Ezingo nuke aukeratu, eta, gainera, biak egin badaitezke, zertan aukeratu? Oso jarduera desberdinak dira, eta bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu: bertsolaritza oso bizia da, beti lagunartean egiten da (bai saioetan eta baita bertso-eskolan ere), jendearen erantzuna, erreakzioa, bat-batekoa da… Baina alde txarrak ere baditu: askotan agintzen dizkiguten gaien inguruan abestu behar izaten dugu, eta agintzen diguten luzeran, gainera. Batzuetan, ez daukagu gai bati kantatzeko gogorik, edo ez dugu gaia asko kontrolatzen, edo bi bertso kantatu beharrean 10 kantatuko zenizkioke gaia asko interesatzen zaizulako, baina ezin duzu. Literaturak aukera hori ematen du: nahi duzunari buruz idatz dezakezu, nahi duzun beste pentsatuta eta nahi duzun besteko luzerarekin. Bertsoak mugak ditu: denbora, errima, neurria… eta horregatik da hain erakargarria, baina nik eskertzen dut literaturak ematen duen askatasuna ere.

Zure lehen liburuak arrakasta handia izan duela ikusita, beste libururen bat egiteko asmorik ba al duzu?
Ari naiz idazten. Joseba Jaka beka eman zidaten eleberri bat idazteko, eta horretan ari naiz. Aulki bat elurretanUrtebeteko epea dut buruan dudana paperera pasatzeko. Hamaika makila izango da liburuaren titulua eta kostaldeko herri batean kokaturiko istorioa da, aitona-amona koadrila bat duena protagonista. Orain Getarian bizi naiz, eta ea kresal usainak inspiratzen nauen!

Aulki bat elurretan liburuaren proiektuarekin Beasaingo Igartza saria irabazi zenuen, ezta? Zer suposatu du horrek zure bizitzan?
Igartza, saria baino gehiago, beka da. Horrek esan nahi duen guztiarekin: sari batek momentuko errekonozimendua eman dezake, baina beka denbora erosteko modu bat da. Askotan zaila da 8 ordu lanean ematen badituzu, etxera itzuli eta ordenagailu aurrean berriro lanean hastea, are gehiago aurreko 8 orduetan ere kazetari, itzultzaile edo halako lanetan aritu bazara. Beka horiei esker denbora eros dezakezu, lan gutxiago egin eta idazteari denbora gehiago eskaini. Hori guztiaz gain, noski, izugarrizko poza ematen du norbaitek zugan konfiantza jarri izanak, jakiteak epaimahaiko bati zure lana gustatu zaiola eta liburu bat idazteko aukera eman nahi dizula.

Zein izan da zure inspirazioa liburu hau idazteko garaian?
Kazetaritzako 3. maila Suedian egin nuen. Euskal Herrian bizi nintzela, mila kontutan sartuta nengoen, eta ez nuen idazteko tarterik topatzen. Nahita eskatu nuen Erasmus beka, idazteko denbora hartu nahi nuen nire betiko ingurunetik kanpo. Nik banekien Suedian idatzi egingo nuela, ez nekiena zen ondoren idatzitakoa liburu bihurtuko zenik. Eta Suedia perfektua da inspiratzeko, oso literarioa da: gau luze-luzeak genituen, hotza, elurra, beste gizarte mota bat nuen inguruan… Eta kanpora zoazenean beti zaude bi begiak zabal-zabalik, dena jasotzen, interpretatzen, zure eskemak puskatzen, jende berria ezagutzen… Azken batean, inporta zaizkidan gauzei buruz idatzi dut, barrua ukitzen didaten gauzei buruz. Suediara joan beharrean Txinara joan izan banintz ere idatziko nukeen, baina liburua oso diferentea zatekeen.

Uxue Alberdi 2Zergatik aukeratu duzu izenburu hori liburuarentzat?
Liburuaren izenburua izateaz gain, ipuin baten izenburua ere bada. Behin, unibertsitatetik herrira autobusez nindoala, hilerri baten albotik pasa ginen, eta egurrezko aulki txiki bat ikusi nuen hilarri baten ondoan. Hurrengo egunean argazki kamera hartuta joan nintzen aulkitxoari eta hilarriari argazkia ateratzeko asmotan, baina aulkia ez zegoen han. Orduan nire buruari galdezka hasi nintzen: non egongo da aulkia? Norena ote da? Nork ekarri ote du? Eta nork eraman? Eta nor ote da hildakoa? Zein harreman ote du aulkian eserita dagoenarekin? Eta hala sortu zen ipuina, maitasun handia diot istorio horri. Niretzat horixe baita literatura: mundua ikusteko beste modu bat: askoz gauza gehiago ikusten dira begi literarioekin, ez dauden istorioak ere badaude literaturan. Kanposantuko aulkia ikusi eta istorio bat ikusten nuen nik, eta hori oso polita da.

Liburua ipuin solteez banatuta dago, baina ipuin horiek guztiek badute elkarrekin zerikusirik…
Bai, leku berean gertatzen dira, giro berean… Independenteak dira, baina bada guztiak lotzen dituen behe laino moduko bat. Suediak batzen ditu.

Zer nolako eragina izan du zure bizitzan Suedian urtebete egoteak?
Uste dut denok bizi behar genukeela halako esperientzia bat. Niri ikaragarri gustatzen zait bidaiatzea eta jende berria eta kultura berriak ezagutzea. Alde horretatik, Erasmus beka izugarria da. Asko ikasten da eta nork bere burua ezagutzen laguntzen du.

Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkiot Uxueri ikasle umil bati galderatxo hauek erantzuteko astia hartu duelako. Oraingo honetan, ezin izan genuen elkar ezagutu, lastima. Agian, beste batean izango da… Amaitzeko, euskaljakintzatik zorterik onena opa nahi diogu. Ea lan berriarekin aurrekoarekin lortutako arrakasta eta oihartzuna lortzen duen!

4 Responses to Uxue Alberdi: “Askoz ere gauza gehiago ikusten dira begi literarioekin”

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.