Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Xabier Mendiguren Elizegi: “Gustuko tokian aldaparik ez”

Denok dakigun bezala, Xabier Mendiguren Elizegi Euskal Herrian dugun idazle ospetsuenetako bat da. 1964an jaio zen Beasainen eta, hainbat sari jaso ondoren, idazle preziatua bihurtu da. Egun, Elkar argitaletxean editore lanetan dabil. Literatura genero ezberdinak landu ditu (nobela, haur-literatura…) eta guztietan arrakasta lortu du. Bere obrarik ezagunenen artean Bihotz Gosetien Kluba, Arima enkoniatuak eta Bekatuaren itzala daude. Gazteentzako literaturan, berriz, Eztitsuk pirata izan nahi du eta Irakasle alu bat, besteak beste. Berak bere burua horrelaxe deskribatzen du: “Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz“. Jakin-mina sortzen duen pertsona izaki, hainbat galderarekin hurbildu natzaio idazle eta editore ezagunari eta hauexek izan dira nire galderei emandako erantzunak:

Xabier eta Aitzol

Nondik datorkizu idazteko zaletasun hori?
Ez dakit ba nondik datorren. Irakurzaletasunetik sortu zitzaidala uste dut: liburuak irakurriz ondo pasatzen nuen eta neure buruari esan nion: “Neuk ere egin zezakeat halako zerbait”.

Beraz, garbi al zenuen txikitan, handitan idazle izan nahi zenuela?
Ezta inondik ere. Nire ametsak mutilen tipikoak izaten ziren: futbolaria izatea, txirrindularia, boxeolaria ere bai akaso. Nerabezaroan esango nuke sortu zitzaidala idazteko gogoa: zeure burua adierazi beharra sentitzen duzu batetik, munduarekin oso konforme ez zaudela bestetik, eta horrelaxe.

Mendiguren 1Baina idazteak ez al du denbora asko kentzen? Inoiz damutu al zara mundu horretan sartu izanaz?
Neure kasuan ez da ogibidea eta, horrexegatik, nahi dudan denbora eskaintzen diot: batzuetan asko, beste batzuetan ezer gutxi. Idazten baino denbora gehiago ematen dut irakurtzen hala ere. Eta gustuko tokian, aldaparik ez.

Hala ere, ez didazu ukatuko… idazle izateko imaginazio handia behar da.
Fikzioak sortzeko bai, irudimena behar da ez dizut gezurrik esango, eta hori berezko dohain bat izaten da, marrazteko erraztasuna edo musikarako gaitasuna bezala. Baina, imajinazio handirik gabe ere ikas liteke bestelako gauzak txukun idazten, eta garrantzitsua da nork bere iritzi eta sentimenduak egoki adierazten jakitea: aldizkari baterako kronikatxo bat idazteko, adibidez, edo zerbaiten kontrako protesta-iritzi bat kaleratzeko, edo maite duzun norbaiten bihotzera iristeko… auskalo!

Zuk zeuk zer egiten duzu idazten hasi aurretik?
Ez dut neure burua behartzen. Nahiago izaten dut gaia gogoan erabili, halako batean, gaia eta tonua garbi dauzkadala, burua bero-bero eseri eta idazten jartzeko.
Gero, izaten dira egun hobeak eta txarragoak. Hor jakin egin behar da batzuetan atseden hartzen, hurrengo batean gauzak argiago ikusiko dituzulakoan, baina jakin behar da, halaber, diziplina pixka bat izaten, hasitakoa amaierara eramateko. Hortik kanpo, ez daukat idazteko mania edo ohitura berezirik, ez bada eskuz idazten jarraitzen dudala oraindik.

Orduan, zein aholku emango zenioke idazle hasiberri bati?
Ba, lehenik eta behin, asko irakurtzeko, hortik ikasten baita. Ondoren, beldurrik gabe idazteko, baina aldi berean, bere buruarekin kritiko izaten ere saiatzeko, ahalik eta ondoen egiteko. Azkenik, inguruan lagun irakurzale gehiago lortzen baditu hobe, esperientziak eta iritziak trukatzeko.

xabier02.jpgBeraz, idazle on batek zein hiru ezaugarri izan behar ditu zure ustez?
Idazten hasteko hiru ezaugarri: irakurle ona izatea, hizkuntza mendereatzea, eta irudimena izatea. Hortik aurrera, idazle handienek, beren literaturaren bitartez, helburu hirukoitza lortzen dute: lilura estetikoa, emozioetan hunkitzea, eta intelektualki kilikatzea. Nire idazle gustukoenetako batzuk: Joxe Azurmendi, Koldo Izagirre, Katixa Agirre, Bernardo Atxaga…

Ziur nago milaka anekdota edukiko dituzula idaztearekin erlazionatutakoak. Zein izan da azkena?
Anekdota txikiak betiere. Atzo bertan aireportura joan nintzen emazteari laguntzera, eta ilaran zain geundela emakume bat etorri zitzaidan, nire liburu bat eskuan zuela (“Arima enkoniatuak”), bidaiarako hartu berri omen zuen eta hantxe ikusi ninduenez, ea sinatuko nion. Ez pentsa askotan gertatu zaidanik halakorik; agian horrexegatik, ilusioa egin zidan.

Beti pentsatu izan dut idazleen artean konpetentzia egongo dela… Baina idazleen artean giro ona al dago?
Oro har, bai. Esan liteke, ikasgela batean bezala, koadrila antzekoak sortzen direla modu naturalean; orduan, batzuekin adiskidetasun estua daukazu, eta beste batzuk ezagunak dira, besterik gabe. Hala eta guztiz ere, gorrotorik ez da egoten normalean.

Noski, idazle bat poztu egiten da irakurleari bere liburua gustatzen bazaio. Zer gertatzen da alderantzizko kasuetan?
Ba, “zer egingo diogu ba” esan eta aurrera. Irakurleak eskubide osoa du bere iritzia izateko eta adierazteko, eta idazleak pentsatu egin beharko du, ea gustu kontu hutsa ote den ala bere obrak baduen akatsen bat, hurrengoan konpondu beharrekoa. Niri egindako kritikak onerako hartzen ditut normalean.

Hala eta guztiz ere, gaur egungo gazteek nahiago dute Play Station-a, irakurtzea baino. Zer esango zenieke?
Ba, nork bere gustuko zaletasunak bilatu behar dituela, dela play stationa, dela beste edozer. Zoriontsu izaten saiatzeko gaude hemen, ez inori sufriarazteko. Horren barruan, niri iruditzen zait liburuetan, entretenimenduaz gainera, bizitzaren zentzuaz eta giza harremanez hausnartzeko eta sakontzeko hainbat gako eskaintzen direla, ziberjolasetan deskubritu ezin direnak. Baina norberak bilatu behar, noski.
Amaitzeko, ez zait Xabier Mendigureni eskerrik beroenak ematea baino geratzen. Benetan, eskerrik asko eta besarkada bat. Besterik gabe, espero dut elkarrizketa gustatu izana.

4 Responses to Xabier Mendiguren Elizegi: “Gustuko tokian aldaparik ez”

  1. ihintza 2007(e)ko azaroak 8 at 10:00 pm #

    Apa Aitzol!!!!
    Elkarrizketa bikaina benetan!!
    Nik egia esan ez dut asko irakurtzen, baina ea solasaldi hau irakurrita… zertxobait zaletzen naizen!
    Zorionak egin duzun lanagatik!

    aioooooo!!!!

  2. amaius 2007(e)ko azaroak 8 at 11:23 pm #

    Apa Aitzol!!!
    Erraz eta gustura irakurtzen diren elkarrizketa horietako bat egin duzu ZorIonAk!! =D>
    Irakurtzeari buruz…pena da baina ez dut zaletasun handirik!! 😛 ea hemendik aurrera animatzen naizen!!

  3. esnal 2007(e)ko azaroak 9 at 11:04 pm #

    Zorionak! Horrelako lan bat egiteak lan asko suposatzen du.

    Zorionak!!!!!

  4. Patxi 2007(e)ko azaroak 10 at 12:22 am #

    \”Bizitzaren zentzuaz eta giza harremanez hausnartzeko eta sakontzeko hainbat gako eskaintzen dira\” dio Xabierrek, eta hain zuzen, irakasle-ikasle harreman berezi bat islatzen duen ipuin bat dauka Arima enkoniatuak liburuan, Gutun hau izenekoa, neri partikularki asko gustatu zitzaidana.

    Eta zuei beharbada ondo etor dakizuekeena, irakasle baten beharrak zein diren hobeto ulertu eta, hauek modu batera edo bestera eskeiniz, nota igotzea lortzeko! 8-} 8-}

Utzi erantzuna

-->