Abel Barriola: “Partidu bat jokatu aurretiko erritualik onena egindako entrenamendua da”

Abel Barriola Leitzan 1978ko maitzaren 18an jaiotako punta-puntako pilotari profesionala dugu. Orain, Aspe enpresan dago eta bertan atzelaria da, baina aurrelariek dituzten dohainak ditu. Aurtengo lau eta erdiko pilota txapelketan ematen ari den sekulako maila aitzakia, berarekin egon nintzen elkarrizketa interesgarri bat egiteko asmoz. Maitek kamera nola erabiltzen den azaldu ondoren, han abiatu nintzen nire ama gidari nuela Leitza alderantz. Udazkeneko egun euritsu bat zen eta Leitzarako bidean bi auto-ilara igaro behar izan genituen tarte dezentez. Bertara iritsi eta ez genuen garbi ea non geldituak geunden frontoian ala kiroldegian. Azkenean kiroldegira joan, sarreran zegoenari galdetu eta Barriolarengana eraman gintuen. Berak bere entrenamendua moztu eta nirekin elkarrizketa egiteko momentutxoa hartu zuen. Benetan eskertzekoa…

Abel eta Errobi elkarrizketa egunean Leitzako frontoian

Abel, nondik datorkizu pilotari, eta ez beste edozein kirolari mota, izateko zaletasuna?
Leitzan pilotari izateko zaletasuna edukitzea ez da zaila, herriaren historian beti izan delako kirolenganako zaletasuna. Hasiera batean, batez ere aizkolariek biltzen zuten zaletu gehien, ondoren harri-jasotzaileek eta pilotariek ere beti izan dituzte zaletuak. Baina herri honetan beti izan da kirolenganako zaletasun handia; gainera, ni txikitatik izan naiz kirol zaletua eta, horregatik, pilotan ez ezik futbolean eta beste hainbat kiroletan probatu nuen, baina gehien bete ninduena pilota izan zen.

Profesionaletan jokatutako lehen partida gogoratzen al duzu?
Bai, nola ez! Nire lehen partida Tolosako Beotibar pilotalekuan izan zen, oker ez banaiz, otsailaren 22an eta partida hura buruz-burukoa izan zen. Asegarce enpresan nengoela jokatu nuen.
 

Zure estreinako partida hartan urduri egongo zinen ala?
Bai, urduri, bai partida hartan eta bai oraingoetan ere egoten naiz. Gainera, txapelketako neurketetan eta holakoetan beti urduritasuna nabari dut, eta iruditzen zait urduritasuna zerbait normala eta, aldi berean, ona ere badela.

Pilotako zein modalitate duzu gustukoen: buruz burukoa, binakakoa ala lau eta erdikoa?
Bat aukeratu behar banu, nire emaitzarik hoberenei begiraturik, lau eta erdikoa eta buruz burukoa aukeratuko nituzke; izan ere, banakakoan bi finaletan izan naiz, 2002 eta 2007an, bat irabaziz eta bestea galduz. Hala ere, binakakoa ere gustuko dut.

Abel BarriolaZein izan da zure bizitzan jokatu duzun partidarik onena?
Partidarik onena ez dakit zein izan den, baina partidu on asko jokatu ditut, oso txarrak ere bai. Denetik pixka bat. Bat aukeratzekotan, ez nuke jakingo zein aukeratu; izan ere, partida askotan gozatu dut.

Partidu bat jokatu aurretik ba al duzu mania edo erritualik?
Ez, ez daukat, baina uste dut partidu bat jokatu aurretiko erritualik hoberena aurretik egindako entrenamendua dela. Azken finean, txapelketako partida jokatzea azterketa bat egitea bezala da. Adibidez, azterketa batera ongi ikasirik joaten bazara, azterketan urduri egongo zara, baina segurtasun bat duzu. Bada, pilotan berdin-berdin izaten da: aurretik ondo entrenatu baduzu, normalean partidua jokatzeko garaian ondo ibiliko zara.

Ze entrenamendu mota egiten duzu neurketa garrantzitsu baten aurretik?
Normalean, eskuz banaka izaten dira entrenamendu gogorrenak eta txapelketa hasi baino bi hilabete lehenago hasi ohi gara. Gehien prestatzen duguna buruz burukoa da eta bi hilabete eta erdi lehenago hasten gara entrenamendu fisikoarekin eta frontoikoarekin. Denetik lantzen dugu: lehenengo jasapena edo “fondoa” indarra lortzeko, ondoren abiadura lantzen dugu eta, azkenik, denetik pixka bat egiten dugu. Hori da pilotak duena, kirol osoa dela, eta horregatik, arlo dezente zaindu behar dira.

Pilota munduan ba al duzu anekdotarik?
Anekdota txiki asko, baina handirik orain ez dakit zein esan. Beharbada anekdotarik handienak ezagutzen ez dituzun pertsonengandik etortzen dira. Askotan nire etxera, animozko, zorte ona opa dizuten gutunak iristen zaizkit eta ezezagun batek horrelakoak bidaltzeak poz handia ematen dit eta bete egiten nau. Zaletu horrek eragozpenak hartu dituelako gutun hori idazten.

Zure burua faboritotzat jotzen al duzu lau eta erdiko txapelketa honetarako?
(Abelek barre egiten du) Bada, orain lau pilotari -Titin III, Martinez de Irujo, Olaizola II eta ni- gelditzen gara eta gutako batek irabaziko du txapela. Ahal dudan guztia entrenatzen saiatuko naiz, eta, gero, frontoiak esango du zeinek jarriko duen txapela, hala ere, gaudenetatik edonork irabaz lezake.

Lau eta erdikoa bukatu ondoren, zein asmo duzu?
Finalera iritsiko banintz, oxala, abenduaren 2an izango da, asko jota 9an; beraz, binakako txapelketa hasi arte hilabete eskas geratuko da. Horrela, lau eta erdikoa bukatzean, buru-belarri binakako txapelketa prestatzen hasiko gara pilotari guztiok. Gainera, eguberriak helduko dira eta partidu asko jokatzen ditugu. Enpresek txapelketa ez diren torneo batzuk prestatzen dizkigute eta horietan egotea espero dut. Torneo hauek binakako txapelketa prestatzeko ondo etortzen dira.

Abel eta Errobi elkarrizketan zeharBeste arlo pertsonalago batera pasaz, jakina da pilotari askok ehiza duela zaletasun, baina zeintzuk dira zure zaletasunak?
Horretan ere ni ez naiz oso originala eta ehiza ere gustatzen zait. Baina ehiza baino gehiago mendia, onddo bila joatea, txakurrarekin ehizara ez bada paseatzera joatea, arrantza, etab. egitea gustatzen zait; betiere, mendiak ematen duen lasaitasuna aprobetxatzea.

Pilotariak duzuen fama eta ospearekin ligatzen al duzue?
(Abelek barre egiten du) Egia da telebistan ateratzen dena beti ezaguna dela eta nahiz mutil, nahiz neska gehiago hurbiltzen direla, baina ez nuke esango gehiago ligatzen dugunik.

Eta, bukatzeko, zein gomendio emango zenioke pilotan hasi behar duen bati?
Nire gomendioa kirol bezala har dezatela eta bertan goza dezatela da; azkenean, kirolak gauza on asko dituelako, bizitzeko modu sano bat delako, bertan asko ikasten delako eta norberaren burua ezagutzen laguntzen duelako. Eta dena ez dela profesionaletara iristea, kirola egitea aukera oso polita dela eta hortik, profesional izateko aukera badago, hortaz baliatu beharra dago.

Abel, eskerrik asko elkarrizketa egiteko tartea hartu duzulako.

Blogariok, espero dut elkarrizketa interesgarri gertatu izana. Ez nuke amaitu nahi esan gabe aurtengo lau eta erdiko txapelketa Abelek irabaziko duelako itxaropena dudala, are gehiago Olaizola II.aren aurka atzoko garaipena ikusi eta gero. Besterik gabe, hemen duzue elkarrizketa bideoan oso-osorik.

[kml_flashembed movie="http://video.google.com/googleplayer.swf?docId=554707364119206640" width="400" height="326" wmode="transparent" /]

8 Responses to Abel Barriola: “Partidu bat jokatu aurretiko erritualik onena egindako entrenamendua da”

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.