Xake-mate publizitateari

“… Besoetako bat mahai gainean pausatu du Paulek, aurkariari bere txanda dela iragarriz. Jokalariak begirada taulatik aldentzearekin batera, Janinenarekin tartekatu da, eta isiltasunak ukitu du berriz gela osoa, tarteka ganbera izugarri hura ikusleren baten hitz hutsalen batek betetzen duelarik. Izerdi tanta bat masail gorrixketan behera irristatu zaio neskari. Kontzentrazioari bide emanez, begirada taulan zentratu du berriz, eta egoera sakon aztertu, ñabardurarik txikiena ere aintzat hartuz — Eta peoi hau hona mugituz gero? Edota zaldiak beste lauki honetara salto egiten badu? Bai, baina gero Paulek beste mugimendu hau egiten badu? Noski, beste hau egin beharko nuke — Eta horrela jarraituko dute jolasean, arrats antzu hura erabat usteldu bitartean, batak bestea erabat menderatu arte. Azken hitzak dagoeneko irten dira Paulen ezpain artetik, atoan Janinen belarrira helduko den hats leuna. Bai, horrela da; itzal beltzak argi zuria jan du, eta errege zuria xake taulan pausatu da, etzanda. Mendean hartu du erresuma beltzak. Amaitu da jokoa: xake-mate…”

Gizabanako baten sozializazio prozesuari dagokionez, bere buruaren nortasuna garatzeko, beharrezkoak ditu bere ingurutik jasotzen dituen informazioa eta eragina. Horrela, geure nortasunaren garapena, xake partida, jaiotzen garenean hasten da. Eta nahiz eta hasieran modu inkontzientean eragiten diguten, geure bizitza osoan zehar taula zuri-beltz honen gainean higitzen gara.

Halere, bada une bat partida horretan taulari begiratu eta jarrera kritikoa har dezakeguna; izaki libreak izanik, aukera dezakeguna. Iristen zaigun eragin hori guztia barneratu edo ez erabakitzeko gaitasuna hartzen joaten gara, denborak aurrera egin ahala. Dena den, askotan konturatzen ez bagara ere, badira hainbat zeharkako eragile gure izatea manipulatzeko gai direnak: hedabideak, adibidez. Hauek dira gure barne-garapenaren grafikako x aldagai askeak, beraiei interesatzen zaizkien balioak hartzen dituztenak gero zabaltzeko, eta gu y menpeko aldagaiak.

Harrigarria bada ere, gaur egun bizi dugun egoera sozialari erreparatzen bazaio, argi asko ikus daiteke gure gizartea hainbat kulturaren arteko borroka handi baten emaitza dela. Emaitza hori, borroka horren nolabaiteko irabazleen botereari esker, gero eta estremistagoa izatera heltzen ari dela ere ikus dezakegu, gugana heltzen zaizkigun hedabide horiek guztiak herrialde eta erakunde boteretsuenen menpe baitaude, euren interesen arabera jokatuz, gizabanakoa homogeneizatzea bilatzen dutenak. Badirudi guztiok ideologia eta itxura berekoak izan behar dugula, mundu idealizatu baten irudia eskaintzen baitigute. Xake partida honi, hain juxtu, globalizazio izena eman zaio; eta alde beltzeko piezarik boteretsuenari, erregeari, publizitatea eta hedabideak. Hemen klikatuz gero, soziologo baten hitzaldi interesgarri bat duzue ikusgai.

Azken urteotan mundu osoan zehar horrenbeste zabaldu den publizitatea da gaur ezagutzen dugun egoeraren eragilea. Azken batean, honen zati handi bat munduko herrialderik boteretsuenen menpe dagoela ezin uka daiteke, eta hauek dira euren ideiak mundu osoko gizarteari helarazten dizkiotenak, gizartea guztiz manipulatuz, euren ekonomiaren mesederako. Herritarrak kontsumismora erakartzeko erabiltzen dituzten metodoak pentsaezinak dira askotan, sormenezko publizitateari bide emanez.

Nik uste, baina, bakoitza dela bere nortasunari so egin ez eta kanpotik datorkigun gezur eta interesen estrategia horiei uko egiten jakin behar duena. Publizitateak beti bilatzen ditu hartzailearengana heltzeko trikimailuak. Eurek nahi dutena egiteko, gure gogoa nola manipulatu pentsatzen ari dira etengabe; halere, gakoa euren amua ez irentsi eta jarrera kritikoa izatean dago. Guztiok ikasi beharko genuke geure nortasunari tinko eusten, globalizazioaren produktu ez bilakatzeko.

, ,

8 Responses to Xake-mate publizitateari

  1. xme 2011(e)ko urtarrilak 15 at 12:13 pm #

    Hasierako pasarte hori irakurri ahala, neure artean galdezka: “Zein liburutatik hartu du pasarte hau? Zweig-en “Xake-nobela”? Ez dut uste. Baina eleberriren batetik behar du, hau oso ondo dago, eta ahaztu egin zaie aipatzea iturria.

    Gero, nire ikerketak egin eta horra non jakiten dudan Lierni Garmendia bera dela zati horren idazlea ere. Ba, zorionak, bene-benetan, eta segi idazten, oso ondo egiten duzu eta.

    • Lierni Garmendia 2011(e)ko urtarrilak 16 at 11:14 am #

      Milesker zure iruzkinagatik Xabier, niretzat sekulako poza izan baita zu bezalako idazle baten balorazioa jasotzea, eta zer eta balorazio arras ona. Eta noski idazten jarraituko dudala, horrelakoek aurrera jarraitzera animatzen baitute idazlea, ezta? Nik uste laster izango naizela berriro ere beste artikuluren batean buru-belarri…
      Eskerrak enegarren aldiz 🙂

  2. Irune 2011(e)ko urtarrilak 15 at 5:04 pm #

    Zorionak idatzitako artikuluagatik, Lierni!
    Motz geratzen naiz izugarri gustatu zaidala esanda. Gehiago irakurtzeko gogoz utzi nauzu, eta hori gutxik lortzen dute.. ea laster dudan beste bat irakurtzeko aukera!:-)

    • Lierni Garmendia 2011(e)ko urtarrilak 16 at 11:08 am #

      Eskerrikasko Irune, pozten naiz gustatu bazaizu, eta ea laster beste artikulu bat idazteko tartetxo bat hartzen dudan… 😉

  3. amaia.ruizdegauna 2011(e)ko urtarrilak 16 at 8:56 pm #

    Zein artikulu interesgarri eta biribila, Zorionaak Lierni lan ederra egin duzu eta!
    Nire iritziz, artikuluaren atal azpimarragarriena zeuk sortutako pasartea da. Beste hainbat artikuluetatik bereizten duena alegia 😉

  4. Irene Usabiaga 2011(e)ko urtarrilak 17 at 9:04 pm #

    Oso oso artikulu ona Lierni. Klasean artikulu honen aipamen bat egin du ikaskide batek eta irakurtzeko gogoa piztu zait. Egia esateko ez naiz minutu gutxi hauek artikulu hau irakurtzen igarotzeaz damutzen; alderantziz,izugarri gustatu zait.

    Zorionak bene-benetan!! Segi horrela.

  5. Amaia Morales 2011(e)ko urtarrilak 18 at 11:55 pm #

    Gaurkotasun osoko gaia eta batere erraza ez dena hautatu duzu artikulu honetarako, eta, egia esan, benetan gustatu zait idatzitakoa. Aipatu beharra daukat asko gustatu zaidala hasierako sarrera berezia, baina gainontzekoa ere oso gustura irakurri dut.
    Zorionak Lierni!Eta animo, ea laster beste artikulu bat irakurtzeko aukera ematen diguzun!

Trackbacks/Pingbacks

  1. Tweets that mention euskaljakintza» Blog Archive » Xake-mate publizitateari -- Topsy.com - 2011(e)ko urtarrilak 15

    […] This post was mentioned on Twitter by Maite Goñi, Irune Aguirre and Euskal blogosfera. Euskal blogosfera said: #euskalblogosfera Xake-mate publizitateari: “… Besoetako bat mahai gainean pausatu du Paulek, aurkariari bere tx… http://bit.ly/fTPYFm […]

Utzi erantzuna amaia.ruizdegauna(r)i Click here to cancel reply.

-->