Zer dago gaur erretzeko?

zigarroakNork ez du inoiz tabako hitza entzun bere inguruan? Egun, beste zenbait hitzen artean, gehien entzuten ari dena dela esan dezakegu. Alde batetik, sor dezakeen kaltearengatik, minbizia esate baterako; bestetik, gai honekiko ateratzen ari diren lege berriak zeresan handia ematen ari direlako. Baina ba al dakigu gai honen guztiaren atzean zer ezkutatzen den? Zenbait informazio bildu dut gai honi buruz hitz egiteko eta daturen bat argitzeko.

Hasteko, esan beharra dago tabakoa Amerikan aurkitu zela lehen aldiz, eta bertara joan ziren europarrek botika moduan ekarri zutela beraien lurraldera. Hasierako erabilera hartatik urrun dago gaurkoa; izan ere, egun, droga moduan hartua egoteaz gain, negozio huts-hutsa dela esan dezakegu.

Ba al dakigu izena nondik datorkion? Aspaldi batean, Amerikako lurralde bakoitzak, hau da, bertako tribu bakoitzak bere modura deitzen zion. Adibidez, Aztekek pisietl deitzen zioten; Maiek, kutz, eta Brasilen petum izenarekin ezagutzen zen. Europara lehen aldiz ekarri zutenean, Jean Nicot enbaxadorea zegoen horren arduradun. Honek Frantziako gorteetara eraman zuen, eta agintean zegoen Catalina de Medicis erreginari hura erakutsi zion. Honek gustura hartu zuen Ameriketatik ekarritako produktu berri hura. Hortik aurrera, frantsesek Nicotina de tabacum deitu zioten. Baina hori XVII. mendean izan zen. Gaur egun, XXI. mendean, tabako (informalki zigarro, nahiz eta gauza bera ez izan) izenarekin gehiago ezagutzen da.

Galderekin aurrera jarraituz, ba al dakigu benetan zerk osatzen duen erretzen den zigarro bakoitza? Eta ba al dakigun zein den halako menpekotasuna sortzen duen osagaia? Tabakoaren menpekotasuna sortzen duen oinarrizko osagai aktiboa nikotina da. Osagai hau droga leunak taldearen barnean kokatuta agertzen da. Komeni da jakitea, denok nikotina ezagutzen badugu ere, horretaz aparte, tabakoak beste zenbait sustantzia kaltegarri ere badituela: alkitranak (minbizia edukitzera eraman dezakeen sustantzia marroia, biriketan pilatuta aurki dezakeguna), irritatzaileak (arnas aparatuari eragiten dion toxikoa), eta karbono monoxidoa (odolaren bitartez oxigenoa gure gorputz osora hedatzea oztopatzen duena).

Tabakoaren efektu negatiboen artean, biriketan arazoak, nekea, larruazalaren zahartzea, zenbait zentzumenen galera (dastamena eta ukimena) aurki ditzakegu, besteak beste. Hori gutxi balitz, menpekotasun fisikoa eta psikologikoa eragiten du eta, batzuetan, honen eraginez, jendeak erretzeari uzten dionean, antsietatea, irritabilitatea, kontzentratzeko arazoak, buruko mina… agertzen dira.

Espainian gehien kontsumitzen den droga dugu (hiritarren %36 erretzaile da). Azken urte hauetan emakume erretzaileen ehunekoa modu esanguratsuan igo da, gizonenen portzentajeari gailenduz. Euskaldunen %60, 15-79 urtekoen artean, noizbait tabakoaren kontsumoan erori da. EAEn,  %42k egunero erretzen du.

Lehen adierazita geratu den moduan, tabakoak menpekotasuna sortzen du. Hau jakinik, nola da posible jendeak erretzea? Jarraian labur-labur azalduko dizuet zer den tabakoak sortzen duena, zergatik erretzen den gaur egun, zeintzuk diren kontsumitzeko bideak, zeintzuk diren epe motzean sortzen dituen efektuak, eta egoki kontsumitzen ez denean sor daitezkeen arriskuak.

  • tabakoaren osagaiakErretzen denean: nerbio-sistema estimulatu egiten da, eta tabako hosto lehorrei alkitrana, karbono monoxidoa, arseniko eta nikotina (mendekotasun sortzailea) eransten zaie.
  • Bilatzen diren efektuak: garrantzitsua eta helduagoa sentitzea (batez ere nerabezaroan), lasaitzea, erlaxatzea, eskuetan zerbait edukitzea…
  • Kontsumitzeko moduak: erre edo murtxikatu.
  • Epe motzeko efektuak: musu gutxi jasotzea (hatsak eta ahoak usaina izaten dutelako), eztarrian azkura sortzea, hortz eta hatzen horitzea, pertsonaren kontsumitzeko moduaren araberako erlaxazio edo bizkortzea, odol hodien estutzea, arnasa hartzeko zailtasunak izatea…
  • Kontsumo ez egokien arriskuak: azkarregi nekatzea, arnas sistemaren narriadura eta zirkulazio sistemaren narriadura, faringitisa, mendekotasun psikologikoa eta abstinentzia sindromea.

Hau honela izanik, eta mundu honetan denak erretzaileak ez direla kontuan hartuz, tabakoaren “aurkako” zenbait lege atera dira. Hasteko, tabako paketeetan, hainbat mezu idazten hasi ziren eta, jada, pakete guztiek dute mezuren bat zein beste (“erretzea txarra da zuretzat eta zure inguruan daudenentzat”, “erretzeak biriketako minbizia ekar dezake”… ). 2006. urtean, estatuak lege berri bat atera zuen. Lege honen esanetan, lokaletan bi eremu bereizi behar ziren: erretzaileentzako eremua eta ez erretzaileentzako eremua. Tabernetako jabeek euren lokaletan zer egin zitekeen aukeratzeko ahalmena izan zuten:  zenbait tabernatan debekatua zegoen erretzea eta beste batzuetan, aldiz, betiko martxan jarraitu zuten.

Beñatek (Tabakismoaren amaiera: “Impossible is nothing”) eta Alejandrok ( Barruan ezin bada, kalera irten beharko!) artikulu banatan adierazi zuten bezala, 2010. urtean lege berri bat jarriko da indarrean. Erretzaileek ezin izango dute toki publikoetan erre, tabernetan esate baterako. Beraz, zigarrotxo bat erre nahi izango duen guztiak kalera atera beharko du.

Nolanahi ere, nire iritziz, lege berri honek ez du eragin handirik izango, egongo baita beti lekuren bat arau hori beteko ez duena; ederki asko dakigu denok ez ditugula mota honetako arauak betetzen. Bestalde, ondo deritzot erretzen duen pertsonak kalera atera behar izateari; erretzen ez duen pertsona batek ez baitu zertan erretzen duen baten ke guztia irentsi.

, ,

Trackbacks/Pingbacks

  1. Tweets that mention euskaljakintza» Blog Archive » Zer dago gaur erretzeko? -- Topsy.com - 2010(e)ko apirilak 6

    […] This post was mentioned on Twitter by Maite Goñi. Maite Goñi said: [euskaljakintza] Zer dago gaur erretzeko? http://bit.ly/bZrrQ7 […]

Utzi erantzuna

-->