Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Xabier Euzkitze: “Ez naiz inoiz damutu bertsolaritza utzi izanaz”

Xabier Pérez Mendizabal “Euzkitze” duela 43 urte jaio zen Azpeitian. Gaztetatik kazetaritza munduan lanean ibilia da eta gaur egun ere horretan jarraitzen du. Kalaka saio arrakastatsuko aurkezle da eta pilota emankizunetan esatari lanetan ere aritzen da. Horretaz gain, Saharautz elkarteko bozaramaile ere bada. Honek guztiak arreta piztu zuen nigan eta, berari buruz zertxobait gehiago jakiteko asmoz, elkarrizketa hau egitea bururatu zitzaidan. Horrela, aurkezleari buruzko informazioa lortu eta dena lotuta nuela ikusi ondoren, hitzordua ipini eta haren etxerantz abiatu nintzen. Orain, elkarrizketaren emaitza zuekin partekatzea gustatuko litzaidake. Esan beharra dago elkarrizketa Bertsolaritza Txapelketa Nagusia 2009ren aurrekoa dela. Interesgarria iruditu zait, dena den, hari buruzko galderak mantentzea, nahiz zaharkitu samarrak geratu diren, Xabierrek balizko irabazleari buruz hitz egiten digulako. Hori argituta, eman diezaiogun, bada, hasiera solasaldiari.

Hasteko, esan behar da zure benetako izena Xabier Pérez Mendizabal dela. Nondik datorkizu “Euzkitze” ezizena? Ni, erdia behintzat, azkoitiarra naiz. Ama azkoitiarra dut eta inguru hartan familiarik gehien-gehienak badute izenorderen bat. Kasu batzuetan izenordea da, besteetan ezizena, besteetan goitizena… Gure kasuan, baserritik dator. Gure aitona Euzkitze baserritik jaitsi zen kalera, eta geroztik berarekin ekarri zuen izena. Hura Guillermo“Euzkitze” zen. Haren seme-alabetako bat, gure ama, Lurdes “Euzkitze” da. Familia guzti-guztiari “Euzkitze” deitzen digute, eta ni ere Euzkitzeneko Xabier naiz Azkoitian. Bertsotan egin nuen lehenbiziko saioan Xabier Pérez izenez kantatu nuen, baina bigarrenetik aurrera, ez dakit zergatik, “Euzkitze” izena jarri zidaten. Agian nik emango nuen, ez naiz oso ongi gogoratzen nola izan zen… Dena den, geroztik behintzat izen horrekin aritu naiz.

euzkitze_inigo

Jaiotzez azpeitiarra, baina txikitatik Zarautzen bizi izan zara. Nongoa sentitzen duzu zure burua? Ez daukat arazorik orain zarauztarra naizela esateko. Hemen bizi naiz, hemen lo egiten dut, hemen jaten dut, hemen pasatzen ditut nire ordurik gehienak, hemen ibiltzen naiz korrika, hemen ibiltzen naiz umeekin eta emaztearekin pasean…Beraz, erabat zarauztartua nago. Gainera, umeak zarauztarrak direnean, beraiek asko markatzen dute hori. Baina jaio, Azpeitian egin nintzen, Azpeitian adina bizi izan naiz Azkoitian. Donostian ere bizi izan naiz, Bilbon ere pixka bat… halako nahasketa bat badaukat baina azken zortzi urteak Zarautzen daramatzagu eta oso leku atsegina da bizitzeko.

Denok dakigu bizitzaren zati handi bat bertsolaritzari eskaini diozula. Nolatan hasi zinen? Askotan tradizio kontuak izaten dira, eta belaunaldiz belaunaldi pasatzen diren zaletasunak dira. Baina gure etxean ez zen bertsotarako zaletasun berezia zuen inor ere. Garai hartan, Loiolako Herri Irratia geneukan, orain saltzera doazen hori. Orduan bazuen bere indarra. Guk etxe ondoan geneukan, eta, gure etxe ondoko kontuak aipatzen zituenez, guretzat oso gertukoa zen. Haren bitartez sartzen zen guztia arreta biziz jarraitzen genuen, bertsolaritza esaterako. Nik betidanik ikusi izan nuen bertsoek nigan sortzen zutela aparteko lilura bat, aparteko oihartzun bat izaten zutela nire barnean. Gero, hamaika urterekin, lehendabiziko aldiz zortziko handia eta txikia zer zen, errimak non joan behar zuen eta pixka bat teknikak azaletik esplikatzen hasi zitzaizkigunean, ikusi nuen gainerako nire klasekideek baino erraztasun handiagoa nuela, behintzat gauza horietarako, eta pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen zaletzen. Hamalau urte nituela antolatu zuten, horretan suertea izan nuen, eskolarteko lehendabiziko txapelketa. Lehenbiziko hartan idatziz bakarrik, bertso paperetan bakarrik hartu nuen parte, eta, bigarrenetik aurrera, bat-batean. Bat-bateko lehenbiziko hura irabazteko suertea izan nuen, eta handik aurrera bata bestearen atzetik etorri da.

euzkitzeBertsolaritza zure momenturik gorenean utzi zenuen. Erabaki zaila izango zen, ezta? Ez ezazu hori pentsa. Nik urteak ez dakit, baina denbora puska bat behintzat baneraman horri bueltak ematen. Nik mundu hori pasio handiz bizi izan nuen: ikaragarri gustatzen zitzaidan bertsoa bera; bertso munduko ibili hori; jendearekiko harremana, tratua, hurbiltasuna; hainbeste herri eta zoko ezagutzeko aukera; hainbeste euskalkitan entzuteko eta ikasteko aukera… Niretzat zoragarria zen eta oso-oso gustura ibili izan nintzen. Baina pixkanaka-pixkanaka lilura hori galtzen joan nintzen. Askotan bertso saio baterako abisua heltzen zitzaidanean, poza hartzen nuen, “bueno herri honetan oraindik ere nahi ditek nik kantatzea”, eta momentu horretan poza hartzen nuen; eguna iristen zenean eta etxetik irten eta autoa hartu behar nuenean, ordea, sekulako pereza ematen zidan, gero eta handiagoa. Halako batean, Soraluzen kantatzen ari nintzela, tabladuan bertan, oso-oso sentsazio garbiak izan nituen eta neure burua esaten ari zitzaidan “utziok, utziok…” eta halako batean pentsatu nuen “hauxe izango dugu nire azken saioa”. Handik aurrera, beste dozena bat saio baneuzkan hartuta, baina denak utzi nituen. Orduantxe erretiratu nintzen.

Zure ustez Txapelketa Nagusia irabazi ez izanak eragina izan zuen? Ez zait iruditzen. Gainera, seguru dakit hori ezetz. Pena pixka bat ematen dizu orain urrunetik begiratuta, baina nik uste dut ibili izan nintzen garai haietan lan ona egin nuela. Txapelaren atarian geratu izan naiz pare bat aldiz eta nik uste dut txapelketetan ere nor nintzela, baina ez zen tokatu edo ez zidaten eman behintzat. Alde horretatik pena pixka bat ematen du, ezta? Denok daukagulako geure egoa eta denoi gustatzen zaigulako edo gustatuko litzaigukeelako txapeldunen klub esklusibo horretan gure izena agertzea. Ez dut halakorik lortu, baina aurrez beste hainbat bertsolari handi ere izan dira txapelik lortu gabe hil direnak eta ni bat gehiago naiz. Baina horrek ez dit inolako traumarik sortzen, egia esanda. Hori baino askoz ere garrantzitsuagoa izan zen ilusio falta hori, eta neurri batean goxotasun falta bat ere bai, bakardade pixka bat ere bai zenbait momentutan. Eta azkenean, erabaki hori hartu nuenean, sekulako lasaitua izan zen niretzat eta ez daukat batere damurik. Uste dut oso erabaki zuzena eta hartu beharrekoa izan zela.

Aurtengo Bertsolaritza Txapelketa Nagusia jada martxan da. Jarraitzen ari al zara? Ez askorik. Bertso saio bat izan zen hemen, Zarautzen, baina igande arratsaldea zen eta nik igande arratsaldeetan beste eginkizun batzuk izaten ditut: pilota partidak. Orduan ez nuen joaterik izan eta, gainerakoan, Hitzetik hortzeraren bitartez zertxobait jarraitu dut, irratiz beste zertxobait, prentsaren bitartez ere bai pixka bat… Askorik ez dut jarraitu, baina sailkatuak zeintzuk diren eta gauzarik nabarmenenak behintzat badakizkit.

Eta txapela irabazteko faboritorik baduzu? Nik uste dut, Andoni Egaña ren mailan egon daitezkeen beste batzuk badaudela, final batean Andoniren pare gera daitezkeenak edo baita gainetik ere, zergatik ez. Maialen Lujanbio k erakutsi du edozertarako gauza dela, Unai Iturriaga k urteak daramatza txapelera gero eta gehiago hurbiltzen, Igor Elorza ere bertsolari bikaina da, Aitor Mendiluze , Amets Arzailuz bera ere bai… Nik uste dut horietako edozeinek eman diezaiokeela estutu handi bat Egañari eta gainetik geratu ere bai. Txapela lortzea, Egañari txapela kentzea beste kontu bat da. Andonik badu halako aura bat eta gainetik geratu behar hori… Nik uste dut oso nabarmena izan behar duela Egaña txapelik gabe geratu dadin.

Gaur egun kazetaritza lanetan zabiltza. Nolakoa izan zen hasiera hori? Oso hasiera naturala izan zen. Nik ordurako bertsotan zenbait baneramatzan, bi-hiru urte; asko ere ez, baina niretzat asko zen orduan. Irratiko mundu horrek beti tentatu izan ninduen, beti erakarri izan ninduen. Halako batean, jakin nuen ezagun baten bitartez, 1983an edo 84an izango zen hori eta artean 17 urte nituen, 18 egiteko, Euskadi Irratian kiroletarako kolaboratzaile bat behar zutela eta kastin bat egin behar zutela. Halaxe, lotsagabe-lotsagabe agertu nintzen. Dozena bat lagun zeuden, irratian esperientzia puska bat zutenak ere bai batzuk. Nik ez nuen inolako itxaropenik han hautatua izan nendin, baina frogak pasatu genituen eta agindu zizkigutenak egin genituen. Berehala deitu zidaten esanez, hasi nahi izanez gero, aukera emango zidatela. Horiek izan ziren nire lehen urratsak. Euskadi Irratian bizpahiru urtez aritu nintzen kolaborazioak eta era denetako transmisioak egiten. Udako magazinetan ere egiten nituen erredaktore eta esatari lanak. Geroago, 1987. urtean, Euskal Telebistan gazteen saio bat egin nahi zutela eta, beste kastin batera deitu gintuzten. Han ere suertea izan nuen, eta geroztik hortxe gabiltza telebistan, 87. urtetik; beraz, 22, partida irabazteko adina.

euzkitze_inigo2Zure ustez, bertsolari izateak lagundu al zizun kazetari lana lortzen? Lana lortzen… baliteke. Ni, ordurako, bertsolari gazteen txapelketetan nabarmentzen hasita nengoen, mordoxka bat banituen irabaziak… Gero eta maizago nahasten gintuzten Jon Sarasua eta biok, nagusiki, garai hartako bertsolaririk handienekin, garai hartako izarrekin, ume mukizu batzuk izan arren. Lazkao Txiki , Lasarte, Lazkano, Lizaso (zaharra eta gaztea), Azpillaga, Lopategi, Amuritza… halakoekin bertso saioak egiten genituen gero eta maizago, eta horretan ezagun izateak behar bada, ez dut ukatzen, bultzadatxoren bat eman izango zidan. Gero, zalantzarik gabe, bertso plazetan inprobisatzen aritzeak nik uste dut laguntzen duela, beste hainbat gauzatan ere inprobisatu behar izaten delako. Atzo bertan, esate baterako, Kalaka n abortuari buruz hitz egitea genuen pentsatua eta halaxe osatua genuen mahaia ere, gai horri buruz hitz egiteko; baina, bat-batean, Alakranaren auzian gauza berri bat gertatu zen eta, aktualitateak agintzen duenez, korrika eta presaka gauza asko aldatu behar izan genituen eta ia gidoirik gabe egin behar izan genuen programaren lehenbiziko zatia. Halako gauzetarako, inprobisatzeko eta une estuetan eta larrietan aurrera nola egin jakiteko, nik pentsatzen dut bertsotako ibili horrek pixka bat lagunduko didala.

Gainera, EITB ko pilota emankizunen arduradun zarela irakurri dut. Txikitatik al datorkizu pilotarekiko afizioa? Bai. Ikusten duzun bezala, suerte ikaragarria dut; izan ere, dena afizioen inguruan hitz egiten ari gara, eta nire kasuan afizioak bihurtu zaizkit azkenean ogibide. Lehen esan dizut erdia inguru behintzat banaizela azkoitiar, eta gehienbat pilotak eramaten ninduen ni Azkoitira. Azpeitian bizi eta ikasi arren, bueno erdi bidean, Loiolan, joera ikaragarri nuen Azkoitirako. Orduan, Azpeitian ez zegoen ez itxurazko pilotalekurik eta ez pilotarako lagunik. Azkoitian, berriz, plazan bertan bizi ziren gure aiton-amonak, eta plazan bertan badaude, eta orduan ere bazeuden, bi pilotaleku: Goikolosa eta Konsejupe famatua. Lagunak, berriz, gehiegi; txanda hartu ezinik. Orduan, giroaren bila joaten nintzen batik bat Azkoitira. Txikitan nire amets nagusia, bertsolari izatea baino lehen, pilotari izatea zen. Saiatu ere saiatu nintzen, baina ez nuen balio.

Pilota partidu ugari komentatu dituzu. Bakarra aukeratu beharko bazenu, zein litzateke? Ez dakit, ez da erraza. Pilota partida asko, milaka batzuk izango dira honezkero, eta gainera espezialitate askotan; bat hautatzea, beraz, ez litzateke erraza izango, baina partida on asko eman izan dugu. Orain Titin zahar horrek Julen Retegiren aurka jokatuko du lau eta erdian. Orain hamabi urte, Julenen aitaren kontra, Julian Retegiren kontra, jokatu zuen Titinek lau eta erdiko finala. Goi mailako finala izan zen, ikaragarria! Hura gogoan dut. Gogoan dut ere Juan Martinez de Irujok eman zuen erakustaldia; asko eman ditu, baina, adibidez, Aimar Olaizola batean utzi zuenean, 22 eta 1 irabazi zionean Gasteizen. Beste bat, Aimar Olaizolak eta Barriolak lau eta erdian, elkarren aurka ligaxkan jokatu zuten lehendabiziko partida hura, Iruñeko Labriten. Ikaragarria! Irujok eta Patxi Ruizek, buruz buru, Donostian jokatu zutena 22 eta 21 bukatu zena; Tolosak Retegiri irabazi ziona, eskua erabat txikituta zuela… Gainera, hementxe dut partida hartan erabili zuten pilota; hauxe zen Tolosak eskuarekin kolpatutako pilotetako bat. Partida historiko asko eman izan dugu, eta bat hautatzea ez da erraza.

Wazemank ek zuri buruz egiten duen imitazioa oso ezaguna egin da. Zer iruditzen zaizu? Oso ondo egiten dutela. Alkain artista da. Alu hori oso trebea da, oso abila da eta graziosoa, berezko grazia du eta gureak ere oso ondo egiten dituzte. Nik uste, imitazioei dagozkienez, eman beharrekoak eman samarrak ditugula. Uste dut urte gehiegitxo ere badaramatzatela gure bigarren aurpegi hori esplotatzen, baina ez dago ukatzerik ongi egiten dutela eta badutela grazia.

kalaka_eitbIdentifikatua sentitzen zara imitazio horrekin? Ez, ez dut uste. Gure pertsonaietatik abiatuta egindakoak dira, baina ez dut uste bestela gurekin zerikusi handirik dutenik. Hartzen dituzte gutxi gorabeherako arrasto batzuk, keinu batzuk eta esamoldeak, baina hortik aurrera egiten duten guztia ganberrismo hutsa da.

Orain zure bizitzaren beste alor batera pasatuko gara. Jakin dut Saharautz elkarteko bozeramaile zarela. Zerk bultzatu zintuen horrelako ekimen batean parte hartzeak?
Sahara rekiko lotura sentimentala aspalditik dator. Guk, herri gisa, baditugu gure ezaugarriak, oraindik bete gabeko helburuak, baina askoz ere egoera gordinagoan dagoen herri bat badago hemendik ez oso urrun. Sahararren herria dela esango nuke, mundu guztiko herri eta etnia guztiak kontuan hartuta ere, zapalkuntzarik bortitzena jasaten duena. Zapaldutako herri asko dago, zapalduta bizi den milioika jende dago munduan barreiaturik, baina okerren bizi direnak ere, euren lurrean bizi izaten dira behintzat. Baina Sahararrek hori ere ez dute, euren lurretik bidali zituzten eta munduko basamorturik gogorrenetako baten zati triste batean bizi dira, goran zerua eta beheran hondarra besterik ez dagoen leku batean, eta dagoeneko 34 urte daramatzate han. Guk orain dela zortzi urte inguru hartu genuen lehenbiziko aldiz Saharako haur bat gure etxean, bi hilabete pasatzeko. Horrek oraindik ere askoz gehiago sendotzen ditu zuk lehendik izan ditzakezun lotura sentimentalak. Guk orain ez dugu pentsatzen Jdeisha eta ondoren etorri zen haren ahizpa Smeia gure etxekoak ez direnik. Saharautz elkartea ere sortu genuen eta elkarte horretan badaramatzagu zenbait urte lanean. Gure eginbeharra “Oporrak Bakean” programaren baitan ahalik eta ume gehien ekartzea da. Horretarako, familiak aurkitu behar izaten dira eta hau ere gero eta zailagoa dago. Aurten krisia ere sumatu dugu, jendeak nekezago hartzen baititu umeak. Horrez gain, bestelako proiektuak ere gauzatzen ditugu. Esaterako, elkartasun karabana bat izaten da eguberri inguruan eta zenbait tona janari biltzen ditugu. Gainera, gure bazkideen bitartez, loteria eta kamiseta salmentatik sos batzuk ateratzen ditugu eta saiatzen gara hango ospitaleetarako materiala, koltxoiak eta behar dituzten gauzak bidaltzen. Guk hara bidaltzen duguna ez da aski hango premiak asetzeko, %0,1era ere ez dakit iritsiko den, baina harri koxkor bat gehiago behintzat bada. Denok zerbait eginda, behar bada, bitarte honetan hobeto irauten lagunduko diegu, beraien ametsa beteko duten egun hori etortzen den bitartean.

Amaitzeko, zure etorkizunera begira, ba al duzu plan berezirik? Une honetan familiak jaten du nire egunerokotasunaren zatirik handiena, hiru umerekin ez da berriketa eta nahikoa lan badaukagu horrekin. Nik horiek osasuntsu eta giro egoki batean hazten ikusi nahiko nituzke, eta hori eskaintzen saiatzea da nire eta emaztearen lehentasun nagusia. Eta, jakina, familia hau aurrera ateratzeko, lana ere beharko dugu. Ni ez naiz anbizio handiko pertsona, ez lanari dagokionez eta ez bestela ere, eta oraingoz oso gustura nago bai pilota partidekin eta bai Kalakarekin. Ikusiko dugu noiz arte jarraitzeko moduan garen, baina gustatuko litzaidake luzaroan jarraitu ahal izatea, azken batean lan hau gustatzen zaidalako. Gainera, pentsatzen jarrita, nik beste ezer egiten ba al dakit?

Solasaldi ederra izan dugulakoan nago. Euskaljakintzatik Xabierri eskerrak eman nahi dizkiot guri denbora tarte hau eskaintzeagatik eta bere bizitzari beste alderdia denon eskura jartzeko eman digun aukeragatik. Espero dut luzaroan jarrai dezazula gustukoa duzuna egiten. Besterik gabe, hementxe utziko dugu gaurko elkarrizketa. Hurrengora arte.

Euzkitze euskaljakintzarekin from Maite Goñi on Vimeo.

Ordiziako Jakintza Ikastolako euskaljakintza 5eko Iñigo Lekuonak Euzkitzeri egindako elkarrizketa.

, ,

One Response to Xabier Euzkitze: “Ez naiz inoiz damutu bertsolaritza utzi izanaz”

  1. irune.agirre 2010(e)ko urtarrilak 20 at 3:57 pm #

    Izugarri gustatu zait zure elkarrizketa, Iñigo! Oso gertukoa dela iruditzen zait, Xabier Euzkitzek zintzotasun osoz erantzuten dituela galderak, barru-barrutik alegia. Lan bikaina, Iñigo!

Utzi erantzuna

-->