Zain dezagun ura

irudia2.jpgUraz hitz egiten dugunean, hitz egiten badugu, behintzat, bi hizkitako ele arrunt batez mintzatzen gara, hitz honen atzean gu guztion bizitzarako funtsezko osagaia dagoela kontuan hartu gabe; izan ere, hori besterik ez da, bi letretako termino bat.

Hala ere, okerrena ez da hitz egiteko orduan ematen diogun garrantzi eza, ez; akatsik handiena likido garden honi ematen diogun erabilera da. Esate baterako:

  • Hamar minutuko dutxa batean batez besteko 100-200 litro ur gastatzen ditugu. Jarrera arduratsua izango bagenu, 80 litrorekin nahikoa izango genuke.
  • Iturria itxi gabe hortzak garbitzen ditugunean, zazpi litro inguru xahutzen ditugu; behar duguna erabiliko bagenu, berriz, 2 litrorekin moldatuko ginateke.

irudia3.bmpHorrela, makina bat adibide gehi ditzakegu… Beste alde batetik, denok dakigun moduan, ura bizitzari lotuta dagoen baliagai natural bat da. Ezagutzen diren bizi forma guztiek dute beharrezko, eta gorputzeko prozesu metaboliko askotarako ezinbestekoa da. Hala ere, elikadura ura baino errekurtso arazotsuagoa dela pentsa dezakegu hasiera batean; izan ere, gure planetan ur gehiago dago lurra baino, Lurraren %72, hain zuzen ere, ura da.

Aipatu dudan bezala, ura nagusi da Lurran, baina ia guztia gazia da. Bestalde, dagoen ur geza gure planetako biztanle ororentzat nahikoa bada ere, honen banaketa oso irregularra da. Arazo hau ur gehiago lortuz, hobeto banatuz edo gutxiago xahutuz saihets dezakegu.

irudia1.jpgOndoko irudian agertzen den moduan, gure planetan dagoen uraren %97 ozeanoetan dago; beraz, gazia da. Ondorioz, dagoen ur geza ez da asko, %3. Kantitate honetatik %2,4 glaziarretakoa dela kontuan hartuz, erabiltzeko moduan duguna (ibaietan, basoetan…) %0,6 da. Baina hau ez da dena, guztiaren %0,003 bakarrik erabil baitezakegu.

Hori dela eta, likido hau zaintzea ezinbestekoa da guretzat eta gure ondorengoentzat. Lan honetan edonor has daiteke gauza sinpleenetatik abiatuz:

  • Itoginak ekidin.
  • Xaboi biodegradagarriak erabili.
  • Ez utzi iturriak irekita behar ez duzunean.
  • Ez bota zaborrik, komunera, errekara, ibaira, itsasora…
  • Hobe dutxa bainua baino.
  • Garbigailua erabili behar duzunean, ondo bete… 

Hain gai garrantzitsua izanik, aipatzekoa da aurten uraren urtea ospatzen dela. Arrazoi hori dela eta, ekimen ugari antolatu da, hauen artean, Expo Zaragoza 2008. Ekainean, Zaragozako hiria 102 herrialdetako erakusketari hartzeko prestatuko da; horrela, hain garrantzitsua den urari erakusketa unibertsala eskaintzeko. Dena den, honen berri zabalagoa euskaljakintzako Elenak emango digu gure hurrengo artikuluan. Bide batez, gaur uraren eguna dela adierazi nahi dizuet, egun ezin hobea hausnarketa egiteko. Izan gaitezen denok zentzudun eta gure ondorengoek planeta osasuntsu bat jaso dezaten zain dezagun ura.

Gaiaren inguruko eta gure urtegiei buruzko informazio gaurkotua nahi baduzu, klikatu hemen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->