Zein da hezkuntza sistema onaren errezeta?

hezkuntzasistema

Espainiako hezkuntza sistema (FlickrCC, anbecedi)

Krisi garaiko murrizketen ondorioz, herrialde ugaritan, irakaskuntza da gehien sufritzen ari den eremuetako bat. Gazte askok ez dute beraien bertuteak aztertzeko aukerarik eta beste herrialde batzuetara joatea erabakitzen dute beste edukazio sistema batzuekin probatzera. Baina, zein dira egun hezkuntza sistemarik onenak? Gure eredua munduko potentziarenarekin alderatzea erabaki nuen, hau da, Finlandiakoarekin. Ez dira esparru honetan gehien inbertitzen dutenak, ezta denbora gehien eskaintzen dutenak ere. Beraz, nola da posible Finlandiak beti aurre eramatea heziketa esparruan? Zein da arrakastaren errezeta sekretua?

Ez dago zalantzarik gaur egungo heziketa arloan zerbaitek huts egiten duela, eta ez duela kalitate hobera egiten uzten. Horrela erakusten digute urtez urte egindako PISA nazioarteko ebaluazio frogetan lortutako emaitza pattalek.

Finlandian, gizarte osoak irakasleak begirune handiz tratatzen ditu. Egia esan, irakasle ikasketak hautagai gehien dituen karreretako bat izateaz gain, zailenetakoa ere bada. Aurkezten direnen %10 baino gutxiagok lortzen du unibertsitatean sartzea; beraz, beharrezkoa dute batxilergoko batezbesteko nota 10etik 9 baino gehiago ateratzea ikasketa hauek egin nahi badituzte. Gainera, balio izugarria ematen diote gizarte jardueretan eta borondatezko lanetan parte hartzen dutenei, gizartean inplikazioa erakutsi baitute. Ikasketen azkeneko urteetan, ikasle bikainenak haur irakaskuntzan espezializatzen dira.

Heziketa sistemari erreparatuz, berezitasun ugari daude. Hasteko, umeak ez dira eskolan hasten 7 urte betetzen dituzten arte. Horrela, haurrek ikasketetan etekin gehiago ateratzea lortuko dute. Eskolako lehenengo 6 urteetan, ikasleek irakasle berdina izango dute ikasgai gehienetan, eta honen helburua da ume guztiek parte hartzea eta inor atzean ez geratzea. Ikasleek egunean 4 edo 5 ordu besterik ez dute izango eskolan egoteko, umeak ahalik eta gehien jolastea eta pentsatzen ikastea baita jomuga.

Hezkuntza zentroak aztertzera pasatzen bagara, eskola bakoitzak bere ikasketa plana antolatzeko autonomia duela ikusiko dugu. Hala ere, nabarmena den beste elementu bat da ikastetxe bakoitzak hezkuntza maila ezberdina duela. Lehen hezkuntzatik unibertsitatera integratuta daude, eta osotasunean funtzionatzen dute. Gainera, eskolak familiez eta kultura baliabideez, liburutegiez, eta abar arduratzen dira.

Finlandian, hezkuntza eta politikaren artean adostasuna dago, eta horrek egonkortasun handia ematen dio sistemari. Beste ezaugarri nagusietako bat heziketaren doakotasuna da: formazioa hasten den lehen urteetatik unibertsitatera arteko ibilbidea doan da, eskolako materialetatik hasi eta garraiora arte. Espainian, berriz, Haur Hezkuntza 0 eta 5 urte bitartean ematen da, eta ez da derrigorrezkoa. Oinarrizko hezkuntza 6 eta 16 urte bitartekoa da eta hau derrigorrezkoa da; beraz, doakoa da erakunde publikoetan ikastea, baina beharrezkoak diren materialak ikasleak erosi beharko ditu, hala nola, liburuak eta material didaktikoak. Oinarrizko hezkuntza bi zatitan banatzen da: Lehen Hezkuntza (6 ikasturte) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (4 ikasturte). Batxilergoak  3 adar ezberdin ditu. Ez da derrigorrezkoa, eta 16 eta 18 urte bitartean egiten da. 3 adar horiek arteak, zientziak eta humanistikoak dira. Hauez gain, goi mailako edo erdi mailako graduak egiteko aukera izango du ikasleak. Ikasturte batetik bestera pasatu ahal izateko, 2 suspentso izan ditzakezu, 3 edo  gehiagorekin ikasleak errepikatu egin beharko du.

Bestalde, eskola-porrota gizonezkoen ia %30 da Espainian, Europako bikoitza baino gehiago; izan ere, Europan %14,5ekoa baita Ekonomiako Ikasketen Institutuak emandako datuen arabera. Emakumezkoetan, berriz, eskola-porrota %20,8koa da.

Beraz, atera dezakegun ondorioa hau da: nahiz eta Finlandian ikasketetan ordu gutxiago sartu eta diru gutxiago inbertitu, emaitza hobeak ateratzen dituzte. Bertako ikasketen kalitatea hobea da, besteak beste, garrantzi handiagoa ematen zaielako bai irakasleei eta baita ikasketei ere.

 

, ,

4 Responses to Zein da hezkuntza sistema onaren errezeta?

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.